'Antzerkiaren Zazpi Kaleak' Bilbon
2006-07-10 02:00 KultureaBilboko Kalealdia, VII. Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren barruan, kaleko antzerkia, musikea, dantzea eta bestelako arte adierazpideak izango dira Bilboko Zazpi Kaleetako lau plazatan garagarrilaren 11tik 13ta bitartean.
Bilboko Kalealdia, VII. Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren barruan, kaleko antzerkia, musikea, dantzea eta bestelako arte adierazpideak izango dira Bilboko Zazpi Kaleetako lau plazatan garagarrilaren 11tik 13ta bitartean.
Plaza Barria eta Donejakue, Unamuno eta Arriaga plazak eszenatoki bihurtuko dira 18:00etatik 22:00etara bitartean eskainiko diran hemeretzi antzezlanak aurkezteko. Edozelan be, azken ikuskizuna, Gaitzerdi Teatroa konpainiaren 'Kulunka' izenekoa, garagarrilaren 13an egongo da ikusgai, gaueko 22:00etatik aurrera, Arriaga plazan.
Egitarauari erreparauta, Royal de Luxe-La Gran Reyneta talde frantsesa izango da egunotako protagonista nagusia, 'Roman Photo' ikuskizunagaz. Royal de Luxe kale-antzerkiko konpainia da, Jean-Luc Courcoult-ek 1979an sortutakoa. Frantziako kaleko arteen panorama upealako indarra eta eragina izan eban 80aren hamarkadan, eta horren ondorioz, konpainia honek darabilen estilo surrealista, kosmopolita eta liluragarria nagusituz joan zan. Royal de Luxe benetako herri ikono bilakatu da ikuskizun bakotxaren kalidade eta aberastasunari esker, eta ikuskizun honegaz mundu osoan ibili da. ‘Roman Photo’ izenburuko ikuskizunaren ardatza plazatxo batean egin beharreko fotonobela baten grabazinoa da.
Beste proposamen interesgarri bat, 'Sienta la Cabeza' (Plaza Barria, garagarrilak 11 eta 12, 18:30etatik 20:30etara) izenburuko ileapandegi giroko ikuskizuna izango da, musika erritmoez beterikoa. Eszenatokia apaintze-mahai batez eta ispilu batez osotuta dago, eta Fafá Francok eta Cecile Ribasek objektu fantastiko bihurtuko dabez apaintze-mahaitik atarako dabezan eguneroko objetuak, ikusleen buruei itxura bitxia emoteko asmoz. Bien bitartean, Merkuriok magia abiarazoteko musikea sortuko dau ondoan... Ganerakoa publikoak egingo dau, itxuraldaketa harrigarriaren ondoren inguruan ibiliz eta dantzan eginez eta prozesuari begira gozatuz, fantasiazko pertsonaia bihurtzen ausartzen dan ala ez pentsetan dauen bitartean.
Azar Teatro konpainiak Merimée-ren 'Carmen' obrearen moldaketa bitxia aurkeztuko dau 'Spanish BlooD' —Sangria- izenburupean, pertsonaia kopurua apur bat murriztuz eta euren rol sexualak aldatuz. Ikuskizunerako lagungarri legez, kantari liriko batek opera giroan sartuko gaitu.
Bestalde, Gaitzerdi Teatroa taldeko bilbotarrek euren azken lanetako bi aurkeztuko dabez. 'Arnasa' (garagarrilak 12 eta 13, Donejakue plazan) kristalezko arrain-ontziaren itxurea dauen esparru baten barruan antzezten da. Bertan, gizon bat eta emakume bat adostasunez eta desadostasunez betetako istorio bateko protagonista bihurtuko dira. Bigarren lana Kalealdia zarratuko dauen 'Kulunka' izango da (Arriaga Plaza, 22:00etan). Musikea da lan honetan barrikuntza bagusia, eta alor honetan, Kepa Junkera izan dabe bidelagun, bai eta zuzenean joko duen Etxak taldea be.
Debote Enbote bikotea Gorka Pereira bibotarrak (Reboteren paperean) eta Luciano Mezzotero argentinarrak (Armandoren paperean) osotzen dabe. Publikoari malabareez, akrobaziez eta umore ukutu batez gozetako konbitea luzatzen deutsen bi pertsonaia xume dira, familia osoarentzat antolatutako ikuskizun bitxi eta jostagarri batean.
Avanti Display, Xabier Larrea, Pajarito eta Infoncunbibles konpainiek eta Trapu Zaharraren 'Visa vis' izenburuko azken muntaiak osotzen dabe Antzerkiaren Zazpi Kaleak ikuskizun sorta hau.
Bilboko Kalealdiak berealdiko bilakaerea izan dau ikusleei jagokezan datuetan, eta azken edizinoetan 50.000 persona inguru joan dira, batez beste, ziklo honetako ekitaldietara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!