Gaizka Asolo: ‘badago interesik txertoa atarateko?’
2006-07-07 02:00 BarriketanTxo-Hiesa alkarteko presidentea
Bermeoko Lameran egin dogu zitea eta ordua baino lehenago heldu da Gaizka Asolo, Txo-Hiesa alkarteko presidentea. Arpegian irribarrea dauka eta begietan igarten jako biziteko gogoa. Emaztea, alaba biak eta familia beti gogoan, hiesari irabazteko indarrik ez jako falta.
1.- Bermeoko ‘Txo-Hiesa’ erakundeak ‘GIB-Hiesagaz bizi garenon XIV. Topaketak’ antolatu ditu astebururako. Ze egitarau preparau dozue?
Harrera-ekitaldiagaz emongo deutsegu hasierea topaketei. Tailerrak zelakoak izango diran aurreratuko dogu. Bost tailer daukaguz: autolaguntzinoa, sexualidadea, yoga, nutrizinoa eta andrea. Ia beti izan doguz gai bereko tailerrak baina, betiko gaiak izan arren, beti sortzen dira kontu barriak. Andreari garrantzi berezia emon deutsagu, umeakaz daukien lotureagaitik. Sexualidadea oinarrizko gaia da eta yogeak asko laguntzen dau gaixoa aurrera eroaten eta norberaren gorputza kontroletan. Nutrizinoa oso garrantzitsua da guretzat, gorputza ondo zaindu behar dogulako. Medikazino gogorra daukagu eta gorputza egunero jagon behar da.
2.- Zein da jardunaldion helburua?
Betikoa: gure artean egon, jagon eta berba egin. Beti dago gauza barriren bat, beti dator nonor istorio barriakaz eta danon artean egunean jarten gara. Azken aldian, Osakidetzak hiesak jotako gaixoakaz egin gura dauen erregistro bat da gai nagusia. Gu ez gatoz bat erregistro horregaz: sobran dakie-eta nor dan gaixoa eta zerrenda horretan egoteak ate asko zarratzen deutsoz gaixoari. Eurek dinoe datuez osotutako programa informatikoak pasahitza eukiko dauela, baina, nork dinosku guri hori guztiz sekretua dala? Bihar-etzi nonora lanera joan gura izan ezkero, zertan urten behar dau nire izenak? Datu medikoak konfidentzialak izan behar dira eta gai horreen ganean egiten dogu berba topeketetan, izan be, autonomia erkidego batzuetan hemen baino aurreratuago dagoz.
3.- Nondik dator jentea?
Euskal Herritik, Kataluniatik asko, Valentzia, Kadiz... Gehienak gaixoak izaten dira eta adituak be badatoz. Madriletik sexologo bat etorriko da berbaldi bat emoteko. Danok dakigu zelan jokatu sexu-kontuetan baina ondo etorriko jakuz adituaren berbak.
Topaketen azken egunean ondorioak laburbilduko doguz eta herriko eta inguruetako danak dagoz konbidauta. Bestalde, Gaztelugatxera be joango gara lore-eskaintzea egitera, hiesak jota hil diranak gogoan hartzeko.
4.- Ze erantzun euki dabe orain arte?
Jente askok hartzen dau parte topaketetan eta danak joaten dira bueltan oso pozik. Espainia mailan, hiesaren ganeko Bermeoko topaketak oso ezagunak dira eta gaixo gehienek ezagutzen dabe herria, entzutez baino ez bada be.
Herriko jenteak be erantzuten dau eta izara zuriak lazotxu gorriagaz eskegiten dabez balkoietan. Askotan, kanpotik datozen gaixoak baztertuta egoten dira eta euren familietan be ez dabez onartzen. Hemen, familia handi bat topetan dabe, jantzan eta kantetan ibilten gara gure guraso eta umeakaz eta jai handia egiten dogu. Horrek laguntzino handia emoten deutse eta asko gustetan jake Bermeora etortea. Emozionau egiten dira eta barriro etorteko promesea egiten deuskue. Batzuek, ganera, hilten badira euren errautsak Gaztelugatxen botateko eskatzen deuskue. Tristea izan arren, etorri izan da nonor kutxa batean sartuta.
5.- Bermeo herria, berez, Euskal Herri mailan Hiesak gogorren jo dauen herria da...
Danok dakigu zelan atrapetan dan hiesa: hartu-emon sexualetatik edota odoletik. Denpora hareetan, Bermeon droga asko eta informazino gitxi egozan. Asko sartu ziran eta jentea kanposantura joan zan zuzen-zuzen. Lotsaria da ikustea zenbat gazte dagozan Bermeoko kanposantuan.
Guk, sikeran, hareen ganerako be, zeozer egin behar dogu. Herrian zer pasau dan gogoan euki behar dogu ze Bermeok asko sufridu dau hiesagaitik.
6.- Txo-Hiesa Bermeoko erakundeak urte asko daroaz lanean gaixotasunaren ganean. Zein da zuen eginbeharra?
Txo-Hiesak eskaintzen dauen zerbitzu garrantzitsuena informazinoa da. Egunero dago zabalik alkartearen telefonoa, baita eskuko telefono bat be. Inork galderaren bat edo arazoren bat izan ezkero, gu laguntzeko gagoz. Gaixoa gaixoa dala enteretan dan egunean, nora doa ate-joka? Onena, dakienengana jotea da eta gu laguntzeko gagoz. Gugana ez dauka inork zertan etorri arpegia emonaz. Horretarako dago telefonoa, konsultea modu anonimoan egin ahal izateko. Ostean, etorri gura izan ezkero, egongo gara alkarregaz, arazorik barik; ez deusku ardura gaixoa dan ala ez... mundu honetan egunero bizi behar da eta ez da erraza.
Bestalde, eskoletan eta institutuetan berbaldiak be emoten doguz. Oso positiboa dala uste dogu baina jentea oraindino lotsatu egiten da galderak egiteaz. Beti galdetzen dabe neskak baina, askotan, isilik geratzen dira eta berbaldia amaitu ostean egiten dabez itaunak, lotsatu egiten diralako. Hori errakuntzea da.
7.- Gaixotasunaren ganeko informazinoa orain dala urte batzuetakoa baino zabalagoa izan arren, nahikoa dala uste dozu?
Ez. Guk uste dogu eskoletan eta institutuan berbaldi eta ikastaro gehiago egon beharko litzatekezala. Gaixoa orain dago eta urte askoan egongo da ze hau ez da kenduko. Gatx handia da eta ez da kenduko. Bihar-etzi zeozer urtengo dauela? Bai. Baina ez da horren arin ‘garbituko’. Horregaitik uste dogu, urtean baten sikieran, berbaldi bereziak egon behar litzatekezala. Gazteei argi eta garbi azaldu behar jakez gauzak. Horrek ez dau esan gura ezertara bultzatzen jakenik.
Askotan pentsetan dogu: berbaldia entzun ostean, etxera joan eta gurasoek galdetzen deutse zeren ganekoa izan dan ikastarotxua? Ez. Azterketak zelak egin dabezan itauntzen deutsen legez, hiesaren ganeko berbaldian zer azaldu deutsen be galdetu behar jake seme-alabei. Berba egitea garrantzitsua da ze, askotan, gazteek gurasoek eurak baino gehiago dakie! Askotan, edadekoek uste dabe semeari, alabeari, lobeari edo dana dalakoari preserbatibo bat emotea sexura bultzatzea dala eta horri errakuntzea da. Sexua beti egin da eta beti egingo da. Kontua garbi egitea da.
8.- Oraindino be, Hiesa homosexual eta toxikomanoen kontua eta gehien Afrikan jo dauela uste dau gizarteak?
Toxikomanoen kasua, zeozelan, kontrolauta dago. Toxikomanoek euren xiringak aldatzen dabez eta, gaixoa dana, bera izango da. Orain, inork ez daroa arpegian idatzita gaixorik dagoala. Ganera, askok ez dakie hiesa daukienik be, hiesak eragindako beste gaixotasun batek bultzatuta ospitalera joan eta medikuak analisi bereziak egin arte. Baina zeozelako dudea euki ezkero, analisi bereziak egiteko eskatu zeinke.
Afrikako kontua bestelakoa da. Baina, zoritxarrez, hareek, hiesaz gan, hainbat arazo gehiago daukiez eta gatxa da han hiesari aurre egitea. Jateko eta edateko ezer ez badaukie, zelan osatu gaixotasuna? Sikeran geure artean laguntzen bagara... hori be zeozer da.
9.- Gizakiok ganerakoen arazoak urrunetik ikusteko jokerea daukagu. Badago alkartasunik?
Bai. Bermeori beti tokau jako gehiago. Hemen, gitxi asko, danori tokau jaku. Bardin deust nonork ezetz esaten badau be. Edo etxekoa, edo auzokoa, edo familiakoa edo ezaguna... danek daukie bateren bat kanposantuan edo gaixorik. Alkartasuna egon badago baina oraindino, asko eta asko begira geratzen jakuz. Jarrera hori ez da egokia ze, mundu honetan, alkarreri laguntzeko gagoz eta hiesa ez da horren erraz desagertuko, hemen egongo da.
Azken urteotan, gaia apur bat ahaztuta dagoala emoten dau. Sasoi batean, herriak gehiago laguntzen eban.
10.- Informazino-kanpaina nahiko egiten dirala uste dozu?
Kanpainak egiten dira, bai, baina egun konkretuetan baino ez eta hori ez da urtenbidea. Urtearen barruan gehiagotan gogoratu beharko litzatekez gaixoak, errakuntzak non dagozan aztertu eta urtenbideak topau, ostean kanpaina egokiak martxan jarteko. Gazteei zuzendutako kanpainez gan, gurasoei eta edadekoei zuzendutakoak be egin beharko litzatekez. Askotan, umea kalera doanean, ‘ondo jantzita zoaz?’ galdetzen deutsagu eta ez ‘badaroazu, badaezpada, preserbatiboa?’. Horrek ez dau esan gura sexura bultzatzen gagozanik, prebentzinora baino. ‘Ezer egiten badozu, egin garbi’ esan behar jake.
11.- Hiesak jotako lagunek arazo bi daukiez: gaixotasuna eta gizarteak eransten deutsen zamea. Zeinegaz sufriduten da gehiago?
Biakaz. Hemen, Bermeon, nonoiz nonor hiesak jota hil da eta kantzerrak jota hil dala esan dau familiak, gaixotasuna ez onartzeko. Gazteak bakarrik ez dira hilten hiesak jota, edadekoak be bai, askotan autortu ez arren. Hemen, Bermeon, kantzerrari ‘beste errekadua’ esaten deutsagu eta, askotan, bateren bat ‘beste errekaduagaz’ hil dala esan arren, danok dakigu zergaitik hil dan. Hemen, danok ibili gara itsasoan eta badakigu zer dagoan.
Hiesa oso gogorra da. Gaixorik zagozala dakizunean, asko kostetan da onartzea. Nik orain dala 17 urte jakin neban eta guztiz barruratuta daukat gaixorik nagoala. Baina ni beste urte gaixorik dagoan jente askok oraindino ez dau onartu gaixoa eta, asko, beste mundura joan dira horregaitik, gaixorik dagozala enterau ostean, ardurabakotu egin diralako. Aurrerantz egiteko gogoa euki behar da, jakinda, ganera, herrian pasau dana, ze danori hil jaku hurreko nonor gaixotasunak jota. Inguruko danak hilten ikustea gogorra da eta zeure buruari ‘niri noiz etorko jat?’ galdetzen deutsazu askotan. Baina gaur egun, medikazino arloan izandako hobekuntzea ikusita, aurrera egitea besterik ez da geratzen.
12.- Tratamentuaren eboluzinoa zelakoa izan da azken urteotan?
Lehenengo urteetan, 23-24 pastilla hartzen nebazan egunean, bakotxa beraren orduan. Baina bermeotar asko itsasoan ibilitakoak gara eta, itsasoan, hori ezinezkoa da; arrainetan zagozanean, ez dago ordurik.
Gaur egun, medikazino bera hartzeko ez da horrenbeste pastilla behar. Hori gauza handia da baina... hartu egin behar dira eta zeure gorputza jagon egin behar dozu. Batzuk uste dabe hiesa kontrolauta dagoala baina erratuta dagoz, gaixotasuna hor dago. Egunen batean txertoa atarako dabe, bai, egunen batean, baina egun hori heldu bitartean bizi be egin behar da. Askotan pentsetan dot nik: badago interesik txertoa atarateko? Farmazien munduan mila miloe euro eta dolar mobiduten dira.
13.- Zelan ikusten dozu etorkizuna?
Txo-Hiesa erakundean, esperantzatxua egon badago. Zeozer atara behar dabe ze egoerea ezin da itxi holan. Bestalde, informazino gehiago zabaldu behar da, ez bakarrik egun konkretuetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!