Roberto San Salvador: ‘Aisialdia baliabide ekonomikoakaz lotzea arriskutsua da'

Koldo Isusi Zuazo 2006-07-03 02:00   Barriketan

Galdakoztarra, Deustuko Unibersidadeko Aisialdiko Ikasketen Institutuko zuzendaria, Doktorea, historialari, geografoa eta irakaslea, aisialdiko jokera eta enparauetan aditua.

Galdakoztarra, Deustuko Unibersidadeko Aisialdiko Ikasketen Institutuko zuzendaria, Doktorea, historialari, geografoa eta irakaslea, aisialdiko jokera eta enparauetan aditua eta gaiagaz lotuta zenbait liburu argitaratu dituana. Egunotan aisialdiko jokera eta erronkak aztertzeko foroak doguz Deustuko Unibersidadean eta horreen ganean eta, oro har, aisialdiaz ondokoak kontau deuskuz:


1.- Aisia zibilizazino barrien ardatza da batzuentzat baina kutsu negatiboa (alperkeria) be euki leike lanagaz alderatu ezkero...

Aisia beti egon da gizon eta emakumeen historian. Historiaurrean eta Erdi Aroan be baegoan, sasoi guztietan, hain zuzen be. Jakina, industrializazinoagaz, aisialdiaren kontzeptua eta bizimodua bera goitik behera aldatu ziran (lana/aisia).

Azken 20 urteotan, barriro aldatu da kontzeptua, batez be, aisia lana amaitu osteko kontua baino zeozer gehiago dala konturatu garanean. Aisiak nortasun berezia hartu arren, kontraesanak be badagoz; lana versus aisia planteamentua bete-betean baztertu barik, aisiaren kontzeptu barriak sortu dira. Gaur egun, esperientzia, emozino, sentsazino edota sentimentuak merkaturatu egin dira, prest gagoz pagetako esperientzia, emozino edo sentsazino horreengaitik, azken batean, gaur egun aisia esperientzia bat da.


2.- Lan egiteko bizi horretatik biziteko lan egin horretara goaz zuzenean?

Bai. Lehen lana zan balore garrantsitsuena baina gaur egun baloreen ordena aldatu egin da; gazteen artean nabarmena da jokera hori; gazteei egindako galdeketetan, baloreen zerrendan aisia beti dago lanaren aurretik. Gazteek badakie biziteko lana behar-beharrezkoa dana baina ondo bereizten dabez lana (astelehenetik barikura) eta aisia (astegoienetan). Nire eretxiz, hori ez da ona, azken batean, lehengo ereduari (lana eta gero aisia) bueltea baino ez deutsagu emon eta barriro apurtu egin dogu biziaren zentzu integrala. Lana eta aisia buztartu, lotu egin beharko litzatekez.


3.- Aisia eta ongizatea bat ete doaz?

Nik uste dot baietz nahiz eta gaur egungo aisiaren eredu batzutan ongizate falta handia eta kontzeptuaren erabilera okerra dagoan; horren erakusgarri zenbait bidaia eta uri aitatuko neukez edota ikuskizun bihurtutako kirola. Berbarako, Aisialdi Masterreko ikasle talde bategaz oraintsu egon gara Marina d’Or proiektua ikusten eta hor ongizaterik ez da agiri inondik inora publizidade kanpainan kontzeptu hori nabarmendu arren. Higiezin-proiektu bat da eta aisia tresna bat baino ez da proiektua abiarazoteko.


4.- Aisiaren kultureak iraultzea dakar gizarteko arlo askotan eraginez, gehien, akaso, lan arloan?

Paradigma zientifiko-teknologiko osoa aldatu da. Aisiak berebiziko protagonismoa hartu dau eta aisiaren munduan bertan eta gizarteko ganerako arloetan be eragin dau. Paradigma horretan dana dago lotuta eta nik beti esaten dot mundu honetan zeozer mobiduten danean, besteek be igarten dabela. Jakina, aisiaren kultureak aldaketa handia dakar lan arloan; lanaren kontzeptua bera goitik behera aldatu da eta horregaz batera, lan egiteko modua, lan-hitzarmenak...

Beste alde batetik, etxebizitzaren eredua be aldatu egin da, izan be, aisiaren protagonismoa handia da, ia gela guztietan, telebista eta ordenadorea jarteko aukerea...


5.- Aisia eta denpora librea gauza bera dira?

Zehastasunak zehastasun, maila teorikotik kanpo aisia eta denpora librea bat dira, adituontzat, barriz, ez. Gauza bat da denpora librea eukitea eta beste gauza bat esperientzia. Denpora librea zeozertarako daukagun denpora tarte bat baino ez da baina esperientzia lortzeko denpora librea ez eze, baliabide ekonomikoak zein aisialdiko praktiketarako guneak be beharrezkoak dira. Aisialdiko esperientzietarako esparrua, denporea, baliabideak eta jarduerak behar doguz; denporea osogaietako bat da, akaso, garrantsitsuenetarikoa baina ez bakarra. Aspertuta nago esaten dogunean, denporea sobran eukiten dogulako izaten da baina esperientzia (egiteko gitxi) daukagulako, ez dago prozesurik martxan.


6.- Aisialdi mueta desbardinak dagoz baina gehien ezagutzen diranak, ludikoa eta sormenezkoa izango litzatez. Turismoa da, akaso, azken aldian indar gehien hartu dauena?

Bai, turismoak aparteko indarra hartu dau, kanpoko kultura, bizimodu eta lagunak ezagutzeko jokerea dago. Edozelan be, guk esaten dogu gaur egungo aisiaren fenomenoa lau arlotan banatuta dagoala; ludikoa (turismoa...), kulturea (sormena, irakurketea, antzerkia, musikea...), kirola eta errekreazinoa (aisialdi digitala).


7.- Gazteek alkoholagaz eta teknologiagaz (bideojokoak, Internet...) beteten ditue aisialdiko orduak...

Oinarrizko planteamentuetan ez dago gorabehera handiegirik. Gazteentzako lagunartean egotea, sozializazinoa izan da eta gaur egun be horixe da aisiaren mamina. Aldatu diranak, helburua lortzeko tresna eta bideak dira.

Beste alde batetik, teknologiak hartu-emonetarako moduetan eta komunikazinoan eragin dau (Internet, messenger-a, eskuko telefonoa...). Komunikabide eta baliabide teknologiko gehiago daukaguz gaur egun baina aurrez aurreko komunikazinoak indarra galdu dau, gaur egun gizartean bizi dogun inkomunikazinoa arduratzeko modukoa da. Guk txikitan ezagutu dogun herriko plazearen indarra galdu egin da gaur eta beste gune batzuk indartu dira, merkataritza guneak, kale zehatz batzuk, tabernak... Aldaketa horretan zer galdu eta zer irabazi dogun zehatz aztertu barik dago oraindino.


8.- Zoritxarrez, aisialdirako eskubidea ez da heltzen gizarteko sektore eta gizatalde guztietara?

Bai. Aisiaren esperientzia persona guztien esku dago, pentsaizu lurralde edo herrialde pobreenetan eta gatazka edo gerra giroan bizi diranatan be aisialdirako momentuak dagoz. Jakina, mendebaldeko aisialdiaren eredua ez da unibersala.

Hori bai egungo jokerea, hau da, aisialdia baliabide ekonomikoakaz lotzea arriskutsua da eta aisialdia erosi egin behar dala normaltzat hartzea be ez da arraroa. Aisia saltzen eta erosten bada eta ezin badozu erosi edo saldu, kanpoan gelditzen zara, aisialdi baztertzailea da hori (behartsuak, etorkinak, ezinduak...). Aisiak dimentsio asko daukaz ‘salerosketa’ horretatik kanpo eta bakotxak jakin egin behar dau denpora librea eta aisia gestionetan.


9.- Ociogune eta Ocioaldi, ikerketa eta formazino foroak doguz egunotan albiste Deustuko Unibersidadean aisiaren jokera barriak aztertzeko. Aisialdi Ikasketen erronken harian, zer esango zeunke?

Guretzat gaur egungo erronka nagusia lehen aitatutako aisialdi-esperientzia hori aztertzea izango litzateke, batez be, esperientzia mueta desbardinak zergaitik garatu diran jakiteko eta ondorioak atarateko. Gure eretxiz, aisialdia humanistea, gizakiaren alde egotea nahitaezkoa da eta hori lortzekobehar-beharrezkoa da aisialdi jokera guztien azterketa sakona.


10.- Bagilaren 26tik garagarrilaren 14ra, barriz, Ocioaldi dago martxan. Danetara, profesionalentzako 10 ikastaro eskaintzen dozuez baina zein da interes gehien sortarazo dauena?

Eskaintza zabala proposatu dogu, arlo bakotxean gaiak, ardurak eta azterbideak planteatuz, kasu batzuetan profesionalen ikastaroak eskainiz: aisialdiaren eta teknologia barrien arteko loturea, museo digitalak, aisialdia eta turismoa (parke tematikoak, enoturismoa, golf proiektuak...), eskola-kirola, kirola-hezkuntzea eta aisialdia buztarturik... Gai interesgarria da azken hau ze gazteek gero eta kirol gitxiago egiten dabe eta horren zergaitiak eta nondik norakoak ezagutzea interesetan jaku.

Edozelan be, Aisialdiko Ikasketen Institutuak (heziketea, ikerketea, aholkularitzea) 18 urte bete ditu Deustun, gorabehera asko izan dira ibilbide horretan baina gaur egun aisialdia modan dago eta gustora gabilz beharrean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu