Euskal Herriko Unibersidadeak lege-testu nagusiak euskeratuko ditu ‘Legeak-Leyes’ bilduman
2006-07-03 02:00 Euskerea berbagaiEHUk eta Eusko Jaurlaritzearen Justizia Sailak euskerearen normalizazinoa arlo guztietara zabaltzearen alde hartu eben konpromisoak dakarren ekimena izan da hau.
Euskal Herriko Unibersidadeak Espainiako ordenamendu juridikoaren lege-testu garrantzitsuenak euskeraz argitaratuko dituan ‘Legeak-Leyes’ bilduma aurkeztu dau. Ludger Mees EHUko Euskara erretoreordea, Juan Francisco Soroeta Zuzenbide Fakultadeko irakasle eta Ikasleen dekano ordea eta Josu Sagasti Eusko Jaurlaritzearen Justizia sailburuordea izan dira aurkezpenean.
EHUk eta Eusko Jaurlaritzearen Justizia Sailak euskerearen normalizazinoa arlo guztietara zabaltzearen alde hartu eben konpromisoak dakarren ekimena izan da hau. Halan da be, koofizialtasuna oso konplexua da, eta horregaitik martxa desbardinetan garatzen ari da. Justizia Administrazinoaren kasuan eta, oro har, Zuzenbide osoaren kasuan, normalizazinoak astiro-astiro egiten dau aurrera, diziplina honek berez hizkuntza eragozpenak ditualako eta erabilten dan araudia Euskal Herritik kanpoko instantzietan egina dalako, EHUko iturrien arabera.
Esangura horretan, bilduma hau aurrerapausu handia da, eta aldi berean, Justizia-organoei eta Zuzenbideko irakasle eta ikertzaileei euren lanbide-jarduerak gauzatzeko tresna erabat preziatua eskaintzen deutse.
Bildumako lehen alea Espainiako ordenamendu juridikoaren arau juridikorik nagusienaren itzulpena da, Espainiako Konstituzinoaren itzulpena, hain zuzen. Zuzenbide Fakultadeko Euskera Juridikoko Mintegia eta EHUko Euskara Zerbitzua testuak interpretau eta itzultzeko lanean ibili dira.
Argitalpen garrantzitsu hau gauzatzeko nahitaezkoa izan da zuzenbideko adar eta alor guztietako espezialisten eta hizkuntzalari adituen arteko adostasuna lortzea. Lanak buztartzen ditu, batetik, zehaztasun handia interpretazino juridikoetan eta, bestetik, hizkuntza adigarritasun eta ulerkuntzarik handienak.
Bildumako hurrengo aleak preparetan dagoz daborduko. Bigarren liburua, hain zuzen be, Lan Prozedurari buruzko Legearen itzulpena izango da eta, era berean, kontsumitzaileen babesa bermatzen daben arau nagusien testua be egiten ari dira, besteak beste, Gai akastunek eragindako kalteengaitiko Erantzukizun Zibileko Legea, Kontratazinorako Baldintza Orokorren Legea eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorra.
Horiez gain, bilduma honetan ere Espainiako ordenamendu juridikoaren oinarrizko arauen itzulpenak argitaratuko dira, esate baterako, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzeko Legea eta Botere Judizialaren Lege Organikoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!