Ibilaldia 2007: maiatzaren 21ean, Balmasedan
2006-06-30 02:00 Euskerea berbagaiBalmasedan eta Enkarterrin euskerearen alde ekin gura daben euskaltzale guztiei dei egiten deutso Zubi Zaharra Ikastoleak, herria euskalduntzeko pausuak emoteko eta Enkarterrin Ikastolako proiektu sendo bat eregiteko laguntzinoa eskatzeko.
Ibilaldia Bizkaiko Ikastolen jaia da. 1970eko hamarkadearen azken urteetan ikastolen mobimentua nabarmen sendotu eta egituratu zan, izan be, ikastola barriak sortu eta martxan egozanak nabarmen hasi ziran. Testuinguru horretan sortu ziran ikastolen aldeko jaiak. Lehenengo Ibilaldia Uribe Kostako Ikastolek antolatu eben Getxon 1978. urtean. 1980tik aurrera Ibilaldia urteroko hitzordua bihurtu da euskaltzale guztientzat. Urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere sortzeko arrazoiei eusten deutse: Bizkaiko Ikastolen jaialdia izatea, Ikastolaren Hezkuntza Proiektua ezagutzera emotea eta erronka barriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.
Ibilaldia 2007 Balmasedan izango da, maiatzaren 21ean. Zubi Zaharra Ikastolak eukiko dau 29. edizinoa antolatzeko ardurea.
‘Geroaren deiadarra’
Leloa eta logoa Balmasedako mendi esanguratsuenean oinarritu da. Kolitza mendia, Bizkaiko deiadar mendietako bat izan zan eta bertatik dei egiten zan juntetara. Garai batean mendietatik egiten ohi zan antzera, deiadar egitea da helburua; Balmasedan eta Enkarterrin euskerearen alde egin gura daben euskaltzale guztiei dei egiten deutso Zubi Zaharra Ikastoleak, herria euskalduntzeko pausuak emoteko eta Enkarterrin Ikastola proiektu sendo bat eregiteko laguntzinoa eskatzeko.
Logoak Kolitzaren perfila marketan dau; bere tontorretik deiadarra sinbolizetan daben lau izpik urteten dabe. ‘Oinarri historikoa daukan logo barria eta modernoa, gure etorkizuneko ikastolearen isla’, dinoe antolatzaileek.
Zubi Zaharra Ikastolea
Ikastola guztien antzera, Zubi Zaharra Ikastolea herriaren eraginez sortu zan 1972. urtean balmasedar talde baten eskutik. Euren seme-alabentzako euskal kulturan oinarritutako euskerazko hezkuntzea gura eben eta Zubi Zaharra Irakaskuntza Kooperatibearen izenpean hasi ziran lanean. Lehenengo gelea Klaretiar Ikastetxean zabaldu zan 25 ume eta andereño bategaz. Ordutik, lan handia egin da proiektua sendotzeko eta oraindino egiteko asko egon arren, Enkarterriko Ikastolea sendoa da honezkero.
‘Kalidadezko hezkuntza euskalduna eskaintzea da helburua’, dinoe Ikastolako ordezkariek. ‘Ikasleak baino, personak gura doguz edukau bere osotasunean, baloreetan jantziak, etorkizuneko gizarte hobe baten eragileak izango diran horreetakoak’. Horreek dira, hain zuzen be, hemendik eta maiatzera arte gogor lan egingo dabenak euskaltzaleek jai handia izateko Balmasedan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!