Bizkaia eta Lapurdi nagusi Eskolarteko Txapelketan

z 2006-06-26 02:00   Bertsolaritzea

Txomin Elosegi Hazparnekoak eta Arrate Illaro getxotarrak irabazi dabe Euskal Herriko XVIII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketea. Txikien mailan, Ane Labaka Lasartearra izan da txapeldunorde eta handien mailan, barriz, Miren Amuriza berriztarra sailkatu da bigarren.

Txomin Elosegik eta Arrate Illarok irabazi dabe Euskal Herriko XVIII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketea

Txikien maila (14 urtera arte)

Altsasun San Juan egunez jokatutako finalean, Estitxu Fernandezek bertaratuei ondoetorria emon ondoren, lehenengo zazpiek honako gaia emonda osotu behar izan eben lehen agurra: “oholtzara igotzen hasi eta horrela esan dizu entzule batek: erraza da bertsotan egitea”. Bixente Lukuk arrazoia emon eutson entzuleari: “Erranen dautsut nere buruan/pentsatzen dudana hara:/erraza da bai, bertso kantatzea/baina entrenatzen bada”. Ioar Taintak, barriz, desafioa luzatu eutson entzuleari: “ta beste ergel batek: / oso erraza da./Aizu erraza bada,/zatoz oholtzara”. Ondorengo zazpiei gai hau egokitu jaken gai-jartzaile lesakarrak: “Zuek Euskal Herriko leku zeharo ezberdinetatik zatozte. Azaldu nondik eta nolakoa den zuen herria.” Amaia Iturriotzek berehala azaldu eban bere jatorria: “Beti Urretxun nahiko gustura/pasatu ohi det eguna,/baina herria ez da aizazu/nik nahi bezain euskalduna”. Xabi Igoa eta Mikel Serrato aramaioarrek herrira konbidau ebezan entzule guztiak eta Txomin Elosegik Hazparneko egoerearen barri emon eban: “toki haietan g(er)o ta azkarrago/etortzen zaigu frantsesa/ ta bizitzeko beharrezkoa/dugu Hegoaldearen babesa.”

Ondoren lau oinak emonda bertso bana osotu behar izan eben parte-hartzaile guztiek zortziko txikian. Txapelketa eta gizarte inguruko gaiak nagusitu ziran. Imanol Uriak, esaterako, holan osotu eban bertsoa goitik behera: “Australian badaude/mila lurrikara/eta jendearentzat/hori denez traba/guk egin dezakegun/gauzatxo bat bada/ laguntza bidaltzea/guk hemendik hara”. Ane Labakak finalerako egindako preparazinoa nabarmendu eban: “Bertso-eskolan beti/nik errimak landu/ta hori gutxi balitz/ahotsa ondo zaindu/urte osoko lanak/merezi izan du/dena erakusteko/ez baita berandu”.

Jarraian ofiziokako saioak hasi ziran. Ezarritako gaiaren arabera, Ioar Tainta lagunakaz joan zan udalekuetara eta Nerea markinarra, barriz, bakar-bakarrik. Lesakarrak holan amaitu eban lehenengo bertsoa: “ta zu hor bazterrean / pelutxe batekin/askoz hobeto nago/konpainiarekin”. Nereak konpainia izateko eskea egin (“Izan al naiteke, ba,/guztion laguna?) eta Ioarrek baiezkoa emon eutson ondoren (“utzi pelutxea eta/etorri gugana”).

Ofizioakaz jarraituz, aurkezleak Bixente Luku garazitarra eta Johaiñe Sarraillet lakarriarra deitu ebazan. Lukuk zinemako izarra izan nahi eban nagusitan; Johaiñek, ostera, ez eban ezaguna izan nahi. Bixente hasi zan galdezka: “Ez al duzu Johaiñe/izar bat izan nahi?/Fama badute eta/sos anitz ere bai.” Sarrailletek argi eukan erantzuna: “haboro nahi nuke/auto eder bat uken.”

Gerora eskolartekoa eskola artera zuzendu zan. Irakasleak eskolatik alde eginda, Mattin Lukuk ikaskideak zaintzeko ardurea hartu eban, baina Josu Sanjurjo berbetan egoan eten barik. Mattinek serio esan eutson: “Utz ezazu kantua/utz zazu josteta/edo bestela noa/makilaren xe(r)ka.” “Irakaslea joan da, probestu beharko” erantzun zion lesakarrak eta garazitarrak abisu serioagoa egin eutson: “Kasu, ospitalera/igorriko zaitut.”

Ondoren, Estitxu Fernandezek jarritako gaiari jarraituz, Xabi Igoak mendira joan nahi eban Txomin Elosegigaz, baina Hazparneko gazteak ez eukan ohetik urtetako asmorik. Xabik “Jaiki zaitez ohetik/igandea da ta.” bota eban azken puntuan eta Txominek ezin hobeto gitxietsi eban mendirako plana: “Zergatik igo behar/ondoren jaisteko?”

Ofizioak amaituta, lehian jardundako 14 bertsolarietatik 6 sailkatu ziran azken atalera: Txomin Elosegi, Amaia Iturriotz, Ximun Cazaubon, Ane Labaka, Johaiñe Sarrailet eta Bixente Luku.

Izenak iragarri eta berehala, bertsolariek berba bana emonda bertsoa osotu behar izan eben. Ane Labaka berehala hurreratu zan mikrofonora. SINADURA berbea egokitu jakon eta holan kantatu eban, gai-jartzaileari begira: “Oholtza gainean mikro aurrean/oraintxe nago gustura/hainbeste amestu dudan lekua/gaurko honetan heldu da/Estitxu daukat aldamenean/a ze nolako lilura!/nire aitatxok eskatu dit ta/gero eman sinadura.”

Zortziko handiko ofizioen atalean, Johaiñe Sarraillet eta Txomin Elosegiren saioa nabarmendu zan: “San Juan bezpera eta ohikoa den bezala, sua egin eta bere inguruan zaudete. Nahigabe, ordea, ondoko zelaiak ere su hartu du, eta hor zaudete, ez dakizuela zer egin.” Sarraillet holan hasi zan: “Soroak oro hartu ttu segur/barda San Juaneko süak,/soroak barnan bazen gorderik/hogoita hamabost aha(r)iak/su hortik segur eskapatzeko/egin dituzte bidaiak,/suak hartu eta/erre ditu bai/aha(r)i ho(r)ien beharriak.” Ximunek erantzun borobila emon eutson: “Sua itzaltzen saiatu gira/gau luze honetan zehar/baina kiskaldu dira jadanik/etxe batetan bi zahar/ene ondoan berriz badaude/ehun pertsona hiltzear/Johaiñe sua itzaltzeko ez/zen ezantza bota behar.”

Epaimahaiak txapelduna erabagi bitartean parte-hartzaile guztiek azken agur bana kantau eben eta holan amaitu zan goizeko saioa. Bazkaltzera joan aurretik, Estitxu Fernandezek Txomin Elosegi eta Ane Labaka izentau ebezan 2006ko txikien mailako txapeldun eta txapeldunorde, hurranez hurran.

Handien maila (18 urtera arte)

Iñigo Aritza ikastolan bazkaldu ondoren, 15-18 urte bitartekoen finala arratsaldeko laurak pasatxo hasi zan. Danetara, hamaika bertsolari azaldu ziran oholtza gainera; Nafarroa Beheretik parte-hartzaile bakarra eta zuberotarrik ez, oraingoz.

Agurretatik saio ona atzemon eitekean, bost neska eta sei mutilak dana emoteko prest azaldu baitziran. Agur landuak eskaini eutsezan Burunda pilotalekuko entzuleriari eta deigarria izan zan doinu barri eta berezien erabilerea.

Estitxu Fernandezek lehenengo gaia jarri eutsen Maddalen Arzallus eta Arrate Illarori, zortziko nagusian bina bertso osotzeko. Portuan itsasora urten ezinik egozan arrantzaleen papelean jarri ebazan. Hendaiarrak deskribapen polita egin eban: “Arrain freskoak saltzen ditugu/oihukatzen dugu ozen,/baina arrainik ez daukagu gaur/ta ez dugu ezer saltzen./Hementxe gaude sare tartean/zer egin behar pentsatzen,/zoritxarrean, arrainik ez da/begiekin arrantzatzen. Illaro bizkaitarra, ostera, ez egoan horren triste: “Eguraldia guretzat txarto/ nekazarientzat ondo,/gazte garaitik egin ditugu/itsasora hainbat txango./Horrenbeste be ez dut sufritzen/ez dut gezurrik esango/ez dut arrainik jan behar baina/itsasoak ez nau jango.”

Patxi Iriart eta Alazne Untxalo alkarregaz suertau ziran ondoren. Gaia: “Herriko etxe huts bat gaztetxe bihurtu nahi duzue. Bertara sartu eta lehenbiziko gaua duzue hau. Lo hartu ezinik zaudete.” Uriburuko mutilak gaztetxea Herriko etxean, udaletxean, kokatu eban lehen bertsoan, Alazne Untxalok ez bezela. Bigarren bertsoa holan bota eban Patxik: “Baina ni ez naiz ontsa sentitzen/joan nahi nuke iheska/politikoen usain zikinak/sentitzen baitira eta.” Alaznek urtenbide ona topau eban: “Sumatu duzun usaia izango/da nire galtzerdi usaia”.

Zortziko handiena amaituta, zortziko txikien atala hirukote bategaz hasi zan. M. Arzallusek, O. Aizpuruak eta H. Iruretagoienak egoera honetan kantau eben: “Elkar ezagutzeko deialdi zabal edo kolektibo bati erantzunez bertaratu zarete eta zuek hirurak bakarrik elkartu zaretela ohartu zarete.” Oierrek holan hasi eban bertsoaldia: “Hiru gerala eta/zertan egin negar/behintzat ezagutuko/ote gera elkar.” Maddalenek, barriz, ez ebazan ezagutu gura: “Nahiago dut hauekin/bate ez saiatzea/hobe dut zarauztarrik/ez ezagutzea.” Hodeiri iruditu jakon hiru be asko zirala: “Benga Oier etxera/egin zazu buelta/nik o(ra)in bakarrarekin/nahikoa det eta.” Segidan, Oierrek mahukapeko jokoari ekin eutson, bertso eder honegaz: Bidali egiten nau/mutilak aibala/sexuan gertatzen da/musean bezala, pareja ona edo/esku mundiala/ta argi dago gaurkuan/bat ere ez dala.” Kontuak orgia proposamenagaz amaitu eban, Arzallusen aldetik: “Orgia bat egiten/saiatuko gara.”

Ondoren, Arrate Illaro golfista eta Miren Amuriza baserritar bizkaitarrak aritu ziran alkarregaz. Baten golf zelaia heze eta berdea zan eta bestearen abereentzako larrea, aldiz, lehor eta idorra. Illarok errua bota eutsen baserritarraren ardi eta behiei, baina Amurizak bueltan bialdu eutson arrazoia: “Korta beterik daukat/oraindik gainera/nire behiak botako/dizkizut larrera”. Arratek azkar garbitu ebazan eskuak: “Baina ze txorakeri,/entzun nire hitza:/zuk aukeratu duzu/baserri bizitza.” Amurizak, ostera, harrituta jarraitzen eban golf zelaira begira: “Dena daukazu berde/loretxoz gainezka/plastikozko belarra/izango da, ezta?”

Mizel Mateo eta Jagoba Apaolaza senide bihurtu ebazan ondoko gaiak: “Zuk, Jagoba, marihuana landare bat ekarri duzu etxera. Mizel amona galdezka hasi zaizu, zer ote den.” Amonari oso polita iruditu jakon landarea: “Balkoian edergailu/gisa emanen dut.” Jagoba landarea definiduten saiatu zan: “Hau alaitasunaren/landarea da ta.” eta amona Mizel sukaldean erabilteko gertu azaldu zan: “ta sukaldaritzako/baliorik ba al du?”

Zortziko txikiko ofizioakaz bigarren atalerako galbaheak bost bertsolari aukeratu ebazan: Maddalen Arzallus, Miren Amuriza, Arrate Illaro, Mizel Mateo eta Patxi Iriart. Danei honako kartzelako lana ezarri jaken: Puntua: Ama Lurrak badaki gogor erantzuten. Gaia: “Zure lurraldean lurrikara gogor bat izna da. Ordu pare batez etxetik ataera ezinik egon ondoren, une honetan lortu duzu atea zabaltzea eta kanpora zoaz”.

Arrate Illaro algortarrak holan osotu eban lana:

Ama Lurrak badaki
gogor erantzuten
ta guk berriz sarritan
ez dugu entzuten.
Gure munduan gabiltz
sartu eta irten
ikasi behar dugu
kasurik egiten.

Arrate Illaro:

Etxe barruan sartuta egon naiz
guztia baretu arte,
etxe barruan sartuta egon naiz
mundu hortatik aparte.

Gizaki batek egiten duen
kaltea ez dago merke,
ez dakit ziur atera edo
etxean geratu tente:
zoriontsua egingo nauen
bakarra izan daiteke.

Gizakiaren botere oro
ezin da gorde betiko,
ama naturak esan ezean
pertsonarik ez da hilko.

Gaur esan digu: haserretu naiz
zigorra doa ta kito.
Kanpora irten ta hilda egongo
dira ehundaka mutiko,
baina badakit honekin ere
ez dugula ikasiko.

Miren Amurizak be lan txukuna egin eban bakarkakoan:

Gure herria mundu osoan
omen da orain notizi,
euria eta haize boladak
batera dira iritsi.

Guztia behar dugu hemen, baina
gaurkoz behintzat ezer gutxi.
Dena hautsia, dena lurrean
hemen ezin inork bizi:
atea ireki egin dut baina
esperantza denak itxi.

Bizi direnak justuan daude,
zendutakoak ugari,
baina guzti hau merezi dugun
galde behar zeruari.

Mirari handi bat behar genuke
ama lurraren opari,
mundu osoan berdina denez
guztiok dugu nabari:
zorriak errez joaten zaizkio
gosez dagon txakurrari.

Era berean, azpimarratzekoa da Mizel Arzallusen puntu erantzuna:

Ama Lurrak badaki
gogor erantzuten
Eta lurrikar batzu
dizkigu emaiten,
jendeak katastrofeak
baititu jasaiten
eta ez da deusentzat
gaur euri egiten.

Epaimahaiak puntuak batzen ebazan bitartean bertsolariek azken agur bana eskaini eben bertaratutakoei eskerrak emonez. Agurren ondoren, Estitxu Fernandezek arratsaldeko saioko txapelduna eta txapeldunordea iragarri ebazan: Arrate Illaro eta Miren Amuriza, hurranez hurran, eta puntu erdira alkarrengandik.

Sari-banaketaren ardura Erramun Osak izan eban baina aurretik zazpi lurraldeen eta bereziki Zuberoaren presentzia nabarmendu eban haur eta gazte bertsolarien txapelketan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu