Big Brother Mexiko-AEB mugan
2006-06-23 02:00Etorkin oldeari aurre egiteko, Mexiko eta Kaliforniaren (AEB) arteko mugan ehunka kamara jarri dabez estadubatuarrek. Norberaren etxetik, ordenadorearen pantailearen aurrean, eskuan garagardaoa daukagula eta filmetako polizia ausarten papelean sartuta, zeozer susmagarria edo arraroa ikusi ondoren, dobaneko telefono batera deitu geinke abisua emoteko. Internautak izango dira ziber-poliziak.
Mundua betidanik bananduta egon da, bananduta baina ez erdibananduta. Beti egon dira gizarte aberatsak, herri aberatsak, ekonomia aberatsak eta, horreen aurrean, gizarte, herri eta ekonomia pobreak.
Desbardintasun horreen ondorioa da XXI. mendeko fenomenoa: inmigrazinoa. Egia esan, fenomeno hori betikoa izan da, hor dagoz artzain euskaldunak Ameriketan edota Australian eta etorkinez osoturiko herri modernoak, Estadu Batuak edota Argentina, berbarako. Halanda be, gaur egun desbardintasun nabarmen bat dago: herrialde aberatsek mugak zarratzen dabez etorkinei pasetan ez ixteko.
Estadu Batuetan be ‘arazo’ bera daukie. Hara joan gura daben gehienak Hego Ameriketako herrialdeetako etorkinak dira, gehienak mexikarrak. Jakina, 1.600 kilometroko mugea daukie herrialde biek eta mugearen alde batean edo bestean egoteak alde nabarmenak daukaz. Milaka etorkin dagoz Estadu Batuetan lanean eta amerikarren ekonomiaren oinarri garrantzitsua dira. Hor dagoz, baita, azken hilebetean izandako manifestazinoak etorkinen eskubideak aldarrikatzeko.
Halan da be, Estadu Batuetako gobernuak Mexikogaz daukan mugea ondo babestu gura dau. Horretarako, poliziez gan, porlanezko hormak eregi dabez (batez be Kalifornian).
Baina ideia barriak be otu jakez bertako agintariei. Oraingoan, bost miloe dolar (eurentzat, huskeria) gastauko dabez. Zertan? Mugan ehunka kamara iminteko, batez be gune beroetan eta etorkinek egiten dabezan bideetan. Eta zer egiteko? Telebisten aurrean polizia bat imini beharrean, irudiak Internetera pasauko dabez eta internautek egingo dabez zaintzale lanak. Norberaren etxetik, ordenadorearen pantailearen aurrean, eskuan garagardaoa daukagula eta filmetako polizia ausarten papelean sartuta, zeozer susmagarria edo arraroa ikusi ondoren, dobaneko telefono batera deituko dogu abisua emonez. Internautak izango dira ziber-poliziak.
Irudiak Interneten jarrita, milaka begi egongo dira hegoaldeko etorkinak jagoten. Askok eta askok orduak emongo dabez lan horretan, akaso beste egitekorik ez dabelako izango. Hemendik, nire proposamena luzatuko neuskie: mugan iminiko dabezan kamaren alboan benetako pistola bat be jarri, gure ordenagailuko joy-stick dalakotik gobernetako modukoa; holan, etxeko ordenadorean gizarajo ‘susmagarriren’ bat ikusten dogunean, tiro egiteko aukerea izango dogu Intro bat sakatuta eta gero gelditzeko eskatuko deutsagu. Ala alderantziz zan?
Gure Obelix-ek esaten dauen legez: ‘erromatar honeek zoratuta dagoz’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!