Joaquín Arévalo: ‘Bolantean, edukazino faltea itzela da’
2006-06-23 02:00 BarriketanReal Automovil Club Vasco Navarro alkarteko presidentea
Garagarrilaren 1ean ezarriko da puntukako gidabaimena. Danok entzun izan doguz gaiaren nondik-norakoak, baina, zenbat puntu kentzen deuskuez uriburuan segurtasun-uhalik barik gidatzeagaitik? Bi. Hasieran eukiko doguzan 12 puntuak (gidari hasibarriek 8 izango dabez) galdu ezkero, barriro auto-eskolara. Gitxika-gitxika galdutako puntuak berreskuratzeko be, auto-eskolara. Beti be, zelan ez, dirua tartean. Bestela, urte bitan arauak zorrotz errespetau beharko doguz puntutxu horreek modu automatikoan lortzeko.
Araudia oso-osorik ikasi eta aplikau beharko dogu gidariok, orain arte ‘betiko’ lortzen genduan baimena galdu gura ez badogu behintzat. Bitartean, Euskadiko eta Nafarroako RAC erakundeko presidente Joaquin Arevalok beraren eretxia emon deusku gaiaren ganean.
1.- Zein da puntukako gidabaimenaren helburu nagusia?
Lehenengo eta behin, istripuak murriztea eta, horregaz batera, zelan ez, errepideetan hildako gitxiago izatea. Euskadin, hildakoen kopuruak behera egin dau nabarmen azken aldian baina oraindino asko dago egiteko. Neurri zorrotzek eragina izan dabe eta istripu-maileak behera egin dau baina oraindino kopurua altuegia da eta oso garrantzitsua da neurri horreekaz jarraitzea. Baina neurri horreek, gidarien kontrakoak izateaz gan, Administrazinoen kontrakoak be izan behar dira. Bideetan, hobetu beharreko hainbat gauza dagoz. Zoritxarrez, leku askotan dagoan seinalizazinoa ez da egokia.
2.- Gidariok zigorren bidez baino ez dogu ikasten?
Nire eskola garaietan hori erakutsi eusten. Ez leuke holan izan beharko baina zorroztasuna ezinbestekoa da. Motibazino berezia behar dogu ze edukazinoagaz ez da nahikoa. Denporeak aurrera egin ahala, bide-hezkuntzea ez dala eraginkorra ikusi da. Horren adibide garbiena Frantzian topau geinke. Bertan, urte asko daroez puntukako gidabaimenagaz baina denporalditxu batean polizien jarduna bigundu egin zan eta hildakoen kopuruak nabarmen egin eban gora. Orduan, zigorrak zorroztasunez apliketan hasi ziran eta urtean 32.000 gidabaimen kentzetik 78.000 kentzera pasau ziran. Orain, askosaz be jarrera gogorragoa daukie eta hildakoen kopuruak behera egin dau.
3.- Zer dinozu bide-hezkuntzearen ganean?
Oso garrantzitsua da. Dana dakigula uste dogu baina, arauak jakin arren, ez doguz behar dan legez apliketan. Arauak apurtzen dabezanei ez deutse autoa gidatzen erakutsiko, seinaleak, errepidearen egoerea, ganerako gidariak... kontuan hartzen baino. Bidean ezin daiteke edozelan ibili eta horretaz konturatu behar dira gidariak. Badakigu batzuek euren askatasunaren kontrako neurri legez hartuko dabela puntukako gidabaimena baina, zorionez, gitxi batzuk baino ez dira izango. Norberaren askatasuna bestearena hasten dan lekuan amaitzen dala ez dogu ahaztu behar.
4.- Galdutako puntuak berreskuratzeko egin behar diran ikastaroak ez ete dira gitxi batzuentzako negozio hutsak?
Ikastaroak egokiak dirala uste dot eta gero eta auto-eskola gehiagotan egin ahal izango dira. Normala da auto-eskola horreek dirua irabaztea, dirurik barik gitxik egiten dabelako behar. Prezioak egokiak dirala uste dogu (170 eta 240 euro bitartean) eta, nik, behintzat, ez daukat eskolarik hartzeko asmorik. Punturik galtzen badot, urian izango da, autoa behar ez dodan lekuan ixteagaitik. Orduan, hurrengo urte bietan dana ondo egiten ahaleginduko naz puntutxu horreek ikastarorik egin barik lortzeko. Jarraibide egokia dala uste dot.
5.- Zergaitik gara horren agresiboak bolantean?
Futbolean legez... (barreak). Akaso, autoan goazenean, barruan daukagun indarkeria ataraten dogu kanpora, egoereak bultzatuta. Estresa, bikoteagaz arazoak, arazo ekonomikoak... horreek guztiak bolantean goazenean ataraten doguz. Kontuan hartu behar da gidatzea segunduro erabagiak hartzen egotea dala eta gidaria ez badago ondo, istripuak jazotea errazagoa da.
Bolantean, edukazino faltea itzela da. Bidea danona da eta askotan ahaztu egiten jaku hori. Autoan goazenean, gure etxean gagozala uste dogu eta hori ez da holan. Oinarrian, edukazino faltea dago.
6.- Nork aplikauko dau legedi barria?
Orain arte eskumen hori izan dabenek aplikauko dabe araudia. Baina guk geuk be kontrolau beharko geunkez arau urraketak eta adi-adi gidatu. Idealena eta logikoena hori litzateke baina, askotan, despisteak egoten dira, normala dan legez. Horregaitik, lege-urraketa horretan atrapetan deuskun poliziaren esku egongo da zigorra, nahita egindakoa dan eta arrisku-mailea neurtuko dituana. Halanda be, legea hor dago.
7.- Eraginkorra izango dala uste dozu?
Bai. Erabat. Konbenziduta nago. Konbenziduta. Ganera, ez ni bakarrik, gidarien % 90 be konbenziduta dago. Automobilisten kluba izan arren, askotan abiadura-mugak handitzearen alde gagoz. Errepidearen maileari eta egoereari egokitutako abiadurearen alde gagoz. Askotan, 120 km/h-ko mugea egon arren, euria bada, abiadura hori ez da egokia. Legea beteten zoaz, bai, baina ez modu egokian. Alemanian, berbarako, abiadura-mugarik egon ez arren, euria danean ezin da joan 90 km/h baino gehiagoko abiaduran.
8.- Abiadura-muga zorrotzak egonda, zergaitik fabriketan dira horren auto indartsuak?
Galdera hori egiten deutsat askotan neure buruari. Kontu garrantzitsu bat dago: potentzia handiko auto batek potentzia gitxikoak baino aukera gehiago daukaz arrisku egoera batetik urteteko. Hori argi dago. Potentzia handiko autoek segurtasun-aplikazino gehiago daukiez eta gidaria seguruago doa. Horrek ez dau esan gura gidaria arinago joan behar danik. Baina potentzia handiko autoek denpora gitxiago behar dabe abiadurea hartzeko eta, horri esker, gehiago korriduten dabe eta bide generaletik Bilbotik eta Gasteizera egindako ibilbidean 10-15 minutu lehenago hel daitekez. Hori bai, minutu horreek, askotan, ez dabe ezertarako balio, baina bakotxaren harrotasunak garrantzia izaten dau eta danok daukagu harrotasun puntu hori.
9.- Potentzia handiko autoak gidatzeko lizentzia berezia beharko litzatekela uste dozu?
Bai. Beste herrialde batzutan, Austrian berbarako, gidabaimena emoten dabe baina lehenengo sei hilabeteetan ezin dabe % 100ean gidatu. Denpora horretan ikastaro bereziak egin behar dira, izotzaren ganean, mendiko bideetatik... Orduan, ikastaro horreek gaindituta, gidabaimena lortzen dozu.
Baina lizentzia berezia lortu behar izatea, akaso, norberaren askatasuna murriztea izango litzateke. Izan be, gidari barriek puntukako gidabaimenagaz 8 puntu baino ez dabez izango gidabaimena lortukeran eta hiru urte pasau beharko dira 12 puntuak lortu arte. Ganera, alkohol mailea be bajuagoa daukie eta abiadura-mugea be bai.
10.- Ze ezaugarri euki behar dau gidari eredu batek?
Gidatzerakoan, konzentrazinoa ez galtzea. Gidatzerakoan, hainbat faktorek eragiten dabe eta horreek danak kontrolauta eukitea oso gatxa da. Horregaitik, autoan sartzen garanetik konturatu behar gara gure bizia eta ganerakoena arriskuan jarten gagozala. Hori ez da sekula ahaztu behar.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!