Aurten lehenengo aldiz Zuberoako ordezkariak izango dira Eskolarteko finalean: Gillen Nageloua eta Johañe Sarraillet
2006-06-20 02:00 BertsolaritzeaLehen aldiz, euskal lurralde guztiek izango dabez ordezkariak Euskal Herriko XVIII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean (Bagilaren 24an, Altsasuko Burunda pilotalekuan).
Lehen aldiz, euskal lurralde guztiek izango dabez ordezkariak Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoak Euskal Herriko Bertsozale Elkartegaz lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XVIII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean (Bagilaren 24an, Altsasuko Burunda pilotalekuan).
Txapelketako finalean, txikien mailan parte hartuko dabe Gillen Nageloua, Urdiñarbekoak eta Johañe Sarraillet, Lakarrikoak eta eurekaz batera, Bixente eta Mattin Luku izango dira Nafarroa Beheretik eta Ximun Cazaubon eta Txomin Elosegi Lapurditik. Nafarroatik Ioar Taintak eta Josu Sanjurjok kantauko dabe, Amaia Iturriotzek eta Ane Labakak Gipuzkoatik, Nerea Ibarzabalek eta Imanol Uriak Bizkaitik eta Mikel Serratok eta Xabi Igoak Arabatik.
Txikien finala goizeko 11:00etan hasiko da eta arratsaldeko lauretan, barriz, handien mailako saioa. Maddalen Arzallus eta Patxi Iriart izango dira Lapurditik, Mizel Mateo Nafarroa Beheretik, Alazne Untxalo eta Aitor Arangoa Nafarroatik, Miren Amuriza eta Arrate Illaro Bizkaitik, Izar Mendiguren eta Jagoba Apaolaza Arabatik eta Oiar Aizpurua eta Hodei Iruretagoiena Gipuzkoatik.
Urteak dira bai Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoa, bai lurraldeetako alkarteak Euskal Herriko ondare kulturalaren parte dan bertsolaritzea lantzen hasi zirala. Horri esker, ahozko tradizino euskaldunaren adierazpide nagusia gaur egun presente dago euskal lurralde guztietan. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa haur eta gazte bertsozaleen pizgarri eta bertsolaritza irakasleen akuilu ez eze, bertsolaritzearen etorkizuna ziurtatuko dauen jai handia izateko be sortu zan. Holako egunek urte osoko lana dabe oinarri, astero-asteroko bertso-eskoletatik hasi eta txapelketen antolaketak dakartzan zereginetara, tartekorik ahaztu barik.
Daborduko, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketeak 18 urte ditu, eta ume eta gaztetxu euskaldunen artean euskal kulturea eta hizkuntzearen erabilerea sustatzeaz gan, ekitaldiak bertsozale eta euskaltzaleentzako topagune izan nahi dau eta herrialde osoko ikastolek eta bertso-eskolek egiten daben lana bultzatu nahi dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!