Euskaltzain osoak 75 urtera heltzen diranean, euskaltzain emeritu bihurtuko dira

Bizkaie! 2006-06-19 02:00   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren arautegi aldaketea indarrean sartuko da Estaduko Aldizkari Ofizialak argitaratzen dauen momentuan eta hori laster izango da, izan be, joan dan barikuan -bagilak 16- Madrileko Ministro Kontseiluak Akademiak egindako arautegi aldaketa-proposamena onartu eban.

Euskaltzaindiaren arautegi aldaketea indarrean sartuko da Estaduko Aldizkari Ofizialak argitaratzen dauen momentuan eta hori laster izango da, izan be, joan dan barikuan -bagilak 16- Madrileko Ministro Kontseiluak Akademiak egindako arautegi aldaketa-proposamena onartu eban. Horrek esan gura dau, datozen hilebeteotan, hainbat aldaketa izango dirala Euskaltzaindian, bai egituran bai eta azpiegituran be.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Luis Lizundia diruzainak azaldu dabenez, ondokoak dira prozesu honen barruan emon diran eta emongo diran urratsak:

- Euskaltzaindiak 2005eko maiatzaren 27 eta 28an Argomaizen egin zituan XIV. Barne Jardunaldietan, Estatutuen aldaketea egitea onartu eban aho batez.

- 2005eko abuztuan, Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministeriora bialdu zan testua, aldaketea onartzeko eskatuz.

- 2006ko bagilaren 16an, Ministro Kontseiluak Euskaltzaindiaren Estatutuen aldaketea onartu eban.

- Ministro Kontseiluak onartu ostean, Estaduko Aldizkari Ofizialak argitaratu behar dau, eta ondoren sartuko da indarrean aldaketea.

- Aldaketearen ondorio nagusi legez, hau da azpimarragarria: euskaltzain osoak 75 urtera heltzen diranean, euskaltzain emeritu bihurtuko dira, hau da, euskaltzain oso izaten jarraituko dabe, baina 75 urtera heltzen dan euskaltzain bakotxeko euskaltzain oso barri bat izentauko da. Bestela, 70 bete dituen euskaltzainak be emeritu izan daitekez, beti be euren borondatez holan erabagiten badabe. Emerituen kopurua heren bat baino gehiago ezingo da izan; beraz, lan eta erabagietarako euskaltzainak 32 izan daitekez, ez gehiago.

- Ondokoak dira 2006an, 75 urte beteak dituen euskaltzain osoak: Diharce, Xabier 'Iratzeder': Charritton, Piarres; Haritschelhar, Jean; Larre, Emile; Zavala, Antonio eta Arana Martija, Jose Antonio.

- Noiz izentauko dira euskaltzain emerituak? Aurretik esan bezela, Estaduko Aldizkari Ofizialak argitaratu behar dau Ministro Kontseiluak onartutakoa. Horren ostean, Euskaltzaindiak egingo dauen lehenengo osoko batzarrean izentauko dira emerituak; bigarren batzarrean, barriz, hutsuneak iragarriko dira eta ondorioz, euskaltzain barriak aukeratzeko prozesua abian jarriko. Sei euskaltzain barri horreetatik lau, urte baten buruan aukeratuko dira eta beste biak Euskaltzaindiko osoko batzarrak ezarritako epe barruan.

- Azpiegiturazko aldaketei jagokenez, Urrutiak eta Lizundiak azaldu dabenez, 'Erakundearen azpiegituraren ardurea hogeitaka urteetan idazkariorde-kudeatzailearen esku egon da. Hazkundearen gaurkotze eta hobetze preminek eraginda, eragile kargu biok banatu egin dira, kudeatzailearen esku ekonomia arloa, langileena eta ganerako barne alorrak jarriz; idazkariordea, barriz, Idazkariari ohiko laguntza logistikoa emoteaz gan, sail eta batzorde akademikoen koordinazinoaz arduratuz. Euskaltzaindiaren barruko kudeaketea hobeto banatzea dakar barrikuntza horrek'. Euskaltzaindiako kudeatzailea Juan Jose Zearreta da eta idazkariordea, ostera, Pello Telleria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu