Nafarren azken arnasea
2006-06-19 02:001512ko bagilaren 20an hasi ziran Nafarroako Erresumearen azken egunak Euskal Herriko Hegoaldean. Hurrengo lerroetan, sasoi batean Europa osoan ezaguna eta errespetatua zan euskal erresumearen azkenengo uneak gogoratuko doguz.
1512ko bagilaren 20an hasi ziran Nafarroako Erresumearen azken egunak Euskal Herriko Hegoaldean. Hurrengo lerroetan, sasoi batean Europa osoan ezaguna eta errespetatua zan euskal erresumearen azkenengo uneak gogoratuko doguz.
1512ko martian Gaztelako Erregea zan Fernando Katolikoa, ingelesakaz bat eginez, gerran sartu zan frantsesen kontra. Erdian, Nafarroako Erresumea geratu zan eta Frantziako erregeagaz hartu-emonak izan arren, hego parteko auzo indartsuagaz ez eban gura ezelako burrukarik. Neutraltasuna zan aukerarik onena.
Gaztelako Fernando Erregeak euren neutraltasuna erakusteko eskatu eutsen nafarrei, Gaztelako zein Ingalaterrako ejerzitoek Gaztelatik Frantziarako bidean ezelako arazorik izango ez ebela argi geratzeko. Hainbat baldintza eskatu eutsiezan, tartean sei gazteluren jaubetzea: Donibane Garazikoa, Lizarrakoa edo Amaiurkoa tartean.
Ingelesak Pasaia aldera heldu ziran Frantziako inbasinoan parte hartzera. Nafarroako Erregea zan Albreteko Juanek, Nafarroako lurrak arriskuan ikusita, bere konfiantzazko gizona zan Pedro mariskala bialdu eban Gaztelako Fernandogaz berba egitera. Baina mariskala Fernandoren Gortera heldu zanean konturatu zan ez egoala ezer egiterik. Gaztelako Erregearen asmoa argi egoan: Nafarroako Erresumearen Hegoaldea bereganatzea. Asmo horretan, ejerzitoak pasetako jarritako baldintzak atxaki argiak baino ez ziran.
Bagilaren 20an batutako Gorteek, Gaztelaren benetako asmoa ikusita, nafarrek gerrea deklaretea erabagi eben.
Gaztelako Erregeak Albako Dukea zan Toledoko Fadrique bialdu eban gudarien buru. Danetara, armadun mila gizon, bi mila eta bostehun zaldi, oinezko sei mila gudari eta hogei kainoi egozan Fadriqueren aginduetara. Garagarrilaren 21ean Burunda aldetik sartu ziran Nafarroako lurretara, Iruñarako bidea hartuta. Bitartean, Albreteko Juan Erregeak, bere burua arriskuan ikusita, Iruñea itxi eta alde egin eban Frantziako Erregea zan Luis XII.ari laguntzinoa eskatzeko, baina gudari frantsesen buru zan Orleanseko Dukeak, Ingelesen kemenaren bildur zala, ez eban bere Erregeak esandakoa bete eta nafarrek ez eben euki ezelako laguntzinorik.
Lunbier aldean egoan Nafarroako Erregea Fernando Erregeagaz alkarrizketea egiten ahalegindu zan baina azken horrek jarritako baldintzak onartezinak ziran. Azkenean, Pirinioetatik beste aldera joan zan Juan Erregea, bere senide eta lagunakaz batera.
Hurrengo hilebeteetan, Fernando Katolikua konkistea sendotzen ahalegindu zan. Alde batetik, Aita Santuaren idaztiak erabili eta Frantziako Erregea zan Luis XII.agaz akordioa lortu eban. Baina ez eban ezer egiterik izan eta urrian Frantziako Erregeak alkartutako ejerzito batek (tartean Albreteko Juan Erregea eta zazpi mila nafar egozan) Hegoalderako bidea hartu eban. Zati bat Gipuzkoara bideratzen zan bitartean, bestea Nafarroara zuzendu zan. Lizarra, Tafalla, Arga eta beste hainbat uri libre itxi ebezan. Baina Iruñean, Albako Dukea gogor mantendu zan eta Juan Erregeak ezin izan eban uria hartu. Bitartean, Gaztelakoek laguntzinoa bialdu eben Nafarroara.
Gerrea galduta egoala ikusita, Nafarroako Erregeak atzera egin eban eta Belate eta Elizondotik Pirinioak pasau ebazan betirako.
Gaztelako Erregeak, Frantziako Erregeak ejerzito ingelesagaz eta Maximiliano enperadorearen ejerzitoagaz arazoak eukazala ikusita, Nafarroako Erresumea zatitzeko akordioa eskaini eutson. Horretarako, Albreteko Juan Erregeari agindutako laguntzinoa bertan behera itxi behar eban.
1521ean, Juan Erregea eta bere emazte Catalina hilda egon arren, euren seme Enrike, Bianako Printzea Erresumea berreskuratzen ahalegindu zan barriro. Noainen Gaztelakoen kontra galdu eta gero, ia Nafarroa guztia geratu zan barriro be Gaztelakoen esku. Amaiurko gotorlekua baino ez jaken geratzen. Benetan defensa izugarria egin eben gaztelu honetan baina, azkenean, 1522ko garagarrilaren 19an, etsi egin behar izan eben.
Ordutik aurrera Amaiurko gaztelua Nafarroako eta euskaldunen askatasunaren ikur bihurtu zan. Horren erakusle 1922ko bagilaren 30ean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek Amaiurko tontorrean eregitako oroitarria.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!