Pello Mugarza: ‘Erromantizismo hutsagaz ez dogu lortuko euskalkiak indartzea’

Koldo Isusi Zuazo 2006-06-15 02:00   Barriketan

Mallabiko euskara izeneko liburua oraintsu argitaratu dau Pellok eta, era horretara, Bizkaiko ekialdean kokatuta dagoan herriko berbetearen berezitasunak eta ezaugarriak ikasteko modua dago erraz eta argi.

Mallabiko euskara izeneko liburua oraintsu argitaratu dau Pello Mugarzak eta, era horretara, Bizkaiko ekialdean kokatuta dagoan herriko berbetearen berezitasunak eta ezaugarriak ikasteko modua dago erraz eta argi.


1.- Mallabian euskerea bizirik dagoan arren, jokera orokorragaz bat eginik, gazteen artean erabilerea urriagotzen eta edadekoen berba, esamolde eta enparauak galtzen doaz. Hori izan da liburua idazteko arrazoia?

Bai, uste dot gaurko baserritarrak amaitzera doan biziteko modu baten ordezkariak dirala; bizitzeko modu horri lotuta dago euren hizkuntza moldea be; orduan, bata galtzen danean bestea be galdu egingo da eta beharrezkoa dala uste dot lekukotasun hori jasotea eta datozen belaunaldiei erakustea. Gu gara mundu ikuskera horren azken lekukoak eta hurrengo belaunaldiek ereduak beharko dabezala pentsetan dot.


2.- Mendebaldeko euskalkiaren barruan baina sortaldeko azpieuskalkian kokatzen da Mallabiko euskerea baina auzotik auzora eta etxetik etxera be aldeak igarri dozuz...

Bai, Mallabian hiru azpi hizkera edo bereizten dira; Zengotita auzokoek berriztar egiten dabe, Berrizegaz izandako hartu-emon estuak dirala eta, Gerean Markinarrez edo beharbada Bolibartarrez esan beharko geunke, eta badago beste bat orokorra dana. Mallabia herri txikia da eta hemengo jentea beste herrietako jenteagaz hartu-emonetan egon da, eurekaz alkartu da. Kanpotik datorrenak bere hizkerea dakar, baina ondorengo belaunaldian bardindu egiten da, azken batean ingurua dalako hizkuntza eredua ezartzen dauena.


3.- Mallabiko euskerearen berezitasunez, labur-labur zer esango zeunke?

Berezitasunak baino gehiago ezaugarriak esango neuke. Pare bat aitatzearren a >e asimilazinoa, erdiko bokalen itxierea, aditzean it pluragilea, alokutiboko j- ebakera... baina ezaugarri nagusiena, beharbada, aldameneko hizkerakaz egiten dauen loturea da, Markinaldea, Durangaldea eta Debabarrena alkartzen ditualako.


4.- Lekuan lekuko euskerearen transmisinoan etena dago. Umeak euskera batuan eskolaratzen diralako ala bestelako arrazoi batzuengaitik?

Uste dot hizkuntz politikek izango dabela zerikusirik. Zuberoan umeak zubereraz eskolaratzen dira 12 urtera arte eta gero hasten dira batuaz ikasten. Eskolak asko egin leike, baina ezin jake eskolei errurik bota. Ez dakit behar daben beste material eta baliabide izango daben horretarako.


5.- Liburu potoloa da; danetara, 394 orri eta lau atal nagusi: Mallabiko datu orokorrak, azterketa dialektologikoa, Mallabiko hiztunei egindako grabazinoen transkripzinoak eta hiztegia. Ganera, argazkiak be tartekatu dozuz eta irakurketea oso atsegina da...

Bai, honako kontuak nahiko astunak egingo jakoz hizkuntza kontuetan pixka bat ez dabilenari eta argazkiek beti laguntzen dabe. Dana dala, pozten nau irakurketea atsegina dala entzuteak.


6.- CDa be atara dozu liburuagaz batera, Mallabiko hiztun onenen grabazinoak ikusi eta entzuteko aukerea eskainiz...

Bai, bideoan agertzen diran grabazinoak Badihardugu Elkarteko lagunek egin ebezan eta oso behar polita egin eben. Nik uste dot bideoak eta audioak liburuko atalik atseginena dirala.


7.- Barriemoile edo informanteakaz makinatxu bat berbaldi eta grabazino egingo zenduzan. Zelakoa izan da liburua osotzeko prozesua?

Filologiako karrerea amaitu ostean pentsatu neban zeozer egin behar nebala. Auzoko gizon biri egindako grabazino batzuk nituan etxean eta hori izan zan abiapuntua; horrek testuok ondo urkuldu eta material hori agortu zanean, alkarrizketa gehiago egin nituan, baina batez be belarria erne euki, entzundako esamoldeak, aditz formak apuntau, eta hori izan da gitxi gorabehera beharra egiteko modua. Argazki zaharrak Eibarko Ojanguren Fondoan topau nituan eta besteak neuk edo lagunen batek ataratakoak dira.


8.- Oro har, zelako erantzuna jaso dau liburuak? Eta mendebaldeko euskalkia erabilten ez dabenen partetik?

Ba, ez dakit, oraindino nere ingurukoen eretxiak baino ez ditut entzun, baina herrian izan dauen harrereagaz oso gustora. Lagunak beti lagunak dira.


9.- Mendebaldeko euskalkia darabilgunok konplejuak eta bildurrak baztertu doguzala pentsetan dozu?

Begitantzen jat bizkaitarrok asko ikasi beharrean gagozala. Askotan entzun behar izan dogu euskera ona Tolosakoa dala, eta hangoa ona da, baina, topikoa bada be, euskera ona egiten dana da, eta geurea estimetan ikasi beharko dogu, baina ez bakarrik hizkuntzearen arloan, bai beste kontuetan be.


10.- Lekuan lekuko berbetei zelako etorkizuna ikusten deutsezu?

Pentsetan dot aurreko galdereagaz lotuta dagoala. Erromantizismo hutsagaz ez dogu lortuko euskalkiak indartzea, prestigioa emon beharko jake, kontzientzia bat sortu...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu