Aditz trinkoa batuan, bizkaieraz eta zubereraz
2006-06-15 02:00 Euskerea berbagaiBostak Bat taldeak 'Adorez' sortako hamargarren liburukia atara dau: ‘Euskal Aditza. Trinkoa eta laguntzailea: batuan, bizkaieraz eta zubereraz’. Bertan, aditz laguntzailea definiduta agertzen da, adibide eta guzti. Ganera, aditz trinkoaren era gehienak be batzen ditu, baita aditz batu osoaren forma arruntak eta alokutiboak be.
Bostak Bat taldeak 'Adorez' sortako hamargarren liburukia atara dau: ‘Euskal Aditza. Trinkoa eta laguntzailea: batuan, bizkaieraz eta zubereraz’. Bertan, aditz laguntzailea definiduta agertzen da, adibide eta guzti. Ganera, aditz trinkoaren era gehienak be batzen ditu, baita aditz batu osoaren forma arruntak eta alokutiboak be.
Igaz ‘Eskola Hiztegia’ argitaratu eban Bostak Bat taldeak. Eranskin modura jarri zituen aditz laguntzailearen jokoa eta aditz eskemak, euskerea ikasten edota hobetzen dagozanei laguntzinoa eskaintzeko.
‘Euskal Aditza’ liburuki batean aparte argitaratzeko eskatu eutsien batzuek eta, taldeko kideek azaldu dabenez, ‘gure bidea 'Adorez' sortako hiztegiak egitea izan dan arren, ontzat jo genduan eskabidea, baina, Eskola Hiztegian datorren laguntzaileari aditz trinkoaren jokoa erantsita’.
Modu horretan, ‘Euskal Aditza’ liburuaren argitalpenerako, lehendik euken laguntzailearen ganeko lana eta aditz eskemak orrazteaz ganera, trinkoaren jokoa preparau dabe, oraingoan be lehengo bidetik: batuan/bizkaieraz/zubereraz.
Aditz trinkoa aurkezterakoan, barriz, formak ez dira modu alfabetikoan ordenau, ‘horrek nahaste handia sortzen dauelako; banan-banan eskaintzen doguz, oinarritzat aditz batuaren jokoa hartuta eta aurkibide egokiak jarrita’, azaldu dabe.
Liburua eskuratzen dauenak hainbat liburutan banatuta topau beharko leuken lana liburuki bakarrean topauko dau eta aditz-jokoak kontsultetako modua erraza izango da. ‘Aditzaren ganeko gure aurreko eranskin guztien bildumea da’, ganeratu dabe.
Bizkaierako eta zubererako euskalkien erabiltzaileei be zuzenduta doa lana. Bizkaierako eredua Labayru Ikastegiaren argitalpenetatik atara da. Zubererako erei jagokenez, Jean-Louis Davanten eta Junes Casenave-Harigileren lanak hartu dira oinarri legez.
Bestalde, Euskaltzaindiak ‘Euskal Aditz Batua’ liburuan proposatzen dituan paradigmen izenak erabili dira.
Lan hau Patxi Uribarren Leturiagak, ‘Bostak bat’ taldeko kide diran Juan Luis Goikoetxea, Luis Baraiazarra, Txomin Solabarrieta eta Ricardo Badiola ikertzaileekaz lankidetzan egina izan da. ‘Gure asmoa ez da ezer ezartzea edota honegaz, horregaz edota haregaz eztabaidetan jardutea. Aurrerakada bat eman gura izan dogu, euskerea ikasten nahiz hobetzen dagozanen esku liburu praktiko bat jarriz’, adierazo dabe egileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!