Kontseiluak ikastereduak gainditzeko sakoneko erreformea eskatu dau

Bizkaie! 2006-06-13 02:00   Euskerea berbagai

Kontseiluak oraingo ikastereduek ez dabela ikasleak osorik euskalduntzen salatu dau.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hezkuntzearen arloko bere bazkideakaz alkarlanean egindako dokumentua aurkeztu dau Bilbon. Bertan, hezkuntza-sistemea euskalduntzeko egin beharreko erreformearen alde agertu da ‘bazterrean itxiz euskerearen normalizazinorako kaltegarria izango litzatekeen azaleko erabarritzeen bidea’.

‘Belaunaldi barriak osorik euskalduntzea ezinbestekoa da euskerearen normalizazinoa lortzeko’, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.

Kontseiluak oraingo ikastereduek ez dabela ikasleak osorik euskalduntzen salatu dau. ‘Euskal Herrian hiru ikasletatik bik euskaldundu barik urtetan dabe eskolatik’ , nabarmendu dau Mendigurenek.

Hezkuntza-sistemea euskalduntzeko egin beharreko erabarritzeak herritarren sostengua dauela uste dau Kontseiluak, eta bide horretan kokatu dau helburu horregaz batutako 110.000 atxikimenduak, Donostian ‘Bai Eskolak Euskalduntzeari’ plataformeak aurkeztutakoak.

Beraz, ‘zeregin politikoaren ordua’ dala uste dau Kontseiluak eta dei egin deutse gobernu guztiei erreformeari hasiera emon deiotsen. Kontseiluko idazkari nagusiaren eretxiz, ordua da borondate politikoa euskerearen normalizazinoaren bidean jarteko, eta galdutako denporea berreskuratzeko aukerea badagoala adierazo dabe Kontseiluko irakaskuntza alkarteetako ordezkariek.

Bestetik, Kontseiluari arduratzeko modukoa iruditzen jako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak legegintzaldiaren urte bat pasau ondoren oraindino proposamenik kaleratu ez izana, holan egingo ebala iragarri arren. Ganera, erreforma sakon hori egiteko baldintza politikoak badagozala uste dau Kontseiluak.

Ikastereduak erabarritzeko Kontseiluak eta hezkuntzearen alorreko bere bazkideek zenbait proposamen plazaratu ditue. Alde batetik, Kontseiluaren ustez, ikastereduak gainditzeko beharrezkoak diran erreforma guztiak sistemea bera aldatuko dauen lege baten barruan kokatu behar dira, ‘dekretu bidezko erreforma arinak baztertuz’.

Era berean, hezkuntza-sistemearen erreformearen helburu nagusia ‘euskaldun eleaniztunek osotutako Euskal Herria lortzeko bidean belaunaldi barriak euskalduntzea’ dala ondorioztatu dabe, eta, aldi berean, eskolearen eta bere ingurune soziolinguistikoaren arteko hartu-emonetan sakondu behar dala.

Gaur egungo ereduen ebaluazinoa euskalduntzearen ikuspegitik egin behar dala uste dau Kontseiluak, bai eta irakaslegoaren hizkuntza-kalidadea eta sistemea kudeatzeko prestakuntza berezitua behar dala.

Horrezaz ganera, etorkinen euskalduntzea ezinbestekotzat jo dau Kontseiluak, eta ikastetxeen egokitzapena egin beharko litzatekela.

Kontseiluaren eta hezkuntzearen alorreko bere bazkideen dokumentuak batzen dituan beste gai batzuk ondokoak dira: Unibersidadea eta Lanbide Heziketea; eskola komunidadearen motibazinoa euskereagazko; sistema barria maiztasunez ebaluetako neurriak; ikasmaterialak ebaluetea erreformari egokitzeko; epe onargarrien zehaztapena; erreformeak beharrezko diru eta giza baliabideak aldez aurretik zehaztea; eta hizkuntza-politika barria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu