Urtzi Urrutikoetxea: ‘Zelan edo holan, alkartasuna adierazo deutsegu kurduei’
2006-06-08 02:00 BarriketanKurdistanen bizitakoez, hona hemen, Urtzik kontau deuskuzanak.
Zirika talde sortu barriko Asier Gonzalez, Jon Gaminde, Uxue Alberdi, Urtzi Urrutikoetxea, Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Goretti Rodriguez, Josu Martinez eta trikitia, txalapartea, albokea, gitarrea, dultzainea, txirulea eta adarra lagun orain gitxi heldu ziran etxera Kurdistanen egun batzuk pasau ostean. Esperientziaren nondik norakoez eta Kurdistanen bizitakoez, hona hemen, Urtzik kontau deuskuzanak:
1.- Amed uriko folklore jaialdian parte hartu dozue Euskal Herritik joan behar eban taldeak huts egin ostean. Taldea osotzeko ardurea zeurea izan da eta makinatxu bat burukomin izango zenduzan taldekideak animetako, ezta?
Atzetik ibili dana Juan Sorin bilbotarra izan da. Lehenagotik be, Turkiagaz eta Kurdistanegaz loturea eukan personea da eta turkieraz berbetan be badaki. Berak deitu eustan, azken orduan eta estu xamar. Bidaia antolatuta eukan baina Kurdistaneko gatazkan azken aldian izandako berpizkundearen harira jente asko atzera bota jakon. Orduan, nire hurreko jentea animetan hasi nintzan. Ez zan erraz saltzeko kontua izan, egun batetik bestera erantzuna jasotea gatxa zan eta, baietz esateaz gan, pagau be egin behar zan eta, behintzat, Istambulerainoko hegaldia, lar karua izan ez arren. Hango jentea oso pobrea da baina harrerea eta lo egiteko lekua eurek emoten euskuen.
Biajearen tarte bat geuk pagau dogu eta egun txarrak ziran baiezkoak jasoteko, dirua, beharra, ikasketak... Halanda be, talde itxurosoa osotu dogu, lehenagotik Santutxun ezagutzen nebazan batzuk animau ziran eta bertso-eskolan be proponidu neban biajea. Fredi eta Goretti juntau ziran, berak be jantzan dakialako eta taldetxu majoa osotu genduan. Garrantzitsua ez zan ekitaldi bikainak egitea, zeozer itxurosoa eskaintzea baino.
2.- Gauza inprobisatua izanda, zelan konpondu zarie?
Argi egoan musikariak zirala artista nagusiak. Askorik egin barik be, Asier Gonzalezek gidoitxu bat egin eban joan orduko eta ensaio batzuk egin ziran hemen. Han be zeozer ensaiau genduan eta aurrerantzean intuizinoak agindu eban. Lehenengo egunetan ondo urten ebanari ekin geuntson eta umeentzako kontua zanez, umeekaz funtzionetan eban ha erabilten genduan hurrengo ekitaldietan. Bertsoetan, mimikea erabili eban Arkaitz Estiballesek eta nik, tartean, kurdueraz sartu nebazan berba batzuk.
Oinarria ez zan goi-mailako ikuskizuna emotea baina konplizidadea topau dogu. Gauzak txarto daukiez baina, zelan edo holan, gure alkartasuna adierazo deutsegu.
3.- Talde honek izango ete dau jarraipenik?
Ez dakigu. Lagun arteko kontua da eta hurrekoak gara danok. Sarritan ikusten dogu alkar eta barriro batzea ez da gatxa izango. Baina ez dakit. Kurdistanen gustura geratu dirala jakin badakigu eta geu be gustura ibili gara baina ez dakit aurrerantzean zer pasauko dan.
4.- Zuk zeuk kurdueraz berba batzuk esanda hasten zenduen ekitaldia. Hortik aurrera, zer?
Sarrera-agurrean kurdueraz entzuten euskuenean, harritu egiten ziran. Gero, Arkaitzek adarra joten eban eta bertso bana botaten genduan. Nik, egunetik egunera, berba gehiago botaten nebazan kurdueraz. Arkaitzek, kurdueraz berbarik egin ez arren, mimikaz erakusten eutsen zer gura eban esan. Hortik aurrera, txalapartea hasten zan eta holako musika-tresna bereziaren soinua kuriosidadez hartzen eben. Gero, trikitixeak mundu guztian sortarazoten dau arrakastea eta Fredik betiko kantak joten ebazan. Hareei jantzan jarten eutsena joten genduan, ‘Kalian gora, kalian behera’, berbarako. Nik, badakit, parranda giroan asko gustetan dala kanta hori. Irlandan igarri neban. Kurdistanen, jentea mobidu bai mobiduten zan baina ‘kalian behera’ hori ez eben egiten. Halanda be, umeak oso pozik geratu ziran eta asko gustetan jaken biribilketea egitea.
Ekitaldia amaitzen zanean, umeen esker onak eta poztasun itzela emoten euskuen. Goretti eta Usue ziran euren gustokoenak…
5.- Nondik-nora ikasi dozuz kurduerazko berba horreek?
Bertako ordezkariek erakutsi eustiezan. Ez genduan jakin noraino egin geinkean berba kurdueraz, zer esan geinkean eta zer ez arazorik ez eukiteko. Horregaitik, gurago izan neban eurakaz ikastea berba gitxi horreek. ‘Arrastion lagunok’ , ‘zelan zagoze’ eta holakoak trankil esan genduzan. Halanda be, egunen baten polizia etorri jakun eta arazotxuren bat edo beste euki genduan, datuak hartu euskuezan baina urrunetik ibili zirala esan daiteke. Aurrez aurre, ez dogu izan arazo lar. Ganera, sasoi berean, desagertu politikoen mundu mailako kongresu bat egon zan eta hareek esan euskuen arazoak izan ebezela. Baina hareena kontu politikoa zan eta, gurea, azken batean, umeentzako festibal kulturala zan.
6.- Kurdueraz berba egitea galarazota dago, Kudistan berbea bera erabiltea be delitua da eta preso politikoak hamar milatik gora...
Alde batetik, edade batekoak asko akordetan ginan Frankismo sasoiko gauzetaz zer kontau deuskuen. Euren banderea, berbarako, ezin eben inondik inora atara baina jenteak koloreen konbinazinoa eroaten eben erropetan. Gure ikurrinea ikusten ebenean, emozionau egiten ziran ze euren banderea gorria, berdea eta beilegia da. Gurutzea beilegiz pintau eta kitto! Nonoiz, bromatan, pintau egingo genduala esan neutsen eta ‘ez, ez, ez...’ erantzun eusten, bildurtuta eta baju-baju.
Jantzien konbinazino hori oso kuriosoa da. Aurkezlea, berbarako, beti joaten zan gorriz, berdez eta beilegiz jantzita.
Udala kurduen esku dago, % 74ko babesagaz, baina ez dago ezer kurdueraz idatzita inon be. Kaletik joakeran, ezta seinale bat be... Alkateak eskabidea egin dau kaleetan zeozer kurdueraz idatzita jarteko eta, proposamena egiteagaitik, hiru urteko kartzela zigorra eskatu dabe berarentzat.
Militarren kontrola oso zorrotza da, orain kalean tankerik egon ez arren. Mendian gerrillea dago eta aurrez-aurrekoak egon badagozala badakigu, guk bizi ez arren.
7.- Ekitaldiko bertso, kantu eta enparauak zelan hartu ditue Amedeko herritarrek? Alkar ulertzeko arazorik izan dozue?
Futbolagaz, berbarako, hartu-emon kuriosoak izan doguz. Turkian, orokorrean, eta Kurdistanen be bai, oso futbol-zaleak dira. Bakotxak beraren taldea dauka eta kurdistandar gehienak Galatasaray taldearen jarraitzaileak dira. Momentu gogor batean, herritar jantzitako poliziek ekitaldia bideo-kamereagaz grabetan ebilzanean, Arkaitz Estiballesek ‘The Champion Galatasaray’ esan eban eta ume guztiak pozez zoratzen hasi ziran arrantzaka. Berba arruntakaz esan ezin zana (Amed ezin da esan, izen ofiziala Diyarbaker da), futbolaren hizkuntzan esan eban Arkaitzek. Konplizidadea lortu genduan, bertsoa, mimikea, musikea, jai-giroa... Musikea eta dantzea hizkuntza internazionalak dirala esan daiteke.
8.- Amed, Turkiaren menpean dagoan lurraldean dago, Txinakoaren ostean, munduko harresirik luzeena daukan herria, hain zuzen. Luzaroan burrukan dabilen herria izanda, adorez zelan topau dozuez hango lagunak?
Ez gara analistak eta Bakearen Alde batutako alkarte bategaz euki dogun lotureak erakutsi deusku bertako egoerea. Alkartea ama talde batek osotzen dau eta euren seme-alabak hilda edo atxilotuta dagoz.
Alde batetik, frankismo garaiko kontu hareek etorri jatazan burura eta desmoralizauta dagozala esan daiteke. Baina desbardintasun bategaz: frankismo garaiari amaierea ikusten eutsen euskaldunek, hau da, Frankoren heriotzea; edo, behintzat, esperantza horregaz bizi ziran. Eta honeei hori falta jakee, esperantza hori. Ez da persona bat, militar talde bat baino. Garai batean, zeozelako esperantzea egoan su-etenagaz baina gauzak okertu egin dira. Milaka herri apurtu dabez eta biztanle askok alde egin behar izan dabe. Asko haserre dagoz Europagaz eta askotan esaten euskuen euren lagun bakarrak mendia eta kalashnicov-a zirala. Munduak kasurik egiten ez deutsola uste dabe, jenteak ez daukala ezelako ardurarik euren arazoen ganean.
Beste alde batetik, asko dira eta Kurdistaneko zonalde bakotxean egoerea desbardina da. Irak aldeko kurduak ia erabat independienteak dira baina ganerakoak, ez.
9.- Zeozelan konparau daiteke euren egoerea Saharakoagaz?
Akaso, bai. Baina Saharak, munduan, errekonozimentu bat dauka, Nazino Batuek lepoa emon arren. Baina Kurdistanek hori be ez dauka. Baina munduko gatazka isilduetako adibidea bada.
10.- Zelakoa da kurduen eguneroko bizimodua?
Kurdistan, berez, estadu askotan dago banatuta. Egoera gogorrena Turkia aldekoak bizi dabe. Iran eta Siria aldekoek be ez daukie oso erraz eta, Iraken, barriz, ia-ia burujaubeak dira. Kaukaso aldean gitxi batzuk geratzen dira.
Turkiaren menpe dagozan Ipar-Kurdistanen, urietan bizi diranek ohitura ‘modernogoak’ hartu dabez eta aurrera begira dagoz. Baina ‘askatasun’ hori euki arren, egoerea negargarria da eta langabezia-tasea oso altua da. Hori bai, jentea oso esker onekoa da eta euren berotasuna erakusten deutsue beti.
Landa guneetan, hizkuntzea askozaz hobeto jagon dabe eta, euren erara eta mugak zeintzuk diran jakinda, libreago bizi dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!