San Juanetan, musikea nagusi Zornotzan Haizetara jaialdiagaz

Bizkaie! 2006-06-01 02:00   Musikea

Haizetara kale-musikea taldeentzako nazinoarteko lehiaketea izango da Zornotzan bagilaren 23, 24 eta 25ean.

Haizetara kale-musikea taldeentzako nazinoarteko lehiaketea da. Zornotzak hartuko dau, lehenengoz, bagilaren 23, 24 eta 25ean. Aurrerantzean, David Latxaga Zornotzako alkateak prentsaurrekoan jakinarazo dauen legez, ‘lehiaketea urtero egitea da asmoa’.

Zornotzako artxibo historikoen arabera, San Juanak ospatzeko egiten ziran ekitaldietara jente asko hurreratzen zan. Holan ba, Haizetara ekimenagaz XX. mende hasierako San Juan suakaz batera ospatzen zan musika jaialdia berreskuratu gura dabe antolatzaileek. Ganera, lehenengo edizino honi izaera internazionala emon deutse eta aurkeztutako 20 taldeetatik aukeratutako zortzirak kanpokoak dira: Orkestra Roma (Bulgaria), Bernie´s Lounge (Herbehereak), Allegria Brass Band (Frantzia), Kumpa´nia Al-Gazarra (Portugal), Dixie Gang (Portugal), Bloco Dum Dum (Madril), Always Drinking Marching Band (Bartzelona) eta Banda de la Maria (Andaluzia). Talde bi konbidau dabez ganera: Zornotzako Saguzaharrak Fanfarrea eta Marmara Dixie Band bizkaitarra.

Sariak

Lehenengo edizino honetan, taldeek 9.000 euroko saria irabazteko aukerea izango dabe. Nazinoarteko ospea daukien profesionalek osotutako epaimahai batek aukeratuko dau irabazlea eta, horrezaz ganera, ikusleen saria be egongo da, 4.000 eurokoa.

Bigarren eskuko musika tresnen azokea

Lehiaketea aberasteko helburuagaz eta musika arloan beste dimensino bat erakusteko, bigarren eskuko musika tresnen azokea egongo da Zornotzan egun horreetan. Eremu horretara bideratuta ez dagoan eskaintza eta eskaria dagoala ikusi dabe, alkatearen esanetan. Holan, hutsune hori beteteko, musikazaleei tresnak lortu eta saltzeko bidea erraztu gura deutse antolatzaileek. Bestalde, artisau-tresnen erakusketea be egongo da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu