Gure Artea 2004 sariak irabazitako Iñaki Garmendiak eta Azucena Vieitesek Alemanian erakutsiko ditue euren lanak
2006-05-30 02:00 Euskaldunak munduanBagilaren 6an eta 8an zabalduko dira Frankfurt eta Wiesbaden uri alemanetan 'Gure Artea 2004' sarietan irabazle izandako Iñaki Garmendiaren eta Azucena Vieitesen erakusketak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kunstverein Frankfurt eta Kunsthaus Wiesbaden zentroakaz dauen lankidetzeari esker.
Bagilaren 6an eta 8an zabalduko dira Frankfurt eta Wiesbaden uri alemanetan 'Gure Artea 2004' sarietan irabazle izandako Iñaki Garmendiaren eta Azucena Vieitesen erakusketak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kunstverein Frankfurt eta Kunsthaus Wiesbaden zentroakaz dauen lankidetzeari esker.
Frankfurteko Kunstvereinen, bagilaren 6tik garagarrilaren 2ra bitartean, Iñaki Garmendia artista ordiziarrak 'Red Light / Straight Edge' eta 'Izarra' izeneko bideo-erakusketak aurkeztuko dituan bitartean, Wiesbadeneko Kunsthausen, Azucena Vieites artista hernaniarrak 'Check Out What I've Got, The Remix' bere marrazki-instalazinoak izango ditu erakusgai, bagilaren 8tik garagarrilaren 2ra arte, hain zuzen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko iturriek adierazo dabenez, Garmendiak eta Vieitesek atzerriko beste erakustaldietan parte hartu izan daben arren, lehenengo aldia da bakarkako erakusketa bat egiten dabena nazinoarte mailan.
'Gure Artea' sariak Euskal Herrian Arte Platikoen alorreko sari nagusiak dira eta artisten parte-hartzea kontuan izanda arte plastikoak Euskal Herrian dauen osasuna neurtzeko tresna egokiak dira. 1982an deitu zituan lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Sariek Arte Plastikoetako sormena bultzatu gura dabe eta horregaz batera artistak egindako lanen zabalpenean eragin, Euskadin nahiz Euskaditik kanpo. Horrezaz gan, artisten lana eta bilakaerea ezagutzera emotea dabe helburu.
Artistearen ibilbidea eta lan desbardinak baloretan dira eta aukeraketa horren gainean oinarrituz hiru sari (maila eta dirutza berekoak) emoten dira. Zabalpena erakusketa kolektiboaren bitartez (urte bikoitietan egiten dana) eta hiru sarituen lanakaz erakusketa ibiltariaren bitartez gauzatzen da (bigarren hau urte bakoitietan antolatzen da).
Iñaki Garmendia artista gipuzkoarrak (Ordizia, 1972) bi bideo aurkeztuko ditu Frankfurteko Kunstverein zentroan: 'Red Light / Straight Edge' (2005) eta 'Izarra' (2005). 'Speaking of Others' eremuaren barruan, Garmendiak bere lehenengo banakako erakusketea nazinoartean agertuko dau, aurretik 'Gure Artea' saria irabazi eta gero eta ekitaldi entzutetsu batzuetan parte hartu ondoren (berbarako, Donostiako Manifesta 5, 2004an).
Iñaki Garmendiak musika-azpikulturen mundu ideologikoaren aukera narratiboak aztertzen ditu. Proiekzino bikotx batean bi persona agiri dira, Siouxsie and the Banshees taldearen 'Red Light' eta Minor Threat hardcore taldearen 'Straight Edge' abestiak a capella kantatuz. Aktoreakaz egindako filmaketa paralelo batek hainbat argiztapen eta giro desbardin erakusten ditu.
Tresna gabeziak, montajeak, grabatu bitarteko giroak eta proiekzino-gelako giroak berak laguntzen deutso ikus-entzuleari arreta jarten letren poesian, ahotsean, eta arpegi eta gorputzen adierazpidean.
Beste proiekzino paralelo bat, 'Izarra', espazioan batera ikusten da. Giro triste eta misteriotsu batean, kamerea ilunarteko gazte-talde baten arpegietan zentretan da. Fikzino zinematografikoaren iruditeria erdigune narratibo indartsu bat bihurtzen da.
Bestalde, Azucena Vieitesek (Hernani, 1967) marrazki ugari aurkeztuko ditu erakusketan, beraren obran ohikoak diran erreferentzia ikonografikoz horniduta: feminismoaren aldarria, estiloak bereganatzea, hainbat argitalpenetatik jasotako estetikearen aitamena (fanzineak, disko-azalak, katalogoak, aldizkari 'femeninoak').
Ohiko marrazkiez gainera (artistearen esperimentazino alor nagusia marrazkigintzea da), instalazino edo 'konstelazino' honetan formatu handiko fotokopien bidez era digitalean erreproduzidutako hainbat lan ikus daitekez, bai eta, lehenengo aldiz bere ibilbidean, bideo-lanak be.
Grafitti kultureagazko erreferentziak aretoko horman bertan zuzenean egindako lanetan ikusten dira: Azucena Vieitesek 'kale idazleen' teknikea eta ikonografia bereganatu eta errepetizinoa eta seriazinoa landu ditu (zeozelan Warhol-en moldean). Vieitesek hainbat taktika erabilten ditu: apropiazinoa, aitamena, berradierazpena edo esperimentazinoa. Marrazkiak barritu egiten dira, birziklau, eta aurreko marrazkiak iraganaren oroimen estetiko-politikoaren hondar legez geratzen dira, igarotako denpora zehatz lausotu baten isla, belaunaldi eta bizialdi personal eta politiko baten oihartzuna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!