Joseba Tobar Arbulu: 'Nazinoartean burua erakusteak sekulako garrantzia dauka guretzako'

Bizkaie! 2006-05-29 02:00   Barriketan

Joseba Tobar-Arbulu, Euskal PEN Klubeko kidea da eta Laura Mintegigaz batera Berlinen egon da egunotan Nazionarteko PEN kongresuan. Ondoko lerroetan hango barri emongo deusku.

Kongresu honetan, International PENeko lehendakariorde izentau ditue Toni Morrison(emakume idazle iparramerikarra eta Nobel sariduna), J.M. Coetzee (Nobel sariduna) eta Gloria Guardia (International PENen barruan dagoan Fundación Iberoamericanako presidentea).

Zuzendaritza Batzordea barrizteko hauteskundeak be izan dira. Aurkeztu diran bost hautagaietatik bi izentau ditue: Eugene Schoulgin norvegiarra eta Cecilia Balcazar de Bucher kolonbiarra. Azken honen defentsa publikoa, hain zuzen, Euskal PENeko lehendakariak egin eban ingelesez Asanblada Orokorrarren aurrean.

Beste alde batetik, Nazinoarteko PENeko Ordezkarien Asanblada Nagusiak onartu egin dau Estadu Batuetako gobernua salatzea, joan dan martian Iñaki Egañari AEBrako sarrerea galarazo eutsolako, ikerketa lana egitera joiala.


1.- Hau izan da zure lehen partaidetzea International PENeko kongresu batean. Zein izan da zure inpresinoa?

Ezer baino lehen esan behar dot zergaitik etorri nintzan. Laura Mintegik esan eutsan Euskal PEN zuzendaritzakoek nire izena aitatu ebela Berlingo kongresura joateko. Ez dot nire burua idazletzat hartzen eta ez neukan argi, baina hau da Andolin Eguzkitza zanak behin eta barriro esaten eustana, hau da, fikzinoa egiten ez dogun egileak be idazleak bagarala. Beraz, alde batetik Laurak, eta bestetik Andolinek… ez neukan argudiorik ezetza emoteko.

Bestetik, penkidea nazan aldetik informazinoa baneukan Euskal PENi buruz, eta aspaldiko ardurea neukan ia zer egon eitekean WfPC (Writers for Peace Committee) horren atzean. Eta jakinmin horrek bultzatu ninduan.

Inpresinoa? Orokorrean esan behar dot ez garala konturatzen zelako garrantzia daukan Nazinoarteko PEN partaidea izateak. NBEren antzeko erakunde bat da, baina desbardintasun eta abantaila askogaz.

Alde batetik, ez dagoz eratutako estaduak bakarrik, herriak be badagoz eta, beraz, gu lako estadurik bako nazinoak be badagoz. Beste aldetik, ez dago beto aukerarik. Zentru bakotxak boto bat dauka, besteen balio berekoa.

Bigarren inpresinoa da sano aberatsa dala hemen egotea. Gosaldu zeinke hindu bategaz, kafealdian txetxeniar bategaz egon, bazkaltzeko orduan zure ondoan egon daiteke korear bat edo Gunter Grass, eta beranduago Nadime Gordimerregaz hartu garagardaoa. Eta holan eten barik. Duda barik, ingelesa beharrezkoa da.


2.- Zein ekarpen egin leikio Nazinoarteko PENek euskal kultureari eta literatureari?

PENen barruan, eginkizun desbardinak dagoz. Kasurako, adierazpen askatasunaren defentsa, eta hori apartekoa da, nahiz eta norberaren eretxien kontrakoak izan, beste eretxi batzuk entzun behar.

Beste ezaugarri bat da munduan zehar preso dagozan idazleen aldeko kanpainetan alde agertzea, eta guk, euskaldunok, badakigu, euskal idazleak preso egotea zer dan. Beraz, PEN kontu horretan be lagungarri izan daiteke. Bestalde, gatazkan dagozan herrialde desbardinetako idazleen artean zubi modukoa egitea dau helburu. Eta orduan oso interesgarria izango litzateke espainol eta frantses idazleen eta gure artean zeozelako zubi bat egotea edo gauzatzea, norberaren eretxiei eutsiz baina besteena be entzunaz.

Beste gauza bat be aitatu nahi neuke, eta hori nire esperientziatik dinot, Iparreuropako herrialde askotako jenteagaz berba egiteko aukerea izan dogula, kasurako, Finlandia, Norvegia eta Danimarkako jenteagaz, baita Quebec eta AEBko idazleakaz eta, era berean, Kosovo, Eslovenia eta, jakina, Txenetxeniako idazleakaz be, eta horreek guztiek Euskal Herriaz, oraingo egoera barriaz eta euskerearen beraren egoeraz galdetu deuskue eten barik.


3.- Gure egoerearen barri emoateaz gan, ba al dago etekin praktikoagorik ataraterik partaidetza horretatik? Beste era batera esanda, ez al gara beti agertzen kuriosidade legez, sinpatikoa baina pisu gitxikoa?

Gauza praktikoaz berba egiteko esan behar da Egunkariaren kasua jazo eta berehala nazinoarteko Penkide guztiek onartu eta salatu ebela, katalandar eta ingelesen bidez. Iñaki Egañaren kasua ezagutu eta berehala salatu dabe. Eta aukerea izan dogu Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoa azaltzeko. Adierazo dogu, Frantziak ez dauela sinatu Eskubide Linguistikoen aldeko Ituna. Ardurea bere egin dabe eta segurutik horren gainean be ekimenen bat edo beste burutuko da. Hau da, gehiago ezin daiteke eskatu gure zentruaren historia laburrerako.

Beste aldetik, gu gara beste talde bat mundu zabal honetan. Hemen argi eta garbi ikus daiteke zelako arazoak dagozan munduan zehar, edozein herritan edo ertzetan idazleak zapalduta gagoz, kartzelaratuta, eta areago, hainbat idazle eta kazetari hilten dabez euren ideiak eta jarrerak defendiduteagaitik. Eta gu ez gara inor baino handiago ezta txikiago ere, beste bat gehiago baino.


4.- Zer dakarzue Berlinetik hemendik aurrera egiteko?

Gauzatxu asko. Alde batetik, Euskal Herrian bertan zabaltzea Euskal PEN Kluba Nazinoarteko PENen egoteak daukan garrantzia. Nik zabaldu nahi neuskie dei berezia kazetariei, ni lako non-fiction-eko idazleei, parte hartu dagien Euskal PEN Klubean eta, honen bitartez, Nazinoarteko PENen, benetan aberatsa eta garrantzitsua dalako. Sekulako garrantzia dauka guretzat nazinoartean burua erakusteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu