Gaztelaniatik bizkaierarako bidea
2006-05-26 02:00 Euskerea berbagai'...euskera baturako araututako formakaz batera, Bizkai euskerearen beraren berba zein erabilera bereziak batu ditue hiztegiok...'
‘Idatzizko eta ahozko iturri lexikografiko berberetatik edanda eta gaurko hiztun elebidunen beharrizanak oinarri hartuta, euskera baturako araututako formakaz batera, Bizkai euskerearen beraren berba zein erabilera bereziak batu ditue hiztegiok, baita aldi berean euskara batua eta bizkaierea zehatz buztartu be’. Ideia horretan oinarritzen dira Labayru Ikastegiak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan modu ofizialean aurkeztu dituan liburuok: ‘Diccionario Labayru, Vizcaíno y Batua conjuntados’ eta ‘Bizkai euskerearen jarraibide liburua, bigarren pausuak’ .
Ekitaldian, besteak beste, Adolfo Arejita ekimenaren zuzendaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputadu nagusia, Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko zuzendaria, Belen Greaves BFAko Kultura diputadua eta Ander Manterola Labayru Ikastegiko zuzendaria izan dira.
Greavesen agurraren ostean, Arejitak lan-taldeari eskerrak emonez hasi dau berbalditxua, ‘egitasmoa hainbat lagunek osotutako lan-taldearen metodologia zehatz eta zorrotzaren emoitzea baita’. Aurretik argitaratutako 'Labayru Hiztegia: Bizkaierea eta Batua (b)uztarturik' hiztegia ekarri dau gogora eta aurkeztu barri dabena eta ha ‘egitasmo beraren adarrak’ legez definidu ditu. Gaztelaniazko zatia gorpuzteko, gaur egun hizkuntza horrek dituan produkzino lexikografikorik onenak hartu dira oinarri, ‘ez dalako eredu bakar bati estu-estuan lotu gura izan’.
Euskaltzaindiaren hiztegi batuaren bidetik, Bizkai euskerearen lexikoa finkatzea da lanon helburua eta horretan, hiztegiez gan, zeresan handia daukie jarraibide liburuek. ‘Lehenengo pausuak’ liburukian, bizkai euskerearen morfologiaz arduratu ziran joskeraz baino gehiago. ‘Bigarren pausuak’ liburukian, barriz, esaldi-egiturak aztertu ditue, erabiltzaileari ahalik eta modurik errazenean helarazoteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!