Gorka Knörr: 'Aniztasuna ez bada autortzen, jai dogu'
2006-05-26 02:00 BarriketanArimaren Zubiak / Ponts de l´anima izeneko diskoa kaleratu barri dau.
Musikatik urrun eta politikearen zurrunbiloan sartuta egon ostean, atzean itxi beharrekoak atzean itxi eta bide barriari ekin deutso Gorka Knörrek. Arimaren Zubiak / Ponts de l´anima izeneko diskoa kaleratu barri dau eta gogotik ekin deutso etapa barri honi.
1.- Zazpi kanta katalanez abesten dozuz eta, euskeraz, bost, tartean bat Serraten kanta baten moldaketea. Aparteko arrazoirik egon da horretarako ala berez urten deutsun kontua da?
Orain dala bost bat urte, beste diskoa preparau nebanean, hizkuntza bi horreetan kantetako ideia otu jatan. Euskeraz kanteteaz gan, katalanez kantetako asmoa neukan. Baina ez da asmo barria. Lehenago be, tartema-marteka, kanta batzuk katalanez kantau izan doguz Natxo anaiak eta biok. Gogoratzen dot Malta ugarteko unibersidade batean emondako kontzertu batean katalanez abestu genduala. Baina ez ginan estudiora sartu grabazinoari ekiteko.
Holan ba, asmo hori aspalditik dator, orain gauzatu arren. Lehenengo lana dogu euskeraz eta katalanez. Azken batean, hizkuntza horreek gure bizitzako erreferentzia biak dira. Horren erakusle adierazgarria diskoaren beraren izenburua da, Arimaren Zubiak / Ponts de l´anima. Zubiek erreferentzia horreek biak lotzen dabez, hizkuntza biak, musika biak. Izan be, musikeari jagokonean, bardintasun ugari dagoz bertoko eta Kataluniako musikearen artean. Havanerak, berbarako, leku bietan daukie arrakastea eta diskoko bosgarren kantea, ‘Tamarui’, havanera katalan bat da.
2.- Zelako gaiak landu dozuz?
Tematika aldetik be badago kidetasuna lurralde bien artean: amodioa, gai erreibindikatiboak, poesia ikusteko erea...
3.- Diskoagaz, amari gorazarrea egin gura izan deutsazu.
Ama Terra Altakoa (Tarragona) da. Bertan daukagu familiaren parte bat eta gure senide asko be han dagoz lurperatuta. Katalan peto-petoa da ama. Generalitatak herriz herri kamioietan eroaten ebazan mahaietan ikasi eban katalanez idazten. Oso katalana da eta berak erakutsi deuskuz Natxori eta biori Mediterraneoko zaporeak maitatzen.
4.- Hamabost urteko isilunearen ostean Gogoaren taupadak izeneko diskoa etorri zan 2000an. Orain, sei urte hartu dozuz disko hau atarateko. Politikatik aparte, asti gehiago dozu sormenerako?
Bai. Disko bat egiteko egokiera bat behar dozu, trankil egon behar zara, horretarako gogoagaz. Politikan sartuta bazagoz, oso gatxa da hori. Proiektu honeek aurrera eroan ahal izateko, astiaz gan, burua libre euki behar da, zure burua libre ikusi behar dozu.
5.- Nork bultzatu zaitu diskoa ataratera?
Gure emonaldietan, Natxok eta biok beti kantau izan dogu abestiren bat edo beste katalanez. Orduan, batak besteari galdetu geuntson: zergaitik ez dogu disko bat katalanez egiten? Bartzelonako Santa Susana herrian sortu zan ideia eta, han inguruan estudio bat egoala aprobetxauta, bertara joan ginan. Kantak aukeratzen, grabetan... hasi ginan eta handik hilabete batzutara Gasteizera etortea erabagi genduan. Honetan dabilenak badaki mueta honetako proiektuak egiteko denpora luzea behar dala, ezin dirala egun batetik bestera egin. Horregaitik emon dogu guk urtebete baino gehiago eta emoitza kaleratu barri dogu.
Oinarri lana Natxoren pianoa da eta Koldo Uriarte pianojoleagaz be egin dou lan. Guk gura genduan diskoa egin dogu, handinahirik bakoa. Gurago genduan bertoko jenteagaz lan egitea kanpora jotea baino.
6.- Lanpetuta ibili arren, ikasteko astia be atara dozu. Nondik-nora otu jatzun ikasgelatara bueltetako ideia?
Nire semeagaz batera animau nintzan unibersidadean Enpresa Zientziak ikasten hastera, batak besteari motibazinoa emoteko. Gogorra izan da. Esperientzia polita da, baina oso gogorra. Pentsau, matematikak 68an gainditu nebazan eta orain barriro ikasi beharra.
Esperientzia gogobetegarria da, lehenengoz ohorezko matrikula bat lortu dodalako. Baina gogorra be bai.
7.- Zuk zeuk sarritan esan dozu leku askotako gizona zarela.
Kanta batean esaten neban: ‘denek badakizute euskaldun naizela bainan dut arima toki askotarikoa’. Nire familian aniztasuna da nagusi, Europako aniztasuna. Ni Alemaniatik etorritako gizaseme batek sortutako familia batekoa naz, non eta Gasteizen. Gerra Zibila zala eta, ama eta aita Aragoi aldean alkartu eta ezkondu egin ziran. Kataluniatik, lau urtegaz, Donostira. Beraz, alemaniar jatorriko familia amagandik jasotako ekarpen katalanagaz. Hori aberastasuna da guretzat. Aniztasuna ulertzen laguntzen dau. Elebakarrak diranek eta euren herria baino ez dabenak ez dabenak ikusten ez dira normalean kapaz izaten aniztasuna bere osotasunean ulertzeko. Berba egin, bai, baina ulertu, ez.
8.- Bat dator jarrera hori abertzaletasunagaz?
Bai. Beti esan dot hori guztia izateak lagundu egiten deutsula aniztasuna ulertzen eta aniztasuna bakotxak daukan nortasunetik abiatzen da. Nortasun batek ez dau beste nortasun bat ukatu behar eta, zoritxarrez, larregitan pasetan da hori, Espainian legez. Espainiako estaduan betikoa nagusitzen da, nortasuna zer dan ez dalako ulertzen ezta autortzen. Hori da arazoa. Askozaz errazagoa izango litzateke, Katalunian berbarako, hango erabagiaz berba egitea. Baina jarrera zapaltzaileagaz jokatzen da beti eta horrek adierazoten dau zelan ulertzen daben nortasuna eta aniztasuna.
9.- Lan honetan Mohamed Sidatiren poema bat erabili dozu. Saharak lortuko ete dau inoiz independentzia?
Bai. Kanta horretan gaztelaniaz abesten dot, nire ibilbide musikalean lehenengoz. Gasteizen errefuxiatuta dagozan saharaui batzuek parte hartu dabe eta eurek agurtzeko daukien era harrigarria entzun daiteke.
Ez da erraza independentzia lortzea. Espainiak dauka erantzukizunik handiena, potentzia kolonizatzailea izanik. Oraindino ez dau, ezelan be, Sahararen eskubideen alde jokatu. Espainia eta Marokoren arteko hartu-emon ekonomikoak nagusitzen dira Saharak autodeterminazinorako daukan eskubidearen ganetik. Hori da arazoa. Baina hori ez da bakarrik Saharagaz pasetan. Mundu honetan, planteamentu ekonomikoari beste ezeri baino garrantzi gehiago emoten jako. Zoritxarrez, hogeta hamar urte pasauta be, Saharako errefutxiatuek bardin segiduten dabe, nazinoarteko komunidadeak baztertuta. Oso gatxa da baina ez dogu ezertan amore emon behar. Horregaitik grabau izan dot lehenengoz neure bizitzan zeozer gaztelaniaz.
Espainiak ezikusiarena egiten dau gauza askotan eta bere hizkuntzea horrenbeste maite dauen erresumeak ez dau sekula autortu Saharako eskoletan gaztelaniaz irakasten dala. Hori da Espainiatik espero geinken jarrera bakarra, jarrera zapaltzailea, eskergatxa... negargarria.
10.- Katalunia eta Euskal Herria barruan daroazuz. Azken aldiko jazoerak kontuan hartuta, zelan ikusten dozu lurralde bien etorkizuna?
Diskoaren azalean islatu gura izan dogu ikuspegi bikotx hori. Holan, Mediterraneo Itsasoa eta Itsaso Atlantikoa irudikatu doguz, bata bare-bare eta bestea bizkor.
Lurraldeen etorkizunari jagokonez... oso kezkatuta ikusten dot euren etorkizuna. Katalunian, hamarkada pare bat pasau dira estatutu barri bat aldarrikatzen egoan alderdiagaz. Azkenean, lortu egin eben eta, lortzeaz ganera, gobernu akordioan alderdiek parlamentuaren erabagiak errespetetetako konpromisoa hartu eben. Baina hori guztia bertan behera geratu da, Espainian nagusi dan aderdiak arazoak ditualako gauza horreek autortzeko eta eskuzabal izan ezkero hauteskundeak galtzeko bildur dira. Hori pasau da Katalunian eta hemen alkarrizketa prozesua zabaldu da. Alkarrizketa prozesua zabaltzen danean ikusgai dago pasauko dana. Ni Carod Roviragaz bat nator eta uste dot orain, momentu honetan, Espainiako gobernuan ustez federalistea dan alderdia dagoanean, Katalunian ezkerreko gobernu katalana dagoanean, Galizian beste era bateko gobernua dagoanean... Espainian dagoan aniztasuna kontuan hartuta, orain ez bada aurrera egiten eta aniztasun hori autortzen, jai dogu. Hemen arazoa ez da estatutu barria edo diru apur bat gehiago. Hemen, arazoa, Espainiako estatuko erabagi-esparru diferenteak autortuko diran ala ez da. Ostean, esparru horreek erabagiko dabez euren arteko adostasunak.
Hemen arazoa estadua bera da. Antxinakoa da, eraginik bakoa. Gure dirua alperrik gastetan dau eta ez dabe estadu hori desmontau gura. Hori da arazoa.
11.- Ikusitakoak ikusita eta bizitakoak bizita, barriro politikan hasteko asmorik?
Oraindino, ez. Politikan esaten dan legez, ezin da inoiz esan 'inoiz ez' baina, oraingoz, ez daukat gogorik. Hori bai, Kataluniako erreferendumerako kartelak jarten joango naz, ezetzaren alde, jakina.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!