Larre-aldaketea: baserritik Gorbeiara
2006-05-22 02:00Pasa dan domekan, maiatzaren 28an, Elexartza baserritik abiatuz Arrabako landaraino egindako larre aldaketan Enrike Etxebarria artzainari eta bere artaldeari laguntzeko aukerea eskaini dau Ipizki Taldeak.
Urtero udaberrian naturea neguko letargiatik izartuteaz batera, larre-aldaketearen lekuko izaten da Gorbeia, abelgorri, behor, ahuntz eta batez be ardiak mendira zuzentzen baitira. Pasa dan domekan, maiatzaren 28an, Elexartza baserritik abiatuz Arrabako landaraino egindako larre aldaketan Enrike Etxebarria artzainari eta bere artaldeari laguntzeko aukerea eskaini dau Ipizki Taldeak.
Antxinako indarragaz ez bada be, oraindino bizirik dirau abeltzantzeak Gorbeia mendiaren inguruetako herrietan. Lurrotan aspalditik abelgorri, zaldi, ahuntz eta batez be ardiak hazten dabez. Urtaroetako eguraldi aldaketen ondorioz, Gorbeialdeko abeltzainek mendiko larreetatik alde egin behar izaten dabe; lehenengo edurteakaz batera, abeltzainak eta euren ganaduak haraneko barrutietara bajatu eta mendia lurmendu eta bedar barria ernetzen hasi arte bertan geratzen dira.
Udaberria uda bilakatzen dan neurrian, barriro hartzen dabe goranzko bidea basoko ganaduek, hurrengo negura arte Gorbeiako landa emonkor eta freskoetara, hain zuzen. Eta hori izan da pasa dan astegoienean, Enrike Etxebarriak eta bere artaldeak egin dabena Elexartza baserritik abiatuz Arrabako landaraino heltzen dan ibilbidea eginaz.
Gorbeiatik bajatu zanetik bere baserri inguruan jagon dau artaldea Enrikek, eta azken hilebeteetan, neguan eta udaberrian artzaintzeak eskatzen dituan lanak egiteari gogor ekin deutso: lehenengo axurien jaiotzea, hazkuntzea eta salmentea, eta gero esne batzea eta gaztaigintzea.
Gorbeiako egonaldia
Daborduko Gorbeia mendian bedarra hazi egin da eta ganaduak hartzeko prest azaltzen dira larreak elikagai gozoa eskainiz; horregaitik, bideari ekingo deutso Enrikek artaldeagaz, hurrengo bi hilebeteetan bere ardiek emongo deutsen esne aberatsagaz goi mailako gaztaiak egiteko.
Garagarrilaren amaierara arte Arraban, Lekanda mendiaren oinarrian dauen txabolea izango da Enrikeren bizilekua eta artaldea jagotea, esnea batzea eta gaztaiak egitea izango dira egunero egin beharko dituan lanak. Goizez eta arratsaldez, ehunetik gora ardiren errapeak igaroko dira Enrikeren eskuetatik, jarraian gaztaigintzeari ekiteko. Holakoa izango da egunen joan-etorria, garagarrilaren 31k, San Inazio egunak, ardiak antzutu eta artzainaren udako mendiko egonaldia amaitu dala iragarri arte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!