Bilbo Handian euskerazko telebistea sortzeko proiektua martxan dago

Saioa Torre Gereketa 2006-05-18 02:00

Lizentzien banaketea argitaratzear dago eta, Bilbo Handian euskerazko telebista baten beharrizana ikusita, Ibaizabal taldeak gogor ekin deutso erronkeari.

Ibaizabal taldeak erronka itzela dauka esku artean: Bilbo Handian euskerazko telebistea martxan jartea. Proiektuaren nondik-norakoak Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu ditue hainbat arpegi ezagunen laguntzinoagaz, Julio Ibarra, Gotzon Garate eta Jose Angel Iribar, berbarako. Aurkezpen-lanetan Joxi Basterretxea EHUko irakaslea eta Goizalde Landabaso eta Gotzon Hermosilla kazetariak izan dira.

Bilbo, Barakaldo eta Getxok osotzen dabe Bilbo Handia Eusko Jaurlaritzeak lizentzien ganean argitaratutako dekretu zirriborroan aintzat hartzen danaren arabera. Halanda be, Trapagaranetik Muskizera, Basauri, Galdakao, Leioa, Plentzia eta beste hainbat herri be aintzat hartzen ditue Ibaizabalekoek eta 'horreetara danetara zuzenduta egongo litzateke telebistea', Landabasoren esanetan. Eusko Jaurlaritzeak lau lizentzia banatzen ditu eskualdeko eta, 'horren arabera, hamabi lizentzia jagokoz proiektu honi baina Eusko Jaurlaritzeak dekretua aurkeztu arte gauza horreek oraindino ez dagoz argi', zehaztu dau Hermosillak. Dekretua egunotan argitaratzekoa zan baina 'atzeratu egingo da'. Holan, udea pasauta eta lizentzien banaketea argituta, 'urte bi edo hiru beharko leukez telebisteak emitiduten hasteko'.

Hurreko informazinoa euskeraz emotea izango da telebistearen helburu nagusia. 'Zirriborroan izentetan diran hiru eskualdeetan 146.188 euskaldun bizi gara. Kopuru horri euskerazko telebistea ikusteko kapazak diran ia-euskaldunak gehitzen badeutsaguz, danetara 378.418 lagun dira telebistearen bidez hemengo barri euskeraz jaso leikienak, hau da, biztanleen % 42,90', dinoe Ibaizabaleko ordezkariek. Horren harira, Bilbo Handian euskerazko telebistearen beharra ikusi eta lanari ekin deutse. Bidea hasi baino ez dabe egin baina gogotik ekin deutse erronkeari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu