Juanjo Otaño: ‘Ikasleen heziketa integrala bultzatzen dogu’

Koldo Isusi Zuazo 2006-05-18 02:00   Barriketan
Humanitate-Enpresa Lizentziako zuzendaria

Mondragon Unibersidadearen Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak (HUHEZI) 30 urte bete ditu aurten. Gaur egun, Mondragon Unibersidadean 4.000 ikasle inguru eta 22 gradu-titulazino dagoz. Horrezaz ganera, graduondoko ikasketetan 15 master eta unibersidade-aditu izateko 8 ikastaro eskaintzen ditu. Mondragon Unibersidadea hiru ikastegik osotzen dabe: Goi Eskola Politeknikoak, Enpresa Zientzien Fakultadeak eta Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak.

Goi Eskola Politeknikoak campus bi ditu, Arrasatekoa eta Ordiziakoa.

Enpresa Zientzien Fakultadeak be campus bi ditu, bata Oñatin eta bestea Irunen.

Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak campus bakarra dauka, Eskoriatzan.

Urteurrenaren atxakian, Humanidade-Enpresa Lizentziako zuzendaria dan Juanjo Otañogaz egin dogu barriketaldia.


1.- Mondragon Unibersidadearen Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak (HUHEZI) 30 urte bete ditu aurten. Sorburua Hezibide alkarteak sortutako Irakasle Eskolea izan zan, euskerazko irakaskuntzeak irakasle tituludunak behar zituala ikusirik...

Behar bati erantzuna emoteko eta hutsune bat beteteko sortu zan 1976an Irakasle Eskolea (gaur egun HUHEZI): euskerea irakasteko eta euskeraz irakasteko behar zan irakaslegoa preparetako. Ikastolen mobimentua zabaltzen hasia zan eta Eskola Publikoan be euskerea zabaltzen hasita egoan; beraz, euskerea irakasteko eta ikasgaiak euskeraz emoteko irakasleak behar ziran. Eta hori Unibersidadeak ez eban eskaintzen. Euskal Herri mailan, Irakasle Eskolea izan zan lehenengo ikastetxe unibersitarioa ikasketak euskeraz eskaintzen hasteko.


2.- Gaur egun HUHEZI eta, oro har, MU erreferentzia dirala uste dozu?

Erreferentzia lar esatea izan daiteke. Aldiz, ezaugarri berezi batzuk daukaguz eta horreek landu gura izan doguz beti, berbarako, euskerea, euskal kulturea eta euskal gizartea dira gure ardatzetako batzuk; ikasleakaz konprometiduta gagoz eta euren heziketa integrala bultzatu gura dogu, konpetentzia profesionalak zein personalak; Fakultate txikia gara eta horrek laguntzen deusku ikasleakandik hur egoten, euren ibilbide personal eta profesionala eregiteko laguntzinoa eta tutoretzea eskainiz; inguruagaz hartu-emon estuak daukaguz eta horrek aukerea emoten deusku gure karreratan teoria eta praktikea lotzeko, eta, aldi berean, praktikak eta karrera amaierako proiektuak egiteko eskoletan eta enpresa eta erakundeetan...


3.- 30 urteotako ibilbidean ze pausu nabarmenduko zeunke, akaso, 1980an Irakasle Eskolea kooperatiba bihurtzea?

Guretzat kooperatiba izatea gauza guztiz normala izan da. Horregaitik gure artean gehiago nabarmendu doguz sendotze akademiko eta soziala markau daben momentuak, berbarako, 1978an errekonozimendu ofiziala lortu genduanekoa, 1979an lehenengo promozioa ataratea eta Ikastoletako eta Eskola Publikoko titulubako irakasleentzat Plangintza Berezia hastea. Plangintza hau Catalunyan kopiau eben Haur Eskoletan lan egiten eben titulubako irakasleei aplikatuz.

1980. hamarkadan Irakasle Eskolea sendotu eta espezialidade desbardinak martxan jarri ziran; aldi berean, irakasleen formazio iraunkorrari ekin jakon.

1990. hamarkadan, barriz, magisterioko ikasketa plangintzea eta espezialidadeak aldatu egin ziran eta horrek egokitzapen prozesua ekarri eban. Abiarazotako espezialidadeak ondokoak izan ziran: Haur Hezkuntzea, Atzerriko hizkuntzea, Hezkuntza Berezia eta harmarkadearen amaieran Hezkuntza Fisikoa.

1997an, Mondragon Unibersidadea sortu zan, Hezibide elkartearen inguruan sortutako hiru Eskola Unibersitario batuz: Arrasateko Eskola Politeknikoa, Oñatiko ETEO eta Eskoriatzako Irakasle Eskolea. Mondragon Unibersidadeagaz bat Irakasle Eskolea Huhezi bihurtu zan, Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea eta lizentziatura barri batzuk abian jarri ziran: Humanidadeak—Enpresa lizentziaturea, Psikopedagogian lizentziaturea, bi ibilbidegaz: Hizkuntzan aplikautako Psikopedagogia eta Esku-hartze Psikopedagogikoa.

Azkenengo urteetan Irakasletzan beste bi espezialidade barri sortu dira: Lehen Hezkuntzea eta Entzumena eta Mintzaira.

Bestalde, arlo barri bat jorratzen hasi gara: komunikazino arloa, hasieran Humanitateetako lizentziaturearen eskutik eta aurtengo ikasturtean Ikus-entzunezko komunikazinoan lizentziaturearen eskutik.

Historia labur honetan, akaso, zehetasun batzuk kanpoan geldituko dira, baina ez dot ahaztu nahi bi enpresa barri gure Fakultadean izan dabela sorburua: Ihardun multimedia eta Emun S. Coop.


4.- Deustuko Unibersidadeko Euskal Filologiak be 30 urte bete ditu aurten baina matrikulautako ikasleak gitxiago dira urtetik urtera. Zientzia adarrak dauka gaur egun indar gehien? Azken urteotan zelako gorabeherak izan dira Huhezin matrikulazinoari jagokonez?

Oro har, nahiko pozik gagoz matrikulazino datuakaz. 1990an, gitxi gora behera, Irakasletzan izan genduan krisialdi bat, baina ondoren gorantz joan da matrikulea. Egia da Zientzia arloak daukala gaur egun indar gehien eta hori igarten dogu, batez be, Humanitateak lizentziaturan.

1976. urtean 39 ikaslegaz hasi ginan eta aurtengo ikasturtean 835 ikasle daukaguz holan banatuta: Humanitateak lizentziaturan 126 ikasle; Ikus-entzunezko komunikazinoan 37; Psikopedagogian 99; eta Irakasletzan 573.


5.- Mondragon Unibersidadea kooperatibea da, Mondragón Corporación Cooperativa (MCC) enpresa-multzoko kidea. Zertan eragiten dau horrek ikasleakan?

Gure Fakultadea kooperatibea da eta hiru bazkide mota daukaguz: langileak, ikasleak eta kolaboratzaileak; aginte organoetan hirurek daukie ordezkaritzea. Beraz, eguneroko gestinoan ikasleek bizi dabe kooperatiba izate hori, bertako partaide, protagonista eta kudeatzaile izan daitekezalako.


5.- Enpresa munduan, kooperatibea eredu edo jarraibidetzat hartu leiteke?

Nire eretxiz kooperatiba eredua formula enpresarial bat da eta gure artean ondo funtzionau dau. Hori bai, formula enpresarial hau, formula ekonomikoa baino zeozer gehiago da, eta zenbait baloretan oinarritzen da: alkartasuna, egitura demokratiko eta parte-hartzailea, gizarteagazko konpromisoa… Honek eguneroko bizitzan isla euki behar dau eta bide horretan konpromisio sendoa daukagu; hori eredua ete dan? balio horreetan sinistu ezkero, dudarik ez.


6.- Humanidadeak-Enpresa izeneko lizentzia 1997an sortu zan. Zein izan zan abiaburua? Zeintzuk bidean topautako trabak?

Humanidadeak—Enpresa izeneko lizentzia 1997an sortu zan behar bati erantzun guran, izan be, ikasketa unibersitarioen artean falta zan karrera bat giza faktorearen garrantzia aztertzen ebana. Enpresa-gestinoa Humanidade arlotik aztertzea zeozer berezia da eta personen eta taldeen garrantzia, eta gestinoko ezin ukutuzko hainbat alderdi nabarmentzen ditu. Enpreseari buruzko ikuspegi osoa, integrala emon nahi dau, personen eta taldeen kudeaketa beren beregi aztertuz.

Lizentzia ondo hasi zan eta lan merkatuan integrazino ona izan dau: lehenengo hiru promozinoetan % 89 lanean ari zan. Egun Humanitateak orokorrean gure gizartean sufriduten dagozan krisialdia, geu be sufriduten gagoz.


7.- Irakasle espezializatuak eta euskaldunak topetea arazoa izan da?

Guretzat oso garrantzitsua izan da barruko formazinoa eta bertako langileen artean eregitea hasieran Irakasle Eskolea eta gero Fakultadea. Mondragon Unibersidadea sortu zanean, irakasle barriak etorri dira, espezializatuak, euskaldunak eta euren arloetan adituak.


8.- Unibersidadeko lizentziadun lar eta lanbide-heziketan hutsunea dagoala uste dozu?

1990. hamarkadan ikasle unibersitarioak nabarmen gehitu ziran. Horren arrazoietako bat izan zan krisialdi ekonomikoa; ondorioz, Unibersidadea bihurtzen hasi zan derrigorrezko irakaskuntzearen jarraipena. Gaur egun lanbide heziketeak gora egin dau eta kanpaina ofizialek gehiago bultzatzen dabe heziketa mota hori, zeozelan alkarri konpetentzia eginaz. Orekea lortu beharko litzateke persona bakotxak bere bidea aukeratzeko modua izan daian; heziketa mota desbardin bi dira eta, beraz, hezitzeko, garatzeko eta lana egiteko emoten dabezan aukerak be desbardinak dira.


9.- Zeintzuk dira zure eretxiz euskal unibersidadearen bihar-etziko erronkak?

Nire ustez unibersidadeak beti euki behar ditu kontuan ikuspegi desbardinak: gizarteari begira eta gizartearen beharrei erantzuna emon behar deutse baina etorkizunari begira eta etorkizuna preparetan; beraz, bere eginbeharretan lan merkatua kontuan hartu beharreko aldagai bat da, baina ez bakarra: unibertsitateak sortu behar dau gune bat hausnarketarako, barrikuntzarako, aurrera begira egoteko, edegia eta aurreretxirik barik; unibersidateak sortu behar dau bere barruan askatasun-gunea, ideiak azaldu, egiaztatu eta bide barriak probau eta edegiteko; hori guztia, errespetua, aniztasuna edo garapenaren balioak bideratuz.

Eta horren guztiaren gainean, unibersidadeak jakin behar dau euskal unibersidadea, euskal kulturea eta euskal identidadea globalizazinoagaz, munduagaz eta alderdi unibersalagaz ezkontzen. Azken batean, geure nortasunari eutsiz mundua eregitea da kontua. Nire ustez pausu batzuk emoten gagoz: geure ikasketetan bi edo hiru hizkuntza sartzen doguzanean, beste unibersidadeakaz alkartrukeak egiten doguzanean… bide horretatik goaz. Kakoa da hau guztia ez bizitea mehatxu edo arrisku legez, norberaren eta gizartearen garapenerako aukera moduan baino.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu