Errioxako 2005eko produkzinoa ‘bikaina’ izan da

Imanol Sarasola Enologoa 2006-05-18 02:00   Jan edanak

Errioxako Jatorrizko Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak 2005eko uzteari balorazinorik altuena emotea erabagi dau.

Errioxako Jatorrizko Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak 2005eko uzteari balorazinorik altuena emotea erabagi dau, izan be, urte horretako ardaoek azken urteotako kalidadezko parametrorik onenak lortu dabez. Ardaoen kalidadea goraipatzeko azpimarratutako ezaugarriak bi izan dira: kolorearen intensidadea eta polifenol totalen indizea.

Kalidade bikain horren zergaitiak aztertu ostean, klimatologia nabarmendu dabe. Izan be, igaz, eguraldiak mahastiaren hazte, loraldi eta ontze prezesuan asko lagundu eban. Eta batez be mahats-batze garaian; mahatsa guztiz heldu arte ez zan batu beharrik izan. Ganera, denporaldi osoan mahastien egoera sanitarioa aproposa izan zan.

Errioxako ardaoen kalifikazino prozesuan uzta bakotxean jasotako ardao guztien ezaugarriak aztertzen dira. Azterketa hori egin ostean emoten dira Jatorrizko Izendapen Kalifikatuak. Urtearen balorazinoa egiteko balio dabe Kontseilu Erregulatzaileak emondako emoitzek, prozedura estadistiko baten ostean eta objetibotasunez ataratakoak baitira.

2005eko produkzinoa, kalidadeari eta kantidadeari jagokenez, bikaina izan da. Danetara, 59.212 hektarea landu ziran; horreetatik 54.567 hektarea mahats baltzagaz eta ganerako 4.645 hektareak bariedade zuriakaz.

Igazko zemendian hasi zan mahatsa kalifiketako prozesua. Lehenengo, Kontseilu Erregulatzaileak aginduta, bodega bakotxean laginak jasoten dira (bakotxak, gehienez, 100.000 litro ordezkatu leikez). Ostean, lagin hori jatorrizko izendapeneko laborategi enologikoan aztertzen da eta gero hiru katadore edota dastatzailez osotutako batzordeak balorazinoa egiten dau. Katadore horreek Kontseilu Erregulatzaileak daukazan 100 dastatzaile aditutik gorako kanpoko erakunde batekoak dira. Balorazino organoleptikorako prozedura oso zorrotza eta isilpekoa da.

Aurtengo martiaren 31ra arte, 4.283 lagin aurkeztu dira kalifikazino prozesura. Danek pasau behar izan dabez proba zorrotzak izendapena jasoteko. Danetara, 273,1 miloe litro kalifikau dabez eta 65 lagin bota dira atzera, deskalifikazino analitikoa edota sensoriala dala eta. Proben zorroztasuna eta aurkeztutako lagin kopurua kontuan hartuta, oso gitxi bota dabez atzera. Ondorioz, esan daiteke igazkoa urte ona izan zala ardaoarentzat.

Amaitzeko esan, 1925ean Kontseilu Erregulatzailea osotu zanetik 12 urte baino ez dirala ‘bikainak’ izan. Azken bostak honeek izan dira: 2005, 2004, 2001, 1995 eta 1994.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu