Ibilaldiak batuko gaitu maiatzaren 28an

Saioa Torre Gereketa 2006-05-17 02:00   Euskerea berbagai

Aste bi barru, eguraldia lagun, milaka euskaltzale batuko dira Elorrion Bizkaiko Ikastolen aldeko jaia ospatzeko.

Aste bi barru, eguraldia lagun, milaka euskaltzale batuko dira Elorrion Bizkaiko Ikastolen aldeko jaia ospatzeko. Aurten, Elorrioko Txintxirri ikastoleak antolatu dau Ibilaldia, ‘Batzen gaituena...’ lelopean. Horren eta beste kontu askoren ganean berba egiteko, prensaurrekoa egin dabe gaur Bilboko Kafe Antzokian. Bertaraino hurreratu dira Jose Luis Aurtenetxe, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko presidentea, Ainhoa Apaolaza, Ibilaldia´06ren koordinatzailea eta Iñaki Erroz, Txintxirri ikastolako zuzendaria.

Aurtengo Ibilaldiaren oinarriak ‘partaidetzea eta aniztasuna’ dirala zehaztu dau Errozek. Horretarako, maiatzaren 28a heldu baino lehenago be, lan eta lan ibili dira mila lagunetik gora. ‘Ibilaldiagaz batera, ikastolearen hezkuntza proiektua zehaztu gura izan dogu, Txintxirrik aurrerantzean jarraituko dauen bidea zein izango dan finkatu’, dinosku zuzendariak. Horren harira, hiru dei egin ditu antolakuntza-taldeak: lehenengo, Ibilaldia euskerearen eguna dala gogoratu dabe, ‘euskerearen alde dagozanak, euskeraz berbetan jakin zein ez, konbidauta dagoz’; bigarren, hain ezaguna dan boteiloia ebitau gura dabe eta, horretarako, kalean neurririk barik edatearen kontrako mezuak zabaltzen ibili dira gazteen artean; eta hirugarren, natureaganako sentikortasuna bultzatu gura dabe.


Egitaraua

Bost gune antolatu ditue Elorrio inguruan eta herrian bertan. Lehenengoa, ‘Batzen gaituena’, umeen txokoa izango da; bigarrenean, ‘Naturarekin bat egitea’, puzgarriak, txakurren erakustaldia eta umeentzako tailerrak izango dira; hirugarrenean, ‘Aniztasuna’ gunean, txalaparta eta didjeridoo tailerrak izango dira; laugarrenak ‘Parte hartzea’ izena daroa eta bertan Lor edota Sorkunen kontzertuez gozetako aukerea izango dabe gazteek eta ez horren gazteek; azkenik, bosgarrenean, ‘Herri ekimena’ izenagaz, Arantza eta Pantxo edota Adunia taldeek eskainiko ditue kontzertuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu