Uda sasoiaz gozetako hamaika arrazoi eta mila aukera!

Bizkaie! 2006-05-17 02:00   Euskerea berbagai

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoko alkarteek euskerearen erabilerea aisian be sustatzea helburu dauen eskaintzea abiarazo dabe.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazioko alkarteek euren udako eskaintzea aurkeztu barri dabe, berezko ezaugarriak nabarmenduz. Era horretara, euskerearen erabilerea aisian be sustatzea helburu dauen eskaintzea abiarazoko dabe.

Euskara Alkarteen jarduna aisialdiagaz lotuta hasi zan, ezagutza eta erabilerearen arteko desorekea gainditzeko asmoz, aisian euskerearen erabilerea erakargarritasun eta sormenagaz lotuz. Beraz, lehenengo udalekuak orain 19 urte antolatu zituen Euskara Alkarteek. Horregaitik, Topaguneko Gazte Saileko arduradun Sonia Pérez Anguerak 'Euskara Alkarteen eskarmentu handia' azpimarratu dau.

'Aurtengo eskaintzeak Euskara Alkarteen oinarrizko helburuari helduko deutso eta beste hainbat aukera barri be zabalduko dau' , Txatxilipurdi elkarteko idazkari Elena Errartek azaldu bezela.

Aurtengo lemaren harian, lehenengo eta behin, hamaika dira Euskara Alkarteen aisiako eskaintzearen zelakotasuna zehazten dituen ezaugarriak:

1.- Eskaintza planifikatua da eta egitasmo sendo batean kokatuta dago.

2.- Eskaintza jarraitua da. Aisia euskaraz biziteko asmo sendoagaz sortutakoa, eta edadea (2-17 urte bitarteko haur eta gazteak) zein egutegia (urte osoa) kontuan hartzen dituana.

3.- Herritartasunean oinarrituta dago. Herritik sortutako eskaintzea da eta herriari begira landu eta emoten da. Herrian erreferente izatea lortu dau.

4.- Sormenezkoa da. Euskerearen erabilerea sustatu guran, hamaika modu barri sortzeko gaitasuna izan dau.

5.- Malgua be bada. Egoera eta beharrizan barrietara egokitzeko gaitasuna izan dauen eskaintzea da Euskara Alkarteena. Gainera, euskal kulturea, joera tradizional eta barritzaileak buztartuz garatu da.

6.- Kalidadea da oinarria, kalidadezko kudeaketan oinarria dauen kalidadezko eskaintza hezitzailea baita.

7.- Anitza da eta holan egiaztatzen dau aisiako eskaintza oparoak eta ekipamentuen kudeaketeak: udalekuak, kanpaldiak, auzolandegiak, tailerrak, kultur zirkuituak, ikuskizunak, lehiaketak...

8.- Eredu integratzaile eta parte-hartzailea da ardatza. Batetik, norbanakoen berezitasunak errespetatuz eta mugarik ezarri barik, gizabanakoa sare barrietan integretako eskaintza hezitzaile eta edegia dalako. Bestetik, gurasoek zein gazteek eurek eskaintzearen garapen prozesuan parte hartzeko aukerea emoten dauelako.

9.- Aukera berdintasunean oinarrituta dago, herritar guztiei luzatu eta harreman sare barriak sustatzeko sortutakoa dalako.

10.- Tokian tokikoa da, hur-hurreko beharrizanak asetzeko, bertako berezitasunak errespetatuz eta sustatuz.

11.- Euskerearen eremu osora zuzendutakoa, muga geografikoak gainditzeko sortu dan egitasmoa baita. Alkartrukeak eta hartu-emonak sustatzeko aukerak eskaintzen ditu.

Bigarrenez, 'mila dira Euskara Alkarteen udako eskaintzak emoten dituan aukerak' azaldu dau Ttakun Kultur Alkarteko aisia saileko arduradun Saioa Larruskainek. 'Hainbat udaleku mueta dagoz ', zehaztu dau, 'edegiak, kanpaldiak, ibiltariak etab.' Eskaintza zabal hori '2-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago'. Honako datuek horren dimentsiona emoten dabe: Euskal Herriko hemeretzi herritan udalekuak izango ditue, hamabi Euskara Alkartek antolatuta, eta 4.500 umek (hamabi urtetik beherakoak), 300 gaztek (hamahiru urtetik aurrerakoak) eta 500 hezitzailek parte hartuko dabe.

Horregatik guztiagatik, 'Hamaika arrazoi eta mila aukera' honeek udako ekintzen aukerea 'jolasa baino gehiago' dirala adierazo dau Saioa Larruskainek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu