Goretti Dañobeitia: 'Venezuelak bihotza ostu deust'
2006-05-12 02:00 BarriketanKazetaria, soinularia eta bidaiak maite dituan lezamarra.
Lezamarra, kazetaria, soinularia eta bidaiak maite dituana. ETBn albistegietan eta Radio Euskadi eta Euskadi Irratian kolaboratzaile ibilitakoa Venezuelatik. Venezuelan urte bi egin ditu beka bati esker euskerazko eskolak emoten eta bestelako zeregin batzuetan. Datorren hilean, barriz, Costa Ricara joango da urtebeterako UNESCOgaz.
1.- Urte bi egin dozuz Venezuelan Eguzki, Instituto Vasco Venezolano de Cooperacion erakundean beharrean. Kontaiguzu zein izan dan zure egitekoa.
2004ko urtarrilean joan nintzan Venezuelara Eguzki, Instituto Vasco Venezolano de Cooperacion horretan behar egitera. Zehatz esateko Venezuela eta Euskadiko enpresarioen arteko hartu-emonak finkatzea eta zabaltzea eta Eusko Jaurlaritzeak bialtzen dauen laguntzinoa zein kooperanteak koordinetea eta jarraipena egitea dira nire egitekoak. Horrezaz ganera, Venezuelan dagozan hiru euskal etxeen (Puerto La Cruz, Caracas eta Valentzi) arteko zein euskal etxeen eta Eusko Jaurlaritzearen arteko hartu-emonak bideratu dodaz.
Era berean, Eusko Jaurlaritzea Venezuelan euskal ordezkaritzea zabaldu guran dabil eta horretan be ibili naz. Latinoameriketan beste hiru ordezkaritza dagoz zabalik (Mexiko, Txile eta Argentinan) eta segurutik aurten edo beranduen jota datorren urtean Venezuelakoa zabaltzea espero da.
Oso pozik ibili naz hango erritmoa ikasi eta barruratu ostean, izan be, beste pentsakera bat, behar egiteko beste modu bat dago, gauzak astiroago egiten dira han eta, jakina, kontuak hemen behar dozuz.
2.- Hartu-emonik izan dozu Venezuelan bizi diran euskal jatorriko lagunakaz?
Euskal etxeetako kolektibidadeakaz izan dodaz hartu-emonak eta euskerazko eskolak be emon izan dodaz Caracaseko Eusko Etxean; ikasle gehienak euskal jatorrikoak izan arren (hemen jaiotakoak edo gurasoak edo aitita-amamak hemengoak daukiezanak), Venezuelako lagun bi be euki nebazan euskerea ikasten.
Beste alde batetik, eguneroko bizimoduan be ezagutzen dozuz lagunak, Venezuelan oso arrunta da jenteak euskal jatorriko senitartekoren bat izatea eta, sarritan jentea hurreratzen jatan kalean, euskalduna ete nintzan galdezka (izan be, euskal arpegia dauakadala esaten eusten askotan) edo abizenen kontura kontsultaren bat egiteko.
3.- Herritar arruntak zelan bizi dira Venezuelan?
Herritarren gehiengoa (% 75 inguru) pobrezian bizi da Venezuelan; euskal jatorriko gitxi bizi dira egoera horretan baina badagoz batzuk nahikoa estu eta larri dabizenak. Jaubetu zaitezan, hilean 140 euroko soldateagaz bizi dira eta kasu askotan senarrik bako amak dira, laupabost seme-alaba daukiezanak, bakotxa aita batenak.
Caracasen, berbarako, argi ikusten da; Caracas haran bat da eta uriaren erdialdean eraikin altuak dagoz baina alboetan, mendietan auzoak dagoz, txabolez josita; jenteak ezelako baimen barik egiten ditu txabolak, ura eta argi-indarra ostu egiten dabe. Eguneroko bizimodua oso gogorra da eta indarkeria giroa bildurgarria; jente gehienak inguruan, familia, lagunartean hildakoak daukaz. Emakume bat ezagutu neban, bosgarren semea tiroz hil eutsenean. Gauetan, auzoetan eta batzuetan baita uriaren erdialdean be lapurretak, bahiketak, errietak, tiroketak izaten dira. Zorionez nire ez jat ezer pasau neure burua ondo zaindu dodalako baina askotan ikusten dozu ez jatzula ezer pasau Jaungoikoak gura izan ez dauelako.
4.- Zer gustau jatzu gehien eta zer gitxien?
Gehien, jentea, hurrekotasuna, berotasuna, kontaktu fisikoaren garrantzia, hango bizimodua. Bizitzako arlo danatan berotasuna da ezaugarri nagusia, oso arin zabaltzen da hango jentea.
Horrezaz aparte, hango klima beroa nabarmenduko neuke, giro tropikala.
Gitxien gustau jatana, barriz, ustelkeria eta hori baino gehiago ustelkeria ontzat hartzea eta justifiketea. Zuk neurri batean ulertzen dozu zergaitik egiten daben baina ustelkeria horrek beste gauza batzuk ekarten ditu: seguridade faltea, hilketak, lapurretak, bahiketak...eta, azken finean, egoera horri bueltea emoteko ezintasuna.
Edozelan be, nahikoa panorama baltza irudikatu dodan arren, alde onak askos gehiago dira txarrak baino eta, ganera, leku turistiko seguru eta ederrak dagoz Venezuelan: Merida, Andeak, Canaima, Salto Angel, Los Roques...
Niretzako Venezuelako esperientzia orain arte euki dodan bizi proiekturik handiena izan da, Venezuelak bihotza ostu deust, bertako jenteak batez be.
5.- Hugo Chavez buru dauen herrialdean zerenbestekoa da ustelkeria politikoa?
Ustelkeria handia dago gaur egun Venezuelan baina baita lehen be, ez da Chavezek hasi dauen zeozer. Latinoameriketan eguneroko bizimoduan ikusten da ustelkeria, ez bakarrik politikan. Berbarako taxi bat hartu eta beharrerako edo tiketa eskatzen deutsazunean, ze kantidade ipini behar dauen galdetzen deutsu, normaltzat hartzen dabe iruzurra. Bizitzako arlo danatan dago ustelkeria, biziteko modu bat da; Chavezen aldekoakaz berba egin eta ustelkeria aitatu ezkero, euren erantzuna ondokoa izaten da: ‘bai, baina lehen be egon da eta orain eurei toketan jake’ . Nire asmoa ez da inondik inora ustelkeria justifiketea baina pentsaizu, berbarako, bizia arriskuan jarten dauen polizia batek 150 euro edo hortik behera kobrau leikezala. Soldatak hain txikiak izanda eta bizimodua hain karu egonda, oso erreza da ustelkeria justifiketea ze Venezuelan bizimodua Euskal Herrian baino apur bat merkeago dago. Zerbitzuak askoz merkeagoak dira; ez ostera, erropak edota supermerkatuetako produktuek (gehienak, inportazinokoak).
6.- Evo Morales, Boliviako presidenteak petrolioa eta gasa nazionalizetako hartutako erabagiaren atzean Hugo Chavez, Venezuelako burua dagoala dinoe adituek. Zein da zure eretxia?
Orain Bolivian pasau dana (hidrokarburoen nazionalizazinoa) 1976an pasau zan Venezuelan Chavezen aginduz eta erabagi horren atzean Fidel Castro egoala zabaldu zan. Moralesen erabagietan be, Castroren itzala nabarmenduko neuke, izan be, Chavez, Morales eta Castrok holako hirukote berezia osotzen dabe estrategia komunistea finkatzeko ahaleginean eta badinotsut, estratega edo filosofo handiena Castro da bape duda barik. Guztiaren atzean, AEBei aurre egiteko asmoa ete dagoan be zabaldu da baina hori oso gatxa da ze inoiz Chavezek petrolioa amerikarrei barik txinatarrei salduko deutsela mehatxu egin arren, praktikan oso gatxa dalako hori garraioan diru asko gastau beharko litzatekelako.
7.- Kazetaria izanik, zelan ikusten dozu Interneten perretxikoak legez zabaldutako blog horreei esker sortu dan informazinoa zabaltzeko eta trukatzeko sistema barria?
Adierazpide libre hori, berez, ona da. Informazinoa trukatuten dan artean, mundua ondo dagoala uste dot, ez dala gauza txarra. Zenbat eta informazino gehiago euki, aukeratzeko gaitasun gehiago dago. Alde txarra, barriz, benetako informazinoa zein dan jakiteko zailtasuna izango litzateke.
8.- Laster kanpora zoaz barriro. Kontaiguzu zelakoa dan proiektua.
Bai. Aurtengo zezeilean bueltau nintzan etxera Venezuelan urte bi pasau ostean eta hilebete batzuk hemen familiagaz eta lagunakaz egin ostean, datorren hilean Costa Ricara joateko amesa daukat urtebete edo birako UNESCOgaz behar egitera, hango komunikazino departamentuan. Ilusino handiagaz noa eta bitxikeria legez esango deutsut Costa Rican nire jefea izango dana venezuelarra dala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!