Star Treken bersino txirenea Internetez

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-05-12 02:00

Finlandiar batzuek Star Trek film ezagunaren bersino barregarria jarri dabe ikusgai www.starwreck.com helbide elektronikoan.

Zinemazale, komikizale edota beste edozein zaletasun daukien askorentzat benetako film mitikoa da hau, Star Trek (‘Izarretara bidaia’). 1966an agertu zan lehenengoz telebistako serie moduan eta hiru urtez emon eben, danetara 78 kapitulu. Giroa, abenturea, personaiak, espazioko planeta desbardinetako zibilizazinoak... ahaztezineko kontuak dira askorentzat: USS Enterprise espazio-ontzia, Kirk kapitaina, Mr. Spock, McCoy medikua, Mr. Scott injineruen burua (Scotty) eta beste asko belanauldi oso baten buruan geratu dira. Euren misinoa zera zan: espazioko mundu, bizitza eredu edota zibilizazino barriak topau eta aztertu.

Arrakasta ikaragarria izan eban eta aparteko gauzak erakusten ziran, ordura arte telebistan ikustezinak ziranak. Berbarako, USS Entreprise espazio-ontzian arraza guztietako personaiek osotzen eben bertako tripulazinoa: amerikar zuriak, asiarrak, baltzak eta baita andrak be, garai hareetako filmetan gauza ezohikoa izan arren (andra baltz bat ofizialen taldekoa zan). Horrezaz ganera, kontuan izan behar da momentuko giroa, hau da, Estadu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko Gerra Hotza. Eta giro horretan, errusiar bat (Pavel Chekov jauna) tripulazino kide moduan sartu zan. Benetan apustu arriskutsua egin eben Estatu Batuetan bizi zan giroa kontuan hartuta. Baina suberteagaitik edo, ondo joan zan dana.

Ordutik hona, marrazki bizidunen saioak, telebistako hainbat saio, pelikulak, liburuak, komikiak... Hainbat kontu egin dira eta, orain, Internetera be ailegau da. Finlandiar batzuek ‘Star Wrek. In the Pirkinning’ filma grabau dabe, orijinalaren parodia, eta Interneten jarri dabe ikusgai. Aste batean 450.000 ikusle izan ditu. Egileen helburua miloe bat deskarga lortzea da eta erritmo honetan laster beteko dabe euren asmoa. www.starwreck.com webgunean deskargau geinke filma. Zazpi urteko lanaren ostean eta aurrekontu murriztuagaz, kalidade handiko efektu bereziak daukaz filmak. Zelan lortu dabe hori diru gitxigaz? creativecommons.org webguneak dauka erantzuna. Orain dala urte bi garatu zan nazinoarteko proiektuaren helburua honakoa da: ‘copyright’ lizentzia mueta tradizionala alde batera itxi eta beste lizentzia zabalagoak plazaratzea. Baina ez dira eskubide guztiak galtzen, ez. Kasu bakotxean, egileak erabagiko dau nork erabili leiken bere lana (kopiau, aldatu...) eta baldintzak jar daitekez.

Pirk kapitaina, Mr. Spökö (Spock), Mr. Fukov (Pavel Chekov), Ensign Shitty (Scotty) eta beste kideak zu itxaroten dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu