Ikasketak euskeraz jarraitzeko deia

Erramun Osa 2006-05-05 02:00   Euskerea berbagai

Errepublikearen kontrako altxamendu militarrak eskola elebidunaren inguruan lehenagotik etorren ahalegina errotik moztea ekarri eban. Horren ostean, frankismoaren sasoirik baltzenean, han-hemenka ikastolak sortzen hasi ziran.

Errepublikearen kontrako altxamendu militarrak eskola elebidunaren inguruan lehenagotik etorren ahalegina errotik moztea ekarri eban. Horren ostean, frankismoaren sasoirik baltzenean, han-hemenka ikastolak sortzen hasi ziran. Ikastolen inguruabarrean sortutako mobimentua izan zan, hain zuzen, euskerazko irakaskuntzea barriro martxan jartea eta zabaltzea lortu ebana. Gauzak holan dirala, Frankismoa igarota, laurogeigarren hamarkadatik hona, administrazino publikoaren barruko eskoletan, lehenago gorpuztutako mobimentu haren esperientziatik edanda, euskerazko eta euskerearen irakaskuntzea bideratzeko pausuak indartu egin ziran.

Halanda be, maisu-maistren gitxiengo batek ekian euskeraz, horreetatik askoz gitxiago ziran kapaz euskeraz irakaskuntzan jarduteko, hainbat euskerearen kontra agertzen zan, ganera, aldi berean, gizartearen gehiengo batek euskeraren aldeko jarrerea izan arren, euren seme-alabak, gehiengo zabal baten behintzat ama-hizkuntzea gaztelania eukenak, euskeraz hezi ezkero, euren hezkuntza-garapenean arazorik izango ete zan zalantza be uxatu behar izan zan. Halanda ze, gabezia horreei iges egiteko danetarik egin behar izan da: maisu-maistrak euskaldundu, euskerazko ereduetan matrikuletearen aldeko kanpainak abiarazo, hezkuntza-garapenean aurrera egiteko modua dagoala frogatzeko ikerketak egin, eta hamaika kontu gehiago.

Hasiera baten eskolatze sasoian egoan jentearen erabateko gehiengoa A ereduan matrikulauta egoan. Halanda guztiz be, urterik urte, gehitzen eta euskerazko B eta D ereduak indartzen joan dira, horrenbeste ze, lurralde bakotxean abiada desbardina igarten dan arren, adin-tarterik gazteenetan D ereduak nagusitasuna hartzeko joerea erakusten dauen. Baina, prozesu bizkor honetan Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, aurrerapausu nabariak emon diran arren, euskerazko irakaskuntzea dago atzeratuen, motelen; batetik, han-hemen eredu desbardinetan ikasten ibilitakoak gela bakar batera ekartean, gaztelaniazko eskaintzeak hartzen dauelako nagusitasuna eta, bestetik, Lanbide Heziketan, horrenbeste eta horren aldakorrak diran moduluak euskeraz eskaintzeko arazoak dagozalako, esate baterako, euskerazko materialak edota modulu horreek eskaintzen dituen profesional euskaldunen ehunekoa nahikoa ez dalako oraindino.

Baina, aurrekoez ganera, bestelako arazoak be badira. Izan be, Batxilergora edo Lanbide Heziketara heldu aurreko ikasketa prozesua euskeraz burutu daben askok, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa euskeraz egin ezkero, aurrera egiteko gauza ez dirala izango edota maila horreetan gaztelaniazko irakaskuntzeak kalidade askoz handiagoa dauela pentsau ohi dabe. Hagaitik, Bizkaiko euskera zerbitzuen bilguneak (Alkarbide), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzagaz abian jarritako Zeurea da aukera, jarraitu euskaraz edo Arrasateko Euskalgintzeak Matrikulatu euskal ereduan lako motibazino kanpainak txalogarriak dira, guztiz.

Goi ikasketetan profesionalak euskalduntzeko ahaleginak egitea, materialak euskeraz egon daitezan inbertsinoak-eta egitea eta abar alperrekoak dira baldin eta euskeraz ikasten ibilitakoek euskeraz ikasten jarraitzeko apustu sendorik egiten ez badabe. Era berean, hainbat azterketak dinoana kontuan hartuta, gaztelaniazko irakaskuntzea ez da euskerazko irakaskuntzea baino hobea, eta kasurik makurrenean, ikasle batek bidean topau leikezan trabak nahikoa erraz gainditzeko moduko kontuak dira.

Bidea eginez egiten da, eta egin ezean, ez dago euskerazko irakaskuntzan eta euskerearen indarberritzean aurrera egiteko modu sendorik, ezta lan-mundura sendotasunez hurreratzeko itxarobiderik be. Bada, jarraitu euskerearen bidean eta ez emon lepoa gure hizkuntzea normalizetako ahaleginei!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu