Mahastien eta ardaoaren inguruko XXIX. jardunaldiak
2006-05-05 02:00 Jan edanakErrioxako mahastiek eta ardaogintzeak gero eta protagonismo gehiago hartzen dagoz nazinoartean. Horren erakusle dira laster egingo diran jardunaldiak.
Errioxako mahastiek eta ardaogintzeak gero eta protagonismo gehiago hartzen dagoz nazinoartean. Oraintsu izandako VINOMAQ-Errioxa eta Nazinoarteko ardaogintzeari buruzko V. foroa jardunaldiak ardaogintzearen inguruko topagune garrantzitsuenetarikoak dira nazinoartean eta horreen parekoa edo oihartzun gehiagokoak dira Mahasti eta Ardoaren inguruko XXIX. Jardunaldiak.
Jardunaldi horreek OIVk edo Nazinoarteko Ardaogintzaren inguruko Erakundeak antolatu ditu. Bagilaren 25etik 30era bitartean izango dira Riojaforum-en, Logroñoko kongresu jauregian.
Gogoratu daigun, OIV ardaogintzearen nazinoarteko erakundea dala (egoitza Parisen dauka). Erakundeak izaera zientifikoa eta teknikoa dauka eta mahastigintzeaz, ardaogintzeaz, ardaoetatik eratorritako edariez, jateko mahatsez, mahats-pasez eta mahastietatik eratorritako ganerako produktuez arduratzen da.
Jardunaldiok 29 partaideko batzorde batek antolatzen ditu. Tartean, MAPAko edo Nekazaritza eta Arrantzarako ministeritzako ardaogintzako arduradunak, erkidegoetako ordezkariak, Logroñoko Udalekoak eta ardaogintzako zenbait profesional izango dira.
Topaketa horreetan, 40 herrialdetatik etorriko diran Europako Batasuneko zein mundu zabaleko profesional ezagunenek hartuko dabe parte. Ardaogintzearen eta mahastien inguruan egingo dabe berba eta kulturea, barrikuntzak, dibersidadea eta enpresak be aitatuko dira.
Lau arlotan banatuko dira jardunaldiak:
1. Mahastigintzea: mahastiaz eta beronen garapen genetikoaz, barrikuntzez eta mahastigintzearen ustiaketa mueta desbardinez egingo dabe berba.
2. Enologia: teknologiaren eta praktika enologikoen inguruko barrikuntzak, interes enologikoko mikroorganismoak eta kalidade kontrol eta azterketa sensorialerako teknikak aztertuko dabez.
3. Ekonomia: merkadua zabaltzeko asmoz, ardao eta mahastigintzarako produktu barrien ezagutzea.
4. Arlo orokorra: mahastigintzarako produktuen dibersidadea, konsumoa eta mahatsaren garrantzia elikaduran aztertuko dabe.
Amaitzeko esan, aitatutako jardunaldiez gain, aste berean, bagilaren 30ean, OIVren IV. bilkura orokorra be egingo dala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!