Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen Txapelketea 2006
2006-05-05 02:00 BertsolaritzeaBizkaiko Umeen eta Gaztetxuen Bertso Txapelketea antolatzen dau Bizkaiko Ikastolen Alkarteak ikasturtearen amaieran. Gipuzkoan, Nafarroan, Araban eta Iparraldean be honezkero martxan dagoz eskolarteko txapelketak.
Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen Bertso Txapelketea antolatzen dau Bizkaiko Ikastolen Alkarteak ikasturtearen amaieran. Gipuzkoan, Nafarroan, Araban eta Iparraldean be honezkero martxan dagoz eskolarteko txapelketak.
Bertsolaritzearen adar bietan egiten da txapelketea: bertso idatzietan eta bat-bateko bertsoetan. Bizkaitarron kasuan, parte hartzaileak Bizkaiko leku guztietatik etorriko dira. Izan be, idatzizkoaren kanporaketetarako egutegia hau izan da eta izango da:
- Maiatzaren 2an, Ondarroako Zubi Zahar ikastolan.
- Maiatzaren 3an, Mungiako Larramendi ikastolan.
- Maiatzaren 4an, Durangoko Kurutziaga ikastolan.
- Maiatzaren 5ean, Gernikako Seber Altube ikastolan.
- Maiatzaren 8an, Trapagarango Itxaropena ikastolan.
- Maiatzaren 9an, Amorebieta-Etxanoko Andra Mari ikastolan.
- Maiatzaren 10ean, Bilboko Abusu ikastolan.
Idatzizkoen finala: maiatzaren 12an, Gernikako Seber Altube ikastolan.
Idatzizkoaren XXIV. edizinoa izango dan honetan, ondino be lan bardina eskatzen jake partaide guztiei: bertso bat lau oinak emonda eta bertso bana bi gairi. Gaiak bardinak izakeran parte hartzaile danentzat, bertsoak sano desbardinak dira txikienetik nagusienera. Berbarako, hemen duela hamar urte, 1996an jarritako gaiari hiru irabazlek jarritako bertsoak:
GAIA: Gernikako arbola
Galder Badiola (5. L.H.)
Bigarren gerra mundialean
salbatu zen zuhaiztxo hau.
Iada urteak ere baditu
hirurehun ta hogetalau.
Ez da mugitu bere tokitik
ez diote ematen ura,
parketxo baten aurkitzen da ta
Baditu hiru ugaldura.
Gaizka Amondarain (8. L.H.)
Zuhaitz eder ta garbi honetaz
esan behar dut egia,
bere eskutan dauka gaur egun
euskaldunon aberria.
Nahiz eta zuhaitz zaharra izan
ez dugu behar berria,
landare honek babesten baitu
osorik Euskal Herria.
Alfredo Paia (Ertainak)
Gernikan bada zuhaitz handi bat
aipatua hainbat aldiz,
Euskal Herriko zeru beltzean
egiten duena diz-diz.
Espainiatik ikusten dute
amorru eta inbiriz.
Gertatzen dena ikusiz,
nik esan behar dut egiz. (bir)
Maitatu eta gustuko nuke
bozkario oso handiz,
gaur egunean turismo gune
soila izango ez balitz.
Bertso batetik besterako tartea eboluzinoa da. Gaia libreagoa danean, ondino errazago igarten da zein diran adin batekoen bildurrak eta zein besteenak. Eta azkenean, bertsotan esaten dabe (neurtuta eta errimatuta) berba hutsez esaten ez dabena. Beraz, bertsoak badauka balio katartikoren bat edo beste.
Astindu arkatzak!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!