Gotzon Garate: ‘Independentzia ez badogu lortzen, gatxa izango da euskereak irautea’

Koldo Isusi Zuazo 2006-05-04 02:00   Barriketan

Deustuko Unibersidadeko Euskal Filologia sortu eban euskaltzale aspergatxa

Deustuko Unibersidadeko Euskal Filologia orain 30 urte sortu eban Gotzon Garatek eta urteurrena aprobetxauta, Gotzon Garate euskaltzale aspergatxari merezidutako omenaldia eskaini eutsen ikasle ohi eta irakasleek. Hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Euskal Filologiaren 30. urteurrenean, ondo merezidutako omenaldia jaso zenduan oraintsu Deustun. Edozelan be, 45 urtetik gora daroazuz idazten eta argitaratzen...

Halaxe da. Nire lanetarik eraginik handiena Euskal Herrian Euskal Filologiak izan dau. Ehunka eta ehunka dira, karrera hori egin eta bere jakinduria eta euskerearentzako maitasuna bazter guztietan zabaldu dabenak. Benetan lan zoragarria egin dabe eta egiten ari dira.


2.- ‘Hasiak egina dirudi eta eginak urregorri’ esaera zaharrak ederto islatzen dau Euskal Filologiak Deustuko Unibersidadean egindako ibilbidea...

Arrazoia dozu. Euskal Filologiaren hasierea nahiko gatxa izan zan. Baina maitasuna dagoanean, ausardia be izaten da eta holan, burruka batzuk egin eta gero, lortu genduan karrera hori hastea, Deustuko Unibersidadean asko kontra egon arren.


3.- 1976an sortu zenduan Euskal Filologia eta hasierako promozino haretan lizentziautako 27 lagunen artean, Rosa Miren Pagola zan bat, gaur egungo Deustuko Unibersidadeko erretoreordea. Hasierako talde horretako besterik gogoratzen dozu? Zu zeu filosofia ikasgaia emoten hasi zinan...

Bai, talde horretan Edurne Etxebarria egoan, orain Leioan Unibersidade Publikoan euskara kontuan kargu handia dauena eta euskaltzale zintzoa, Markos Balentziaga jatorra, Irungo Institutuaren buru dabilena, Aitor Etxebarria buru argia, Santurtziko ikastetxe baten zuzendari dana. Beste batzuk be buruan ditut baina egia esan, ez dakit non dagozan eta zer egiten daben. Seguru asko euskera arloan zintzo dabilzala lanean.


4.- Ikasketa plan barriakaz, Euskal Filologian etena izateko arriskurik ikusten dozu?

Nik ez dot uste. Nik problema latzagoa ikusten dot karrera hori ikasteko ikasle gitxi dagozalako. Deustuko Unibersidadea matrikulakaz finantzietan da, hau da, ez dago Euskal Gobernuaren laguntzarik. Ikaslerik ez badago, zarratu egin behar da nahitaez. Hori pasau zan Donostiako kanpusean hango Euskal Filologiagaz. Eta euskerearentzako maitasun gitxi badago, gitxi diran atxakia horri erraz eusten deutso zuzendaritzeak.


5.- Euskerea eta kristinau fedea dira zure bizitzako ardatzak. Arlo bi horreetan gorabeherarik atzemon dozu azken urteotan?

Zalantzarik barik, sinismenak azken urteotan, batez be praktikan behera jo dau Euskal Herrian. Beste nazinoetan ez horrenbeste. Guk mutur batetik bestera erraz joten dogu.

Euskera kontuan nik behin eta barriro esango dot Europako eta Ameriketako adituek esaten deustiena: hizkuntza bat ez bada beharrezkoa eta beste indartsu bat ondoan badauka, beharrezkoa dana, galdu egingo da.

Euskal Herrian gaztelania da beharrezkoa eta hizkuntza oso indartsua da. Diglosia gorrian bizi gara. Guk euskaldunok euskerea beharrezkoa egin behar dogu. Horretarako, independentzia lortu behar da. Independentzia ez badogu lortzen, gatxa izango da euskereak irautea.


6.- Zelan zabilz 37 urtean batutako esamoldeen lanagaz? Bestelako proiekturik?

Oraindino gitxienez beste bi urte beharko ditut esamoldeen lana amaitzeko. Liburu bikaina izango dala uste dot. BBKri eta batez be Joxerra Bilbaori eskerrak emon behar deutsiedaz orain laguntzaile bat emon deustielako esamolde hiztegi hori amaitzeko. Joxerrak euskerearen alde egiten dauen lana benetan txalogarria da, askotan agirian azaltzen ez bada be.

Gero lau bat eleberri ditut eskuen artean, oso aurreratuak. Horreetako bat ‘Hilketa Deustu Unibertsitatean’. Goizean unibersidadeko garbitzaile batek irakasle bat hilda topau dau bere lan gelan. Nor izan da hiltzailea?

Lana ugari daukat. Egunak, barriz, 24 ordukoak baino ez dira. Hor dago koxka.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu