Itziar Albisu: ‘Trantsizino-giroa bizi dogu’

Saioa Torre Gereketa 2006-05-04 02:00   Barriketan

New Yorkeko Euzko Etxeko presidentea.

Manhattaneko etxeorratzak itxi eta Brooklyneko labirintoan sartzea Fifth Avenuen ibiltea baino estresanteagoa da. Aurrean, auto-ilara luzea; inguruan, etxe txikitxuak; lantzean behin, pelikuletan hainbat biderrez ikusi doguzan saskibaloi-jokalekuak agertzen jakuz begien aurrean. Wall Streeteko ejekutiboen trajeetatik kaleko jentearen eguneroko bizimodura egin dogu salto eta, mapea eskuan, New Yorkeko Euzko Etxearen egoitza topeteari ekin deutsagu, ez da-eta lan erraza. Bertan, erakundeko presidente Itziar Albisugaz bat egin dogu. Sortzez gipuzkoarra da baina bizitza erdia daroa Ameriketan. Oraintsu izentau dabe presidente eta alkartearen nondik-norakoen barri emon deusku.


1.- New Yorkeko ‘Euzko Etxea’ Ameriketako Estadu Batuetan sortutako lehenengoa izan zan. Nondik-nora sortu zan? Zeintzuk ziran hasiera bateko helburuak? Zer egiten eben bertan batzen ziran euskaldunek?

Data zehatzik ez dago baina 1913 baino lehenago, bertora etorritako gizon talde euskaldun bat sortu zan. Alkartzeko gogoa euken eta lehenengo etxe batean batzen hasi ziran. Taldea handiagoa egin zanean, ofizialtasuna topetan hasi ziran eta 1913an sortu zan New Yorkeko Euzko Etxea. Abogadu amerikar-italiar batek lagundu eutsen papelen kontua eroaten eta izena txarto jarri eben: Central Vasco-Americano izentau eben Centro Vasco-Americano izentau beharrean. Gero, urte batzuk pasauta, konpondu zan akatsa.

Hasierako helburua euskaldunak alkarregaz egotea eta euren herrien inguruan berba egitea zan. Zeozelan esateko, alkarregaz momentu onak bizitea, afari batzuk egitea, arratsaldeak lagun-giroan pasetea... Zentroa ofizial egin zanean, laguntzinorako erakunde be bihurtu zan. Holan, New Yorkera eta inguruetara lana topetako asmoagaz etorten ziran euskaldunei laguntzen eutsen, etxea eta lana topetan berbarako. Hasieran, egoitza ez egoan Brooklynen, Manhattanen baino, Chinatown ondoan. Ostean, handik alde egin eben, auzoko giroaren aldaketek bultzatuta. Baina barriro be bueltau ziran. Azkenik, Brooklyneko etxe hau erosi eben Valentin, Juan Cruz eta Elias Agirre anaiek Toribio Altunagaz eta beste sei bat lagunegaz batera.


2.- Zein izan da, laburbilduta, sortu zanetik honako eboluzinoa?

Gizonezkoek sort eben Euzko Etxea eta gizonezkoentzako zan. Ganera, Euskal Herrian jaiotakoak izan behar eben. Afariak egiteko eta kirolaz berbetako alkartzen ziran, baita Aberri Eguna ospatzeko be. Emakumeek, ekitaldietan parte hartu arren, ez euken botazinoetan parte hartzeko aukerarik eta handik urte batzuetara talde propioa sortu eben, ‘Andrak’ izenagaz. Talde horren bidez laguntzinoa emoten eutsen beharrizana euken euskaldunei eta Euzko Etxeko ‘ofizialei’. Nahiko berandu, 1993an, emakumezkoek botoa emoteko eskubidea lortu eben eta ‘Andrak’ taldea desagertu zan. Orain, emakumezkoek gizonezkoek legez emoten dabe botoa.

Bestalde, aurrerago esan dodan legez, lehen, Euzko Etxeko kidea izateko, derrigorrezkoa zan Euskal Herrian jaiotakoa edota aita euskalduna izatea, ez ama. Orain, kidea edonon jaiotakoa izan daiteke eta ez dau zertan aita edota ama euskalduna izan.


3.- Gaur egun, zein da Euzko Etxearen egoerea? Eta zeintzuk dira helburuak?

Trantsizino-giroa bizi dogu. Gizartean dagoan trantsizino hori berton be igarten da. Lehen, euskaldun asko etozan New Yorkera behar egitera eta luzaroan edo bizitza osorako hemen geratzeko amesagaz. Orain, gazteak hilebete batzuetarako edo urte gitxirako etorten dira, ikastera edo beharrera, baina Euskal Herrira bueltan joateko asmoagaz. Horregaitik, beste giro bat dago.

New Yorkeko Euzko Etxeko kidea zahartu egin da eta asko etxera, Euskal Herrira joan dira bueltan. Gitxi geratzen gara eta datozanak kuriosidadez beteta datoz, amama edo aitita euskaldunak daukiezan lobak, berbarako. Giroa ez da lehengoa lakoa, hori autortu egin behar dogu. Afariak egiten doguz, bai, baina ez lehengo legez.

Gure helburua beti izan da kulturala. Denporea ondo pasetako etorten gara hona baina ekintza kulturalak antolatzen doguz, euskera eskolak, Euskal Herriaren inguruko berbaldiak, artea...


4.- Egunotan, ze egitasmo dozue martxan?

Domeketan, euskera eskolak egoten dira. Aste barruan egoitza zarratuta egoten da, lanean gagozalako eta ez garalako herri honetan bizi, inguruetako herrietan edota estaduetan baino. Hilean behin, kideen batzarrak egiten doguz eta oraintsu Aberri Eguna ospatu dogu.


5.- Euskaldunok beti gagoz prest jateko, jairako eta jantzarako. Bazkari, afari edota jai asko antolatzen dozuez?

Afariak hilero izaten dira baina azken aldian ez gara batu ze beste hainbat kontu izan doguz. Afaria toketan dan zapatu gauean (gehienetan hilaren hirugarren zapatua) hurrengo zitea preparetan dogu. Batzuetan, kideok preparetan dogu eta beste batzuetan Iñaki Lete gure sukaldariaren zeregina izaten da. Menuari jagokonez, ahal dala Euskal Herriko ohiturei eusten deutsegu; holan, ensaladea, indabak, okelea eta intxaur-saltsea sarritan jaten doguz.


6.- Euskal jatorririk ez dabenen bisitarik jasoten dozue?

Tartean izan dogu bat edo beste. Orain dala gitxi gazte bi etorri ziran. Euretariko batek abizen euskalduna eukan eta horretaz konturatu zanean, Euskal Herriaren inguruan gehiago jakiteko kuriosidadez hurreratu zan honaino. Abizena ‘Bustin’ zan. Beraren aita italian jaiotakoa zan baina aitita euskalduna.

Ganera, bertoko kideen lagunak be sarritan etorten dira eta kuriosidadea daukien katalan edota galiziarrak be egon dira gu zelan moldatzen garan ikustera. Zorionez, etxe hau daukagu baina talde askok ez daukie eta ezin dira batu.


7.- Bisita bereziren bat dozu gogoan?

Orain dala urte bi Juan Jose Ibarretxe izan zan hemen. Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko hartu-emonei bide bat emon guran preparautako plan ezaguna aurkeztu euskun. Kide gehienak etorri ziran ostean eta afari berezia preparau genduan. Oso hurreko sentidu neban eta jenteagaz berba asko egin eban.

Bestalde, hainbat euskal artista be etorten dira. Normalean, gugaz kontaktuan jarri eta ostean birearen barruan sartzen dabe bertoko kontzertua.


8.- Urteak aurrera doaz eta sasoian sasoikora moldatu beharra dago. Holan, www.eeny.com webgunea be sortu zenduen orain dala urte bi, teknologia barriek eta Internetek eskaintzen daben aukerea aprobetxetako. Zeintzuk dira webgunearen egitasmoak?

Webgunearen helburua komunikazino-sarea sortzea da, batetik New Yorkeko Euzko Etxearen eta Euskal Herriaren artean eta, bestetik, gu eta beste euskal etxeen artean. Ganera, Ameriketako Estadu Batuetako jazoeren barri be emoten dogu, ingelesez. Gaztelaniaz eta frantsezez be badagoz artikulu batzuk eta, zelan ez, euskeraz. Hizkuntzei jagokenez behintzat, ahalik eta eremu zabalenera heltzen saiatzen gara. Astero sartzen doguz albiste barriak.

Luis Foncillas ‘Koitz’ da webgunearen arduraduna. Orain dala 11 urte etorri zan Estadu Batuetara eta orain MTVrako egiten dau lan eta Radio Euskadiren AEBetako korresponsala be bada. Ganera, beste hainbat euskal komunikabidetan kolaborazinoak egiten ditu eta Euzko Etxeko komunikazino arduraduna da.


9.- Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa ezinbestekoa da euskal etxeen biziraupenerako?

Gure kasuan, bai. Eusko Jaurlaritzeak epeak eta baldintzak jarten deuskuz laguntzinoak jasoteko. Diru hori oso garrantzitsua da guretzat ze, ikusten dozun legez, edifizioa zaharra eta handia da eta konponketa asko egin behar doguz. Esan deutsudan legez, trantsizino-giroa bizi dogu eta ez gara horrenbeste kide; ondorioz, diru gitxiago sartzen da. Urte bi edota hiru pasetan etorten dan kidea ez da buru-belarri sartzen alkartean eta horregaz ezin dogu aurrera egin.


10.- Zelan ikusten dozu Euzko Etxea hamar urte barru?

Bidea zuzendu behar dogula uste dot. Gure ikuspegia aldatu eta kideek hemen euki dabezan seme-alabei begira jarri behar gara. Gurasoek eta aitite-amamek ekarri deuskuen kulturea ezagutarazo eta maitatzen erakutsi behar deutsegu, jatekoa, jantzak edota ohiturak. Mundura zabaldu behar doguz begiak eta kanpoan egiten dana hona ekarri. Ez dogu euskal kulturea zarratu behar eta edozer egin geinke, rock´n´rolla, jazza, sushia, edozer. Kulturea unibertsora zabaldu behar dogu.


11.- Kultura-aniztasunaren adibide garbiena zeu zara, jatorriz Gipuzkoarra, japoniar bategaz ezkonduta AEBetako New Jersey estaduan eta hiru seme-alabagaz.

Bai. Gure etxean hiru kulturak buztartzeko ahalegina egiten dogu. Nik euskeraz egiten deutset berba eta senarrak, japonieraz. Eskolako gauzak, zelan ez, ingelesez egin behar dogu. Jatekoen kontuan, danetik daukagu etxean: amerikarra, japoniarra eta euskalduna. Halanda be, nire seme-alabak amerikarrak dirala autortu behar dot. Baina eurakan eta euren ezaugarriak (oinordekoren bat euskalduna) lakoak daukiezan umeakan dago Euzko Etxearen etorkizuna. Belaunaldi hori bultzatu behar dogu eta munduak buelta asko emon arren, jente gehiagogaz ala gitxiagogaz, gu hemen egongo gara.


12.- Zelan bizi da Euzko Etxetik Euskal Herriko egoera politikoa?

Burruka armatuaren amaierea pozez eta itxaropenez hartu da hemen baina oraindino ikusteko dago zer pasauko dan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu