'Hitzak Lege' erakusketea Bilbon izango da
2026-11-20 10:54 Kulturea2027ko urtarrilaren 15era arte.
Euskaltzaindiaren egoitzeak Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrenari buruzko jardunaldia hartu dau. Mendeetan zehar, euskerearen biziraupenerako elementu juridiko oinarrizkoa izan da Bizkaiko Foru Barria (1526-2026). Horregaitik, Foruaren 500. urteurrenaren harian, Zuzenbidearen Euskal Akademiak (Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen babesagaz eta Euskaltzaindiaren laguntzeagaz) Foru Barriari buruzko hiru jardunaldi atondu ditu: zemendiaren 4an, 12an eta 19an. Azkenengoan Andres Urrutia, Josu Erkoreka, Gotzon Lobera, Adolfo Arejita eta Koldo Bijueskaren berbaldiez gan, Bizkaia (1526-2026). Foru-testuak euskaraz (Bizkaiko Foru Barritik datozen legeen euskerazko testuak) eta Bizcaico porubac emoten deust escubidia argitalpenak aurkeztu dira, Hitzak Lege erakusketeagaz batera.
Hitzak Lege erakusketa ibiltaria da, inportantzia historikoa izandako euskerazko testu juridikoak, arlo pribatukoak zein publikokoak, agertzen dituana.
Euskal hiztunek hartu-emon juridikoetan euskerea erabili dabela eta erabilten dabela azaleratzea da erakusketearen helburu nagusia. Erakusketan 20 bat panel dagoz (dokumentuen informazinoagaz, lau hizkuntzatan); 3 panel alkarreragile, 3 panel argiztatu eta mahaitxo bat (jatorrizko dokumentuak erakusteko). Euskerearen lurraldeetan euskerea eremu juridikoetan erabili izan danaren adibide dira erakusketa honetako dokumentuak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileetan, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Barrian gordeten diran euskerazko testu juridiko adierazgarrienak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan atondu ditu Hitzak Lege moldatu dauen Gotzon Lobera legegile eta euskaltzain urgazleak.
Erakusketa honetako testu bitxi batzuk:
- Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbaitidazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dabe.
- 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antxinako Erregimenetik datoz. Horreetan, estaduek —eleizeak, nobleziak, hirugarren estaduak— eskaerak bideratzen deutsee erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, euren diputaduena eta Nazinoko Estadu Orokorrena da. Frantsesez eta euskeraz izkiriatua da.
- 1790. Frantziako Iraultzea eta Lapurdiko Komidadearen adierazpena. Agiri horretan, Lapurdiko Batzordeak bere burua defendiduten dau Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
- 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aurrendaria izan zan euskal literaturan: berba lauz eta berba neurtuz idatzi eban, bai eta itzulpenak egin be. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martiaren 15eko gutun pastorala itzuli eban. Bizkaieraz egin eban itzulpena, eta Bilbon inprimidu eben.
- 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituen.
- 1839. Bergarako Ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskeraz idatzi zan.
- 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
- 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersala, 1948.
- Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako Foru Hobetzeari buruzko 1982ko Legea.
Hitzak Lege erakusketea Bilboko Plaza Barrian izango da ikusgai, 2027ko urtarrilaren 15era arte (astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
