'Ever is Over All', Pipilotti Rist artistearena Bilbon ikusgai

Bizkaie! 2026-10-08 07:50   Kulturea

2026ko urriaren 1etik 2027ko urtarrilaren 17ra arte.

Miren Arzallus (Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria) eta Mikel Onandia (Komisarioa). | Ikusi handiago | Argazki originala

Guggenheim Bilbao Museoak Pipilotti Rist artistearen Ever is Over All aurkeztu dau; Pipilotti Rist artista suitzarraren (Grabs, 1962) izen bereko bideo-instalazinoa hartzen dauen eta Museoko Film & Video aretoaren programazinoa zarratuko dauen erakusketea. Komisarioa: Mikel Onandia.

Pipilotti Rist nazinoarteko bideo-artista onenetako bat da. 1980ko hamarkadan egin zituan lehen lanak ikus-entzunezkoen arloan, film musikalak, pop kulturea, komunikabideetako teknologia barriak eta bideo-artea ardatz, eta gaztetatik zehaztu eban bere estiloa, karga sensorial eta emozional handikoa.

Ever is Over All artistearen bideo-instalazino enblematikoenetako bat da: XX. mendearen amaierako bideo-arte garaikidearen historiako erreferentziazko lana.

Obrearen zehaztasunei jagokenez, e
rdi enigmatikoa erdi malenkoniatsua dan musikaz lagunduta, obrearen eskala handi eta izaera murgiltzaileak indar plastiko eta kontzeptual izugarria emoten deutse piezeari. Gaurkotasun handikoa be ba da iradokitzen dituan inplikazino politiko eta moralei esker, izan be, boterearen logiken, emakumeen gorputzen, jabego pribatuaren, espazio publikoaren nahiz ibilgailu pribatuek ingurumenean daben eraginaren arteko loturei buruzko irakurketa konplexuak jorratzen ditu, besteak beste.

Ever is Over All obreak bideo bi txartatzen ditu, proiekzino sinkronizatuz osotuta dago eta horreetako batean neska bat ikusten da (Silvana Cescik antzeztua), Zuricheko kale batetik paseoan soineko urdin argi batez jantzita. Esku batean lore subtropikal gorri handi bat daroa: Red Hot Poker izenez ezagutzen dan Saharaz hegoaldeko lorea. Espaloitik paseoan doala, aparkauta dagozan autoen kristalak bata bestearen atzetik apurtuz doa loreagaz. Prisarik eta disimulurik barik errepetidutako keinu gogor horrek talka egiten dau haren gorputz-mobimentu eztiakaz eta bideoak helarazoten dauen giro liriko eta bareagaz. Bigarren proiekzinoak kamera-mobimentu dinamiko ekin eta kolore saturatuakaz filmautako loreen lehen planoak erabilten ditu esperientzia bisual sensual eta ia hipnotiko bat iradokitzeko. Anders Guggisberg artisteak eta Pipilotti Ristek berak bideorako beren-beregi sortutako musikeak, gainera, areagotu egiten dau obreari darion giro onirikoa.

Kontuak kontu, Veneziako Bienalaren 47. edizinoan aurkeztu eben 1997. urtean eta horrek ekarri eutson artisteari ospea eta autortzea nazinoartean.

Miren Arzallus eta Mikel Onandiaren azalpenak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu