'Taxidermia de una alondra', 2026ko Max Sarietan Egile Barri Onenaren antzezlan saritua Bilbon

Bizkaie! 2026-09-22 09:00   Antzerkia

Irailaren 25etik 27ra izango da Pabellón 6 Aretoan.

Ivan Lopez-Ortegaren antzezlana ikusteko aukerea dago, uniberso berezia, tragediaren, enpatiaren eta morboaren mugak aztertzen dituan komedia distiratsu eta argi baten bidez. Proposamen eszeniko horrek dudan jarten dau besteen hondamendiaren aurrean dogun lilurea, eta gogoeta egiteko animetan gaitu mina besaulki baten distantzia segurutik behatzearen erosotasunari buruz.

Proposamena gizakiok tragikoa eta debekatua dana konsumiduteko dagun beharra izentetako desiratik sortzen da, hor amaitzen baita enpatia, eta bestearen minaren aurreko gozamenari ekiten deutsagu. Gizartea zenbat eta mediatizatuago egon, orduan eta errazago asetu geinke gure gose morbosoa, eta orduan eta gehiago desiratzen dogu tragedia. Fikzinoetan ez eze, errealidadean be eduki malkartsua eskatzen dogu. Gure gizartean bada tragediaren aurreko desio ezkutu bat; gizarte pribilegiatu honek badauka hondamendi handia biziteko desio kapritxosoa, momentu batez bada be.

Eta galdera asko egiten deutsaguz hain arrotza al da guretzat mina, erakargarri egiten ete jaku?. Zer dabe fikzino katastrofikoek lilurea sortarazoteko? Zer esaten dau gutaz tragikotasunaren lekuko eta protagonista izateko desireak? Benetan behar al dogu eraldatuko gaituen hondamendi handi bat?

Muntaiak taxidermiaren metaforea erabilten dau, animalia hilak bizi-etxureagaz konserbetako lanbidea, besteen sufrimenduagaz ditugun hartu-emonak irudikatzeko. Kristal baten atzean balsamautako minera hurbiltzeak zikindu barik hunkitzeko aukerea emoten deusku. Hildakoari begiratzea, libre sentiduteko, hondamendiari erreparau, ikutu barik jarraitzen dogula baieztatzeko. Baina, nahikoa al dogu urrutitik bizitea? Katarsiak asetzen jarraitzen al gaitu?

Ivan López-Ortegak, Egile Berri Onenaren Max Sariaren irabazleak, sorkuntza honen egilea da, Macarena Sanz eta egilea bera dira protagonistak eta Sergio Iglesiasegaz batera zuzendu dau lana. Margo Garcia da bideoeszenaren arduraduna eta Carmen Longoren laguntza berezia izan dau.

Ivan Lopez-Ortega, 24 urte besterik ez dituan, sortzaile poliedrikoa da. Aktore, zuzendari, musikari, abeslari, margolari eta eszenografo bezela dauen prestakuntzeak uniberso berezia eregiteko aukerea emoten deutso, arte-diziplina ugari alkartzen dituana. Gaur egun, Madrilgo Teatro Español antzokian estreinau dauen zuzendari gazteena da, eta Espainiako arte eszenikoen promesetako bat bihurtu da.

Ikuskizunerako sarrerak 17 euroan dagoz hemen. Gogoan izan deskontuak egongo dirala Pabellón 6eko bazkideentzat eta 25 urtetik beherakoentzat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu