'Epaiketa arrotzari' euskerazko bersinoa hilaren 28an ikusi ahal izango da Getxon
2025-02-26 12:40 AntzerkiaInDubio euskal-madrildar konpainia gazteak Epaiketa arrotzari estreinauko dau.

Bien bitartean, Juicio al extranjero gaztelaniazko bersinoak biran jarraitzen dau eta martian Kantabrian eta maiatzean Badajozen izango da; Juicio al extranjero, jatorrizkoa gaztelaniaz, datorren martian (4, 5 eta 6) Torrelavegan (Kantabria) izango da eta maiatzaren 2an, Almendralejon (Badajoz). Gainera, InDubiok beste ikuskizun parte-hartzaile bat estreinau eban 2024an: Una crónica de violencia. Joan dan udan Madrilgo Mirador Aretoan egon ondoren, Sevillan, Tenerifeko Santa Cruzen edo Bilbon izan da.
Epaiketa arrotzari
InDubio euskal-madrildar konpainia gazteak bere produkzinoa aurkeztuko dau lehenengo aldiz Bizkaian: 2021ean taldearen lehenengo lana izan zan Juicio al extranjero antzezlanaren Epaiketa arrotzari euskerazko bersinoak euskal antzezle-talde barria dauka. Orain aste bi estreinau eben euskeraz Donostian (Victoria Eugenia) eta bariku honetan, zezeilaren 28an, Getxoko Muxikebarrin ikusi ahal izango da. Silvia Larrauri, Luix Mitxelena eta Ziggy Docherty antzezleak dira ikuskizunean protagonista eta Mersol jaunari (Albert Camusen El extranjero eleberriko protagonisteari) egindako epaiketa konteteaz gan, ikus-entzuleak antzezpenaren parte-hartzaile bilakatzen ditu, izan be, InDubiok antzerki interaktibo lez definiduten ditu bere obrak, eta kontzeptu horrek epaile, fiskal, defensa, akusadu papela emoten deutse entzuleei.
Iñigo Santacana gipuzkoarrak (InDubioren sortzaileetako bat, Luis Maesso madrildarragaz eta Manuel Pico argentinarragaz batera) idatzi eta zuzendutako lan honen emonaldi bakotxean, ikusleek izango dabe epaia erabagiteko ardurea. Antzokia ikusgela bihurtuko da (hiru edo lau bandatako ikusleakaz) eta parte hartu nahi dauenak test bat bete eta rol bat jasoko dau (lehen aitatutakoak eta, gainera, herri-epaimahaia, lekukoak...). Holan, epaia funtzino bakotxean ez eze, epaiketearen garapen osoan be ezbardina izango da. Begiratzea bano gura ez dauenak lasai asko egin ahal izango dau, hasieran emongo diran txartel horrekaz identifikauta.
InDubio antzezlanean, publikoak istorioa baldintzatzen daben erabagiak hartzen dituan antzerki baten alde egiten dogu, antzerki parte-hartzaile eta erritmo bizikoa, laburbatzen dabe konpainiaren hiru sortzaile trebiñarrek; entzuleria ahaldundu eta entretenidu egiten da. Kontua ez da lanak tesi bat erakustea, jentaurrean hausnarketa kolektibo bat egitea baino, adierazo dabe.
Kontuan hartu, ikuskizun honetan edukierea mugatua da, 150 jarleku, hain zuzen be eta horretatik 30 eszenatokian egongo dira. Azken horreek morez markauta dagoz erosketa-planoan. Oraingo honetan, mobikortasun urriko personentzako hiru plaza jarriko dira, eta, ikuskizunaren ezaugarriak dirala eta, horreek eszenatokian be jarriko dira.
Epaiketa arrotzari lana Getxon ikusteko sarrerak 8 euroan (+ gastuak) dagoz salgai hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!