Alex Angulo Saria 'Eso que te gustaria decir y no dices' piezeak eroan dau

Bizkaie! 2026-05-13 11:00   Antzerkia

XIII. Antzerki Arina jardunaldion palmaresa jakiteko saioa jentez ganezka egon zan.

Izar Pizarrok aurkeztu eban galea, eta igaz bezela, bere naturaltasun, berezkotasun eta profesionaltasunagaz harrapau eban publikoa. Beragaz batera izan ziran Albar Cirarda eta Gael Irusta eta abesti batzuk interpretau eta jantzan be ibili ziran.

Antzerki Arineko 13. Jardunaldien laburpen-bideo baten ondoren, lehen saria emon eben, hain estimadua dan Publikoaren Saria, eta horren emoitza 1609 boto-txartel zenbatu ostean. Saria ex aquo joan zan honako talde honeentzat: Fedegabeko Odolkia eta Un Caballo de Ceniza.

Jarraian, Ramón Barearen hitzaldia etorri zan eta, ondoren, Pabellón 6ko Antzerki Laborategiak emondako Interpretazino Sariak banatu zituen. Oraingo honetan, sari guztiak euskerazko piezen interpreteei emon jakezan: Fedegabeko Odolkiako Ander Lacalle eta Omar Somai, Nonato eta Abortako Xanti Korkostegi eta Garazi Urkola eta Goiuri, Arazo bat dugu! piezako Leire Ormazabal.

Sarituek eskerrak emon ondoren, aurtengo epaimahaiara nortzuk batu ziran jakin genduan: Mikel Ibañez, Radio Euskadiko kazetaria eta aktorea; Iratxe Barruso, filosofiako irakaslea eta Pabellón 6ko bazkidea; Sandra Ortueta, aktorea; Javier Liñera, antzerkigilea, zuzendaria eta aktorea; eta Irene Bau, aktorea eta Pabellón 6ko lantaldeko kidea. Epaimahaiko kideek, besteak beste, euskerazko lanen kalidadea eta sarituak aukeratzeak izandako zaltasunak azpimarratu nahi izan eben.

Alex Angulo ikuskizun onenaren saria, Bilboko Udaleko Kultura Sailak emondako 3000 euroko saria, Eso que te gustaria decir y no dices piezeak eroan eban. Alazne Astorgak eta Itxaso Gilek idatzi eta antzeztutako lanak, hain zuzen be. Alkarlanean egindako zuzendaritzea izan dau, aktore bik Saioa Miguelegaz batera ibili baitira. Gainera, epaimahaiak Un Caballo de Ceniza antzezlanari aitamen berezia emotea erabagi eban. Saria eta aitamena Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak banatu zitun.

Ondoren, Patxo Telleriaren txandan, Kriselu sariaren izena nondik datorren azaltzeagaz batera, euskerazko piezek jardunaldiotan izan daben parte-hartzea zelan aldatu dan nabarmendu eta urtetik urtera euskerazko pieza gehiago eta kalidade handiagokoak jasoten dirala be azpimarratu eban.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak emoten dauen euskarazko muntaia onenaren Kriselu saria, 3.000 eurokoa, Idoia Garcesen Goiuri, Arazo bat dugu! lanak eroan eban. Koldo Olabarri, Anje Oregi eta Leire Ormazabal dira protagonistak eta Mikel Martinez da zuzendaria. Epaimahaiak Anodino Teatroaren Diamante Gordina piezearen Aitamen Berezia be emon eban atal honetan. Aitor Fernandinoren testua, Aiora Sedanogaz batera interpretaita eta Getari Etxegaraik zuzendua. Begoña de Ibarra Zuazo Kulturako zuzendari nagusiak banatu zituan sariok.

Galako aurkezleek, amaierea emon eutsen sari banaketeari, publiko guztia zutunik eta jantzan jarriz. Ostean saritutako guztiak eszenatokira igon eben argazkia egiteko.

Azkenik, eskerrak emoten deutsaguz Gonzalo Olabarri eta Begoña de Ibarrari Alex Angulo eta Kriselu sariak emoteko aretora gerturatzeagaitik; jardunaldietan parte hartu daben guztiei, bai eta proposamenak bialdu zituen sortzaile guztiei be. Pabellón 6eko taldeko kideei euren esfortzu eta ahaleginagaitik eta, batez be, astegoien guztietan aretoa bete daben ikusleei, orain arte egindako ekitaldi guztien artean publiko gehien batu dauen edizinoa izatea lortu baitabe.

14. edizinoara arte. Gora antzerki arina!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu