'Mina Espazio', espazio alternatiboen garrantzia sustatzen
2026-02-06 09:50 AntzerkiaLibe Estebaranz Leizeak zuzendu dau antzezlana.
Pabellon 6k Mina Espazio obrea hartuko dau. Libe Estebaranz Leizeak zuzendutako antzezlan horrek, Mina Espazio izeneko kontrakultura-lokala inauguratzea proponiduten deutso publikoari.
Mina Espazio, 1997 eta 2000 urteen artean Bilbon euskal artista eszeniko garaikideek autokudeatutako kontrakultura-lokala zan. 22 eta 26 urte bitarteko gazteak asanblearismoa eta autogestinoaren bitartez espazio artistiko hura kudeatu eben. Bertan, hainbat diziplinetako Euskal Herriko sortzaile ugari batu ziran. Helburua ondokoa zan: sentiduten ebena esan eta egin, beti be, artearen eskutik. Halanda ze, euskal antzerkiaren istorio hori berreskuratzen da espazio alternatiboen garrantzia sustatzeko, memoria kolektiboa bizteko eta kolektibotasunaren inguruan hausnartzeko.
2015eko maiatzaren 10an Mina Espazio obrea estreinau eben: 25 urte eta gero barriro inaugurau zan El Nido lokal alternatiboan (Bilbo). Egun oso berezia izan zan, benetako mineroak gerturatu ziralako obrea ikustera: Ander Lipus (ArteDrama), Alex Gerediaga, Nerea Castro, Jesus Pueyo (Khea Ziater)... Belaunadi artistiko bi ispilura begiratu ziran hogeita bost urte eta gero. Egun, ondoko artista gazte honeek parte-hatzen dabe obran: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Maider Mulone eta Ander Santxez Rey.
Obrea, Libe Estebaranz sortzailearen ikerketeari esker gauzatu da: ia 30 urte lehenago alkartu eta Bilboko Labayru kaleko 17. zenbakian 300 metro koadroko lokal iluna alokatu eben artisten materiala batu eta testigantzak jaso ditu.
Zezeilaren 15ean, 12:00etan, sortzaile gazteen belaunaldi bi aurrez aurre jarriko ditue barriro be, Pabellón 6 Aretoan, Emergenteen Zikloaren barruan. Horreezaz gan, beste antzezlan bi atondu ditue: Katakraken (zezeilak 27) eta Biran, Loraldia Festibalaren barruan (martiak 5).
Doban izan arren, erresebersea egitea beharrezko da (hemen).
Fitxa artistikoa
- Zuzendaritza artistikoa eta dramaturgia: Libe Estebaranz Leizea.Soinu-espazioa: Ane Zugaza.
- Diseinu grafikoa: Joanes Altxu.
- Jantziak: Victoria Ladrón de Guevara.
- Argiztapen diseinua eta teknikea: Manuel Tejera.
- Antzezleak: Josu Iriarte, Maider Mulone, Nerea Lizarralde eta Ander Santxez Rey.
- Audioen interpreteak eta testigantzak: Luix Mitxelena, Peru C. Saban, Arnatz Puertas, Alex Gerediaga, Ander Santxez Rey, Jesús Pueyo, Ana García Peña, Nerea Castro, Josu Iriarte, Ander Lipus, Nerea Lizarralde, Miriam K. Martxante, Izar Pizarro, Alicia Durán.
- Hizkuntzak: gaztelania eta euskerea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
