Zentro Dramatiko Nazionalak Erriberriko 26. Antzerki Jaialdia edegiko dau gaur, garagarrilak 18

Bizkaie! 2025-07-18 10:15   Antzerkia

Los brutos lanagaz ekingo jako.

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren hogeita seigarren edizioa garagarrilaren 18tik abuztuaren 3ra arte egingo da, musikea, jantza, zirkua, clowna, paseoak, performancea eta antzerkia buztartuko dituan diziplina anitzeko programazinoagaz. Danetara, 40 ikuskizun izango dira, Argentina, Frantzia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Madril eta Euskaditik etorritako 27 konpainiaren eskutik. Hamabost ikuskizun emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu ditue: 9 Nafarroako konpainiei jagoez, euskaraz 2 izango dira, nazinoartekoak 3 eta ikusmen eta entzumen-desgaitasuna daben personenek ikusi eta entzuteko moldatutakoak 3; horreek azpititulu egokituak, audio-deskribapena, begizta magnetiko indibiduala eta soinu anplifikatua aurikularrakaz izango ditue.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak atondu dau Baluarte Fundazinoagaz lankidetzan. Jaialdiaren arte-zuzendariak Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya dira laugarrenez eta sormen-egoitza bi hartuko ditu: Natxo Lapieza eta Rosa Beunzaren Farmacia Marcial eta Oscopía: creo con ciencia, creo conciencia, Estefanía de Paz Asínen eskutik.

Jaialdiak barriro be hartuko ditu Erriberri esperientziak, jokaespazio konbentzionala herriko kaleetara eta bestelako espazioetara zabalduz bizitera konbidetan dabenak, baita Erriberri Geltokiak izenekoak be, udalerritik kanpoko ikuskizunak jasoko dituenak. Eta barriro be topaketak atonduko dira, artistakaz eta espezialistakaz.

Era berean, sei tailer programau dira: Taller de máscaras, Iratxe López de Muniainek emona (Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 26. edizinoko kartela ilustretan dauen irudiaren egilea); Olite, Mírame a mí, Alessandra Garcíarekin; Hay que salvel fuego, Alberto Conejero Lópezegaz; La velocidad de la luz, Marco Canalegaz; Liderazgo de grupos y proyectos y autogestión, Mariana González Robertsegaz; eta La constitución española explicada por niños para adultos, Adrián Perearen eskutik. Dagoeneko bete dira Alessandra Garciak, Alberto Conejerok eta Mariana Gonzálezek emongo dituen tailerretarako lekuak.

Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Ignacio Apezteguiak, Jaialdiko zuzendari artistiko Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak eta Erriberriko Udaleko ordezkariek aurkeztu dabe jaialdiaren hasierea La Cavako agertokian. Bertan izan dira edizino honetan parte hartu daben Nafarroako konpainietako kideak: Las Nenas Theatre, Qabalum, Erain, Ion Iraizoz konpainia, Mikele Urroz Zabalza, Itsaso Iribarren & Germán de la Riva, Lorena Arangoa, Broken Brothers Brass Band eta Gorka Urbizu.

Aurkezpenaren ondoren, Valentín Fortún ONCEren Nafarroako ordezkariak eta Pilar Herrero ONCEren Nafarroako Kontseiluko lehendakariak ONCEk Erriberriko Antzerki Jaialdiari eskaintzen deutson kupoi markoztatua entregau dabe; zozketea garagarrilaren 19an izango da.

Lehen astegoieneko egitaraua

Jaialdia garagarrilaren 18an, barikuan, inaugurauko da. Aurtengo lehen hitzordua 19:00retan izango da Erriberriko Teobaldos Plazan, Ganso & Cia konpainiaren Welcome & Sorry lanagaz, Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik zuzendua eta eurak protagonista dirala. Clown-kutsuko keinu-komedia da, edozeinetzako egokia. Handik ordu-erdira, 19:30ean, La celestina, tragicomedia de Lita lana emongo dabe Tafalla Kulturgunean, Rey Marciali Producciones konpainia argentinarraren produkzinoa (Siripo sarien Eszenografia Onenaren Saria, 2022), David Piccottok zuzenduta eta Julieta Dadak interpretauta. La Cava agertokia 22:00etan estreinauko da, Los brutos obreagaz; Roberto Martín Maizteguik zuzendu eta Javier Ballesteros, Ángela Boix, Francesco Carril, Olivia Delcán eta Emilio Tomé aktoreek antzeztuko dabe Zentro Dramatiko Nazionala - INAEM erakundearen produkzino-lan hori.

Bigarren jardunaldian (hilaren 19an, zapatuan) publikoari edegitako topaketetako lehenengoa egingo da, aurten programautako konpainietako artistakaz eta erreferentziazko kazetariakaz: eguerdiko 13:00etatik aurrera, Enozentrumen (sarrera librea, aretoa bete arte), arte eszenikoetan aditua dan RTVEko kazetari Machús Osinagak, La Sala RNEko programako zuzendari Daniel Galindok eta La Razón egunkariko antzerki kritikari Raúl Losánezek Los Brutos lanaren zuzendari eta antzerkigile Roberto Martín Maizteguigaz barriketaldia egingo dabe eta bertaratzen diranei proposamen hau sortzeko prozesura hurreratzek aukerea emongo deutsee. Topaketa horreetan, Reyno Gourmetek kopaua eskainiko dau.

Arratsaldeko 19:00retatik aurrera, GANSO & CIAren Welcome & Sorry lanaren bigarren emonaldia izango da San Martin Unx plazan. Jardunaldia 22:00etan amaituko da La Cavan. Nao Albetek eta Marcel Borràsek (Max Sariak 2024, 2021; RNEren Antzerkiko Begi Kritikoa Saria, 2016) izen bereko De Nao Albet y Marcel Borràs lana aurkeztuko dabe, eurek zuzendu eta interpretautakoa, eta Anabel Labradorrek produzidu eta banatutakoa.

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 26. edizinoaren hirugarren jardunaldia (hilak 20, domekea), 13:00ean hasiko da Enozentrumen, artista eta kazetariakaz egingo dan bigarren topaketeagaz. Oraingo honetan, Galindo, Machús eta Losánez Literatura Dramatikoaren Sari Nazional Alberto Conejerogaz eta Rubén de Eguía aktoreagaz egingo dabe berba biak En Mitad de tanto fuego muntaiaren egileak.

Teobaldos plazan, 19:30ean, OVVIO (zirku-ikuskizun onenaren TAC Saria) egongo da ikusgai, Lapso Crick konpainia katalanaren zirku ikuskizuna, Jorge Albuernek, Morgan Crosquerrek eta Franacto Sgrok zuzenduta, eta Tomas Vaclavek eta David Díez Méndezek interpretauta. Eta gaueko 22:00etan, La Cavan, Miramediaren En mitad de tanto fuego lana izango da ikusgai (2024ko Godot Saria, egile eta gizonezko aktore onenarena; 2024ko Max Sariko finalista, gizonezko aktore onenarena); Xavier Alberti zuzendaria eta Ruben de Eguiaren interpretaria.

Sarrerak

Sarrerak online erosi daitekez www.festivalteatroolite.es eta www.fundacionbaluarte.com webguneetan. Aurrez aurre, Baluarteko leihatilan jaso daitekez abuztuaren 3ra arte, 11:00etatik 14:00etara, astelehenetik zapatura.

Modu presentzialean be erosteko modua be badao La Morea merkataritza-gunean, edegita egongo baita asteko egun guztietan (domeka eta jaiegunetan izan ezik) 09:30etik 21:30era, etenik bako ordutegian.

Erriberrin, Enozentrumeko jaialdian be badago aukerea (Teobaldoen plaza, 4, Erriberri), 17:00etatik 19:00retara bariketan, 10:00etatik 14:00etara zapatu eta domekatan, eta 19:00retatik 22:00etara ikuskizun-egunetan.

La Cava eszenatokiko ikuskizunek 20 €-ko prezioa dabe eta beherapena gazte txartelerako, barriz, 12 €. Hamabi emonaldietarako abonamendu osoak eskaintzen dira 210 euroan, 96 euroan gazte txartelagaz eta hiru emonalditako abonua 55 euroan, 28 euroan gazte txartelagaz.

Tafallako La Celestina, Tragicomedia de Lita eta Thauma ikuskizunetara prezioak bereziak dira. Gainera, Erriberriko Errege Jauregian Enbor (r)ak lako ikuskizunak eta Gorka Urbizuren kontzertua sarrera librekoak dira lekua bete arte, aldez aurretik konbidapena Enozentrumeko leihatilan eskuragarri dagoalarik.

Los Brutos, Mihura, El último comediógrafo eta Las bingueras de Eurípides lanak ikusmen eta entzumen-desgaitasuna daben personentzat irisgarriak izango dira, eta honako zerbitzu honeek izango ditue: azpititulu egokitua, audiodeskribapena, banakako begizta-magnetikoa eta soinu anplifikatua entzungailuakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu