Donostia Zinemaldia, Euskadiko Orkestra eta SGAE zinema eta musikeagaz bueltauko dira Belodromora

Bizkaie! 2026-09-10 08:00   Musikea

Kontzertua irailaren 19an, zapatuan, izango da 18:00etan.

Kontzertu honetarako hautatutako obrak dira, besteak beste, Carmelo Bernaolaren Verano Azul edo La clave, El cantor de México eta El amor es como un ramo de violetas (Luis Mariano irundarraren ahotsa Andoni Martinez Barañano tenorrak jarriko dau); Winnipeg eta Sacamantecas.

Juan José Ocón donostiarra izango da zine eta soinu-banden alkartze hau zuzentzeaz arduratuko dana. Kontzertua hasteko, belaunaldi oso baten soinu-bandea dan Carmelo Bernaolaren pieza-sortea izango dogu, honakoentzako sortutakoak: Verano Azul, Tormento, El jorobado de la morgue, La clave eta Espérame en el cielo. Horren ostean izango ditugu Carla F. Benedictoren Papeles; Beatriz Lopez-Nogalesen Sacamantecas; Diego Navarroren Winnipeg, el barco de la Esperanza; Alfred Tapscotten Evolution; eta, azkenik, Francis Lopezen El cantor de México eta El amor es como un ramo de violetas operetea, Luis Mariano abeslari irundarra gorenera eroan eben obrak, kasu honetan Andoni Martinez Barañano tenor getxotarrak abestuko dituanak. Kontzertu barri honetarako Euskadiko Orkestreak Donostiako Orfeoia gonbidau dau eta Winnipeg, Evolution, El cantor de México eta Violetas imperiales obretan parte hartuko dau.

Aurreko urteetan bezela, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musikea pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzinoagaz buztartuko da 400 metro karratuko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea taldeak sortu dau kontzertu honetarako beren-beregi. Gainera, hainbat konpositore kontzertuan izango dira Belodromoko oholtzan euren lana aurkezteko.

Sartzea doban da eta gonbita irailaren 12tik 18ra jaso beharko da Zinemaldiak Kursaal jauregian dauen informazio-puntuan edo Donostia Turismoren bulegoan (Ijentea, 1), 9:00etatik 20:00etara, astelehenetik domekara. Sarrerarik geratuko balitx, belodromoko leihatiletan jaso ahal izango dira kontzertuaren egunean bertan goizeko 10:00etatik aurrera.

Euskadiko Orkestrea 

Urteetan zehar, Euskadiko Orkestra modu askotan egon da presente Donostia Zinemaldian. Bere parte-hartze nabarmenetako bat 2012ko edizinoan egin eban, orkestreak mundu osoan ospetsua dan Juan Antonio Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandearen zuzeneko estreinaldian parte hartu ebanean (Fernando Velazquezek sortutako partitureagaz). Hurrengo urtetik aurrera, 2013tik aurrera, orkestrea modu jarraituan hasi zan zinema-musikako kontzertua zuzenean eskaintzen, lehenengo, Miramongo egoitzan, eta, 2015etik aurrera, Belodromoan. Toki horretan bertan eskainiko dau kontzertua aurten be. Zinema-musikako kontzertuen hamarkada honetan, orkestreak hainbat film luzeren soinu-bandak interpretatu ditu, besteak beste: Handia, Errementari, Arrugas, Pájaros de Papel, Los crímenes de Oxford, Tadeo Jones 2, Mientras dure la guerra, Buñuel en el laberinto de las tortugas… Danetara, gure zinemako pelikulen 70 soinu-banda baino gehiago interpretau eta erakutsi ditu denpora honetan Euskadiko Orkestreak. Gainera, nabarmentzekoa da orkestreak Zinemaldiaren sintonia grabau ebala 1991 eta 1992ko edizinoetan.

Zinemaldian dauen parte-hartze sendoaz gan, Euskadiko Orkestreak filmetako musikeagaz lotutako lan handia egin dau. Aitagarriak dira Patria eta Maixabel filmen soinu-banden grabazinoak, bai eta aurreko film batzuenak be: A Monster Calls —Fernando Velazquezek 2016ko jatorrizko musika onenaren Goya saria jaso eban—, Ocho Apellidos Vascos, Contratiempo, Submergence, Momias eta beste batzuk.

SGAE Fundazinoa

2012tik, SGAE Fundazinoak Made in Spain sail ez-lehiakorra atontzen dau beste batzuekaz batera. Sail horrek azken urtean produzidutako Espainiako filmen aukeraketa berezia batzen dau, estreinautakoak izan ala ez, eta Zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen deutse nazinoartean zabaltzeko. Lan horreek irailaren 22tik 26ra proiektauko dira Madrilgo Berlanga Aretoan.

Bestalde, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak euskal sorkuntzako gidoi onenaren GIDOI-SGAE saria babesten dau. Sari hori Euskal Herriko Gidoigileen Alkarte Profesionalak emoten dau urtero jaialdian bertan, eta Euskal Zinemaren EITB Galan banatzen da irailaren 22an. Besteak beste, Enrique Urbizu, Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi, Maider Oleaga, Marina Parés, Telmo Esnal, Iñaki Rikarte, David Pérez-Sañudo eta Borja Cobeaga euskal gidoilariak saritu ditue orain arte.

SGAE Fundazinoak eta Donostia Zinemaldiak Jatorrizko Musika Onenaren SGAE Sari barria iragarri dabe aurten. Lehen aldiz Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzen daben 17 filmetako baten partiturea bereiziz, Beste Sari Ofizial batzuen kategorian txertatuko da eta musika-sorkuntzearen arloan ospe handiko hiru profesionalez osotutako epaimahai baten bidez izentauko dabe. Autorpen hau Zinemaldiak eta SGAE Fundazioak orain hamarkada bat baino gehiagotik daben lankidetza estuari gehitzen jako, jatorrizko musika-konposizinoaren bikaintasuna eta lan zinematografiko osoari egindako ekarpen artistikoa nabarmenduz. Saria emonaldiaren zarratze-ekitaldian emongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu