Sondikako Udalak Gorondagane eskola publikoa hobetzeko lanak egin ditu udan
2026-09-08 07:55 Pil-pileanIkasturte barriaren edegierearen harian.

Sondikako Udalak zenbait lan egin eta bideratu ditu Gorondagane eskola publikoan, azpiegiturak hobetzen jarraitzeko eta hezkuntza komunidadearen beharrei erantzuteko. Lanek hiru ardatz nagusi izan ditue: egungo azpiegiturak barritzea, irisgarritasunean aurrera egitea eta ikasleentzako guneak anitzagoak eta seguruagoak bihurtzea.
Mantenimendu eta hobekuntza lanakaz batera, datozen hilebeteetan egingo diran beste proiektu batzuk be bideratu ditu Udalak eta horreen artean dagoz patio inklusibo barriaren diseinua eta patio estalian rokodromoa jartea.
Naia Landa alkateak azpimarratu dauenez, Gorondagane gure eskola publikoa da eta bertako instalazinoak hezkuntza komunidadearen beharretara egokitzen jarraitzea da gure konpromisoa. Ikasleek eta irakasleek kalidadezko espazio irisgarriak eta seguruak izatea nahi dogu, eskolako eguneroko ondoizatea bermatzen jarraitzeko.
Ikasturte barriari behar bezela ekiteko, Udalak Ume Hezkuntzako eraikinaren kanpoaldeko harresia aldatu dau (5.132,08 €) eta hainbat horma garbitu, hezetasuna kendu eta margotu ditu (4.325,75 €). Ume Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eraikinak lotzen dituan aldatza barritu (39.134,79 €) eta lorazaintza lanak be egin ditu (524,16 €, baldintza-orrietako aurrekontuaren gainean). Bestalde, Eusko Jaurlaritzeak Ume Hezkuntzako eraikinean egozan arrakalak konpondu ditu, inbersioa bereganatuz (253.589,69 €).
Aitatu hobekuntza horreekaz batera, Udala patio inklusibo barria diseinetan dabil hezkuntza komunidadeagaz alkarlanean. Proiektuaren idazketeak 16.395,50 euroko aurrekontua dau eta ikastetxearen, guraso alkartearen eta ikasleen ekarpenak jasotzen dabiz. Etorkizuneko patioak gune aktiboak eta lasaiagoak buztartuko ditu eta olgetarako zein ikaskuntzarako aukerak eskainiko ditu. Era berean, irisgarritasuna hobetzeko beste ibilbide bat eta naturea integrauko daben espazioak aurreikusten dira. Helburua ume guztiek erabilteko moduko patio inklusiboagoa, irisgarriagoa eta anitzagoa sortzea da.
Azkenik, Udalak rokodromo barria jarriko dau Gorondaganeko patio estalian, aisialdi eta kirol eskaintzea zabaltzeko (8.596,57 €). Instalazinoak 178 eskalada-helduleku eta segurtasunerako zoru bigungarria izango ditu. Eskolako zuzendaritzearen eta familien alkartearen babesa be badau ekimenak. Rokodromoa ikasleentzat eta eskolako ordutegitik kanpo, aste barruan zein astebugoienetan, herritar guztiek erabili ahal izango dabe, Gorondaganeko espazioak herri osoaren aisialdirako eta kirolerako aukera gehiago eskaini daizan.
Gorondaganen egindako eta martxan jarritako jarduketa horreetarako, guztira, 74.108,85 euroko inbersinoa egin dau Sondikako Udalak. Eskola publikoa hezkuntza komunidadeagaz alkarlanean eten barik hobetzeko konpromisoa berretsi dau. Helburua da ikasleei eta irakasleei espazio seguruagoak, irisgarriagoak, anitzagoak eta eguneroko beharretara hobeto egokituak eskaintzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
