Hemen da 6. Baratxinto Fest, Pirinioetako Arteen Seia

Bizkaie! 2026-09-03 10:01   Kulturea

Irailaren 11tik 13ra, Erronkariko Ibarrean. 

2021ean sortu zan arte garaikidea landa-ingurunera hurbiltzeko helburuagaz, arte eszenikoak, kultura-bitartekaritza eta lurraldeari lotutako esku-hartze artistikoak buztartzen dituan programazino baten bidez. Artisten eta tokiko biztanleen arteko topaketea sustatuz, kultur sorkuntzea, herritarren parte-hartzea, turismoa eta bailarearen dinamizazino sozioekonomikoa bultzatuz.

Aurten irudi barritua eta barrikuntzaz ganezka dator. Idoia Zalguizurik egindako kartelaren irudiak bailarako emakumeen eskuak ditu protagonista, nortasun, memoria eta kultur transmisinoaren sinbolo lez. Ekitaldiak Erronkari, Burgi, Uztarroze eta lehen aldiz, Bidankozen egingo dira.

Jaialdia ez da programazino artistikoa bakarrik, komunidade-partaidetzarako, hausnarketa kolektiborako eta landa-inguruneko gizarte-loturak indartzeko tresna baino. Horregaitik, sensibilizazinoa eta kultura-bitartekaritzea dira proiektuaren ardatz nagusietako bat. Edizino honen beste barrikuntzetako bat da jaialdiak zenbait emonaldiren ondorengo bitartekaritza eta hausnarketa kolektiborako espazioak zabaldu dituala, artisten eta ikusleen arteko alkarrizketak bultzatuz. Jakinmin alkartea arduratuko da horretaz. Jaialdiaren beste ezaugarrietako bat tokiko biztanleen inplikazinoa da. Herri-bazkaria, mikro edegia eta artisten eta bertaratuen arteko topaketa informalak lako jarduerek bizikidetzea erraztu eta lurraldekoa izatearen sentimendua indartzen dabe.

Edizino honetan, programazinoak hainbat lengoaia artistiko erabiliko ditu (zirkua, clowna, antzerkia, jantzea, poesia, musikea eta performancea) identidadeagaz, kultura-aniztasunagaz, bizikidetzeagaz, migrazinoagaz, giza hartu-emonakaz eta ondoizate kolektiboagaz lotutako gaiak lantzeko. Eta, gainera, bertako eta Erronkari Ibarreko artisten presentzia indartzea da asmoa.

Baratxinto festibala hasi aurretik, irailaren 10ean, eguenean, 19:30ean, Erronkarin, Sweet Chilli Circus Companyk Trashumantes aurkeztuko dau, jaialdiak eskainitako egoitza artistikoan landutako piezea. Zirku garaikidearen, antzerki fisikoaren, jantzearen eta clown-aren fusinoa, absurdua eta sublimea batera existiduten diran espazio bat sortzen dauena, giza kondizinoaren esplorazino sakona eskainiz.

Jaialdiari irailaren 11n, ostirala, ekingo jako, 19:30ean, Burgin. Ondoren, arratsaldeko 20:30ean Jean Philippe Kikolasen Calor ikusi ahal izango da. Zirku garaikideko proposamena, alkarrizketarako eta hausnarketarako mezua dakarrena, errefuxiatuen gizarte-arazoetan oinarrituta.

Irailaren 12an, zapatuan, Iosu Sanz Udi artisteak arte bizien, poesiaren eta musikearen performance berezia eskainiko dau Bidankozen. Eta ondoren Badut taldearen Flamenkito pieza laburra. Clown pieza honek gitarrista handi bat eta jantzari handi bat ditu protagonista eta flamenko errezitaldi handi bat eskainiko dabe baina azkenean konturatuko dira euren proposamenak ez dauela ezer handirik. Ondoren, Ganso&Cia-ren Welcome&Sorry, Shakespeareren Hamlet klasikoa parodietan dauen keinu komedia clown klabean. Aktore bi obra antzezten saiatzen dira talde oso baten lana eginez, talenturik eta baliabiderik barik.

Aurrerago, Erronkarin egingo da bazkari herrikoia eta mikro-edegia. Eta, 19:00etan, Orain Bi konpainiaren Mute lana. Aldaketearen idea horretatik abiatuta, konpainiak zirku-ikuskizuna eskaintzen dau, momentu poetiko, dibertigarri eta harrigarriak eskaintzen dituana, umore ikutu bategaz. Eta eguna amaitzeko, punk/rock kontzertua Fuera de Tono Izabako taldeagaz.

Eta azkenik, domekan, Uztarrozen, 12:00etan, Gilkitxaroren Alperrak, tunanteak eta maleanteak, plazerra aldarrikatzen eta anormaltasunaren apologia egiten dauen lana. Bizi garen gizarteari buruzko hausnarketea, produktibista izatera behartzen gaituana, hausnartzeko atsedenik itxi barik, introspekzinoan jausteko tentazinorik barik, guztiari azkar erantzutera behartzen gaituana, ezertan sakondu barik klik eginez. Eta, ondoren, Ertza Dantza Konpainiaren Otempodiz; jantza pieza honek, jaioten garen munduko lekuaren arabera denporea zelan antzemoten eta biziten dogun hausnartzen dau. Eta ikuskizunaren ondoren, agur mokau bategaz amaituko da jaialdia.

Jaialdia Goitibera antzerki konpainiak eta Erronkariko, Uztarrozeko, Burgiko eta Bidankozeko udalek atontzen dabe, Nafarroako Gobernuak Gu Pirinioaren bitartez diruz lagunduta eta Cederna Garalur eta Kebenko alkartearen babesari esker.

Jaialdiaren jarduera guztiak doban eta kalean egingo dira.

Informazino gehiago hemenjaialdiaren programazinoa eta zehetasun guztiak konsultau ahal izango dira. Calor ikuskizuna ikusteko edukierea 140 pertsonatara mugatuta dago eta, beraz, sartzea heldu ahala egingo da. Herri bazkarira joateko erreserbea egin behar da, 681 872 863 telefonora whatsapp bat bialduta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu