8.600 ikasle barrientzako aurkezpen saioak hasiko dira EHUn

Bizkaie! 2026-09-03 07:35   Kulturea

Aurten Industriari Aplikautako Zibersegurtasuneko Injinerutzako Gradu barria hasiko da.

Erretratua: Egoi Markaida. EHU. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeak eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultadeak, biak Leioako campusean, izango dira lehenengoak ondoetorria emoten 2026-2027 ikasturteko lehen mailako ikasleei, izan be, bihar, irailak 3, izango ditue aurkezpen saioak ikastegi bietan. Aurkezpen gehienak, barriz, datorren astelehenean egingo dira eta hilaren 8rako graduko ikasle guztiak klasean izango dira.

Graduko lehen mailako matrikulea egiteko azken epe biak irailaren 3an eta 8an beteko dira, oraindino plazaren bat libre daben hogeita hamar titulazinoetan. Oraingoz, Euskal Herriko Unibersidadeak 8.605 ikasle barri ditu, horreen artean, 365 Kolonbia, Maroko, Errumania, Peru, Txina, Frantzia eta Italia, Nikaragua, Portugal, Mexiko, AEB, Errusia, Pakistan, Jordania edo Ukraina lako 56 herrialdetakoak dira. Danetara, 2026-2027 ikasturtean, azken datuen arabera, 35.636 lagunek egingo ditue graduko ikasketak EHUn

Lehen mailan kasle kopuru handiena dauen gradua Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzako Gradua da, Bizkaiko Campusean, 298 ikaslegaz; titulazino hori Gipuzkoako eta Arabako campusetan be eskaintzen da eta 640 ikasle bari ditu. Bestalde, momentuz, gitxieneko notarik altuena dauen gradua Odontologia da, 12,5egaz.

Aurten ezagutza arlo guztietako 108 gradu eskainiko ditu EHUk, euskeraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez. Horreetatik, 16 gradu dualak dira eta 15, gradu bikotxak. Aurten Industriari Aplikautako Zibersegurtasuneko Injinerutzako Gradu barria hasiko da, 41 ikaslegaz. Beste hiruk euren planak (Telekomunikazino Teknologiaren Injinerutzako Gradua eta Nautika eta Itsas Garraioko Gradua) edo izena eta diseinua (Itsasontzien Makineriako eta Mantentze Lanetako Gradua) barritu ditue eta matrikulea be zarratu dabe.

Graduondokoei jagokenez, matrikulea oraindino zabalik dago. Eskaintzeak 113 unibersidade master (74 Bizkaian, 27 Gipuzkoan eta 12 Araban), etenbako prestakuntzako 48 master (27 etenbako prestakuntzako master + 8 unibersidade espezializazino + 13 unibersidade aditu) eta 67 doktorego programa hartzen ditu. Orain arte, sarbide barriko 2.290 persona matrikulau dira unibersidade masterretan.

Ikasturtearen inaugurazino ofiziala

2026-2027 ikasturtearen inaugurazino ekitaldia irailaren 14an izango da, astelehenean, 11:30ean Arabako Campusean, Letren Fakultadean. Joxerramon Bengoetxea errektorea izango da ekitaldiaren buru eta euskal gizarteko eta beste unibersidade batzuetako ordezkariek be hartuko dabe parte. Mahai nagusian izango dira, errektoreagaz batera, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko burua, Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias, Leire Garmendia EHUko Idazkari Nagusia eta Ixone Fernandez de la Bastida, Arabako Campuseko errektoreordea. Aurten ez da Imanol Pradales lehendakaria izango EHUren ikasturtearen edegiera ekitaldian. Bestalde, Inmaculada Tazo Gasteizko Injinerutza Eskolako irakasle eta ikertzaileak emongo dau aurtengo edegiera hitzaldia, Sistemas de género en las ingenierías industriales izenburukoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu