Azkuna Zentroak Akesi Martinez aukeratu dau Komikiaren Nazinoarteko 6. egoitzan parte hartzeko

Bizkaie! 2026-09-02 09:01   Kulturea

Hiru lagunentzako egoitzea da BilbaoArteren laguntzeagaz.

Azkuna Zentroak La Cité internationale de la Bande Dessinée et de L ‘image de Angoulême eta Maison de la Litque de la Litere de Quebec aukeratu ditue egoitza honen seigarren edizinoan parte hartuko daben hiru personak: Akesi Martinez (Azkuna Zentroa), Mathias Martinez (Angoulême) eta Eloise Marseille (Quebec).

Epaimahaiak edizino honetan aurkeztutako hautagaitzen kalidadea nabarmendu dau. Proiektuek komikiaren inguruko gaur egungo sorkuntzearen ikuspegi narratibo eta grafikoen aniztasuna islatzen dabe, baita hainbat diziplinagaz dauen loturea be, besteak beste, ilustrazinoagaz, diseinuagaz edo arte bisualakaz.

Akesi Martinez ilustratzailearen kasuan, errituala tresna narratibo eta bisual lez ikertzean oinarritutako komiki esperimentalaren proposamena da.
Akesi Martínezen lana.

Akesi Martinez

Galizian bizi dan ilustratzaile eta artista bisuala. Bere praktika artistikoak ilustrazinoa dau oinarri, teknika tradizionalen eta grabatuaren eraginakaz. Arkitekturan eta arte eszenikoetan dauen prestakuntzeak haren lana eta prozesua aberasten ditu, eta sortutako proiektuetan modu organikoan lotzen dira narratibea, espazioaren behaketea eta esperimentazino plastikoa.

Nazinoarteko hainbat lehiaketatan saritu dabe Akesiren bere lana, Boloniako Ume Liburuen Azokea, Unpublished Picture Books (D-Pictus), Communication Arts, 3x3 Magazine, American Illustration, New Yorkeko Society of Illustrators eta iJungle Illustration Awards-en. Bakarkako erakusketak egin ditu Londresko Barbican Centre-n eta Parisko Espainiako Ikastetxean.

Ilustrazinoan trebatu zan, 10. zenbakiko Arte Eskolan (Madril, 2013) eta Fondazione Arnoldo e Alberto Mondadori-ren Mimaster de Ilustrazione-n (Milan, 2025), baita grabatu tekniketan be: Kalkografiako masterra CIECen (Estanparen Nazinoarteko Zentroa, Galizia, 2024) eta Morley College-n (Londres, 2023). Gaur egun, narrazino-praktikea lantzen dabil, narrazino-modu garaikideen sekuentzia eta aukerak aztertuz. Aldi berean, lana zabaltzen jarraitzen dau, aldizkarietarako ilustrazino editorialean.

Mathias Martinez


1993an jaio eta Cergy-Pontoisen hazi zan, Mirapolis parkearen hondakinen artean, Parisko Disneyland eta Asterix parketik hurbil. Horrek sortu eutson harri-kartoizko atrakzino-parkeakazko lilurea. Txikitan, marrazkiak maite zituan Betty Boopi esker eta, aurrerago, komikiak, Marjane Satrapi, Calvo eta Winsor McCayren moduko egileen eraginez. Grabatuko ikasketak egin zituan Estienne eskolan eta ilustrazinokoak, ondoren, HEAR ikastegian (Rhineko Arteen Goi Mailako Eskola), Estrasburgon.

Ordutik, Alsazian bizi da eta han lan egiten dau; Parisen eta Bruselan erakutsi ohi ditu bere lanak. Martinezen lanak Jean-Paul Gaultierren arretea erakarri eban, hain zuzen be, silueta kulunkariko marinelen marrazkiak eskatu eutsozan behin baino gehiagotan Gaultierrek. Oporretako koadernoak be egiten ditu OUIGO trenetarako eta komikiak idazten ditu TOPO aldizkarirako.

2023an bere lehen albuma argitaratu eban Clocki, Misma argitaletxean eta aitamen berezia lortu eban 2024ko Boloniako Haur Ilustrazinoaren Nazinoarteko Azokan. Aurrerago, Barracuda Bar plazaratu eban, Iroiseko itsasoan girotutako polizia-kontakizun absurdoa, cartoon erako estetikea dauena.


Eloise Marseillen autorretratua

Éloïse Marseille (1996)

Tatuatzailea eta eleberri grafikoaren egilea da. Studio Arts-en lizentziau zan, Concordia Unibersidadean 2020an. Umetatik marrazten dau, eta ikasketak amaitzean hasi zan tatuaje-lanean.

Haren praktika artistikoa oso lotuta dago naturearen behaketeagaz eta marrazketeagaz eta diziplina horreek jorratzen ditu artifiziobako begirada zuzen eta zintzoagaz. Marseilleren lanaren ezaugarri nagusia da esperientzia personala zintzotasunez lantzea, autobiografia eta intimidadea bere narratibearen ardatz bihurtuz.

2023an lehen eleberri grafikoa argitaratu eban: Confessions d'une femme normale (Pow Pow). Lan autobiografiko horretan, bere bizitza afektiboa jorratzen dau, umezarotik 25 urtera arte. Quebec-eko Prix des Libraires sarirako izentau eben. 2025etik 2026ra bitartean, Intime bildumako hiru liburukiak argitaratu zituan (Éditions MD). Zortzi eta 12 urte bitarteko umeentzako da eta sexu-heziketara hurbiltzen da komikitik.

30 urtegaz, ibilbidean aurrera jarraitzen dau, ilustrazinoa, eleberri grafikoa eta tatuajea buztartzen, adierazpen artistikoaren forma osogarri lez.

Hiru helmuga dituen egoitza bakarra

Artista bakotxak egonaldi bana izango dau hiru urietan: Angoulême, Bilbo eta Quebec. Egoitzearen barruan, artista bakotxak bere sorkuntza proiektua landu eta erakunde bakotxak harrera programa bat atonduko dau, lantegiak, bilerak, alkarrizketak edo bestelako jarduerak.

Hiru egonaldiek bat egingo dabe jaialdi bategaz egoitza bakotxean, eta bertan hartu-emon profesionalak landu, jardueretan parte hartu eta publikoagaz topaketak egin ahal izango ditue: Angoulêmeko Komikiaren Nazinoarteko Jaialdia; Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazinoarteko Jaialdia Bilbon; eta Quebec BD Jaialdia Quebecen. Horrezaz gan, konpartidutako lanerako tailer bat izango dabe uri bakotxean eta, bidaia eta ostatuagaz batera, 4.500 euroko diru partidea jasoko dabe egoitzen iraupena estaltzeko.

Nazinoarteko egonaldi berezi honek bide emoten dau hainbat herrialdetako personak batzeko nobela grafikoaren oinarrizko ingurune profesionaletan. Esperientzia honen helburua komikiaren esparruan sorkuntzea sustatzea, eta herrialde desbardinetako personen arteko alkarketea bultzatzea da, eleberri grafikoan oinarrizkoak diran ingurune profesionaletan, beste diziplina artistiko garaikide batzuetako artistakaz konektetako.

Formatu horrek aukerea emoten deutse sortzaileei alkar aberasteko parte hartzen daben urietako kultura-inguruneak esploretan. Bestalde, esperientziak eta ideak trukatuz, euren sormena hauspotzen da eragin kurutzatuakaz eta ikuspegi artistiko bereziakaz.

Bilbon, euren proiektuakaz jarraitzeaz gan, lantzen dabizan sormen-prozesua erakutsiko dabe, eta zentroaren fatxada nagusian esku-hartze berezia egiten dabe espazio horretarako sortutako ilustrazinoakaz.

Esangura horretan, irailaren 30era arte Carmen B. Mikelarenak, Louka Butzbachek eta Mireille St-Pierrek 2025-2026 Komikiaren Nazinoarteko Egoitzearen esparruan jorratutako proiektu artistikoak bisitau daitekez Loreak, tresnak eta monstruoak erakusketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu