488.971 bisitari izan ditu Guggenheim Bilbao Museoak bagila eta abuztua bitartean

Bizkaie! 2026-09-02 07:40   Kulturea

Historiako bigarren udarik onena izan da.

Amaitzen dagoan uda hau Guggenheim Bilbao Museoaren historiako bigarren onena izan da bisitarien kopuruari jagokonez. Bagila eta abuztua bitartean 488.971 lagun batu ditu, igazko udan baino 10.656 gehiago.

Kontuak kontu, bagilean 116.064 bisitarik bisitau zituen Museoko erakusketak, 163.426 garagarrilean eta 209.481 abuztuan, igaz baino 14.527 gehiago.

Museoan ohikoa dan bezela, aurten be nazinoarteko publikoa izan da nagusi (guztizkoaren % 81 Estadutik kanpokoa izan da, igaz baino % 3 gehiago), zehatz Frantziakoa (guztizkoaren % 15), Britainia Handikoa (% 10), Alemaniakoa (% 10), Italiakoa (% 9), Holandakoa (% 8) eta AEBetako (% 7). Estatu espainiarrean, EAEko bisitarien (guztizkoaren % 4), Kataluniakoen (% 3) eta Madrilgoen (% 3) indizea nabarmendu da.

Egunik jentetsuena eguzki-eklipse osoaren astean izan zan, abuztuaren 10ean: danetara 9.097 bisitari egun osoan zehar.

Urteko kopuru metatuari jagokonez, 2026ko abuztuaren 31ra arte 922.113 bisitari izan ditu Museoak, orain arteko bigarren kopururik handiena, izan be, inoizko maiatzik arrakastatsuena izan da, baita bigarren abuzturik onena be.

Erantzun bikainaren arrazoietako bat Museoaren programazino artistiko erakargarria izan da: Ruth Asawa: Atzerabegirakoa (irailaren 13ra arte); Jasper Johns: Night Driver, BBVA Fundazinoak babestua (urriaren 12ra arte); in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa (zemendiaren 1era arte) eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak, BBK Fundazinoak babestua (iraunkorra).

Nabarmentzeko beste datu bat Kutxabankek babestutako Art&Music zuzeneko musika-programeak erakarri dauen publikoa izan da: 1.200 parte-hartzailek sarrerak agortu ditue garagarrilean eta abuztuan Museoko terrazan eskainitako zortzi saioetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu