'Aste Nagusi baketsu eta ezbehar larririk bakoa bizi izan dogu'
2026-09-01 12:34 KultureaBilboko Konparsak kolektiboaren 2026ko Aste Nagusiaren balorazinoa positiboa da.
Astebete pasauta joan da gure Marijaia, Ainhoa Urrejola txupinereagaz eta Onintza Enbeita pregoilariagaz batera. Agur esan geuntsan 2026ko Aste Nagusiari, munduko gure txoko kuttunenari, gure momentu magikoenari. Hori dala eta, triste gagoz, jakina, baina baita pozik be bai, izan be, Aste Nagusiko balorazino positiboa egiten dogu, eta jaigunetan bizitako giro positiboa nabarmentzen dogu.
Ardura gehien sortzen dauena erasoen kudeaketa izaten da, baina aurtengo edizinoa, aurrekoakaz alderatuta, oro har lasaia izan da, ezbehar, gatazka edo eraso larririk bakoa. Pozik gagoz ez dalako protokoloa aktibetea eskatzen dauen ezbeharrik jazo, eta datozen urteetan holan jarraitzeko lanean jarraituko dogu. Erasoen kudeaketeari jagokonez, konparsen erantzuna oso egokia izan da, atondutakoa eta kolektiboa eta gatazken aurrean emondako erantzun goiztiarraren ondorioz, tensioak ez dau gora egin.
Nabarmendu behar dogu eraso guztiak gizonek egindakoak izan dirala. Bestalde, azpimarratzekoa da manteroek eta kale saltzaileek sufridu daben jazarpen instituzionala. Esangura horretan, esker berezia LAB sindikatuko bolondresei, manteroen kolektiboari eskaini deutsen laguntza eta babesagaitik. Aurten, igaz baino zuzeneko eraso gitxiago izan ditue kale saltzaileek, baina salatu nahi ditugu diskriminazino eta biolentzia instituzionalak. Bilboko Udalari eskatzen deutsagu egiturazko arazo larri horren aurrean neurriak hartu daizala.
Era berean, gure ekintzen barri emoten daben hedabideei eskatzen deutsegu erantzukizunez, gizatasunez eta gure kulturearen aurrean errespetuz jokatu deiela, informetea ardura garrantzitsua baita, desinformazinoa eta gorroto diskursoak gora egiten dagozan momentuan.
Ticketbai kanpainearen ezarpenarien harian, txosnetako barrearen kanpoko jenteari eta txandalariei erakutsitako pazientzia eskertzen deutsegu, baita konparsakideei be profesionalen antzean inposizino hau ulertzeko eta haregaz lan egiteko egin dituen hamaika ahalegin; oraindino lana ez dogu amaitu, eta jaigunen eta txosnen desmontaketearen ostean jarraitu beharko da auzolanari traba egin deutson lan burokratikoaz berba egiten.
Atondutako egitarauagaz eta izandako harrereagaz be pozik gagoz. Zehatz poztu gaitu uretako koltxoneta lasterketeak, izan dan giro aparta eta jentetsuak. Horrezaz gan, ekintzetan igaz baino partaidetza handiagoa izan da, anitza, eta umeentzako ekintzetan –112 ekintza izan dira guztira txikientzat–, parte-hartze igoera hori be igarri egin da. Era berean, ez da ekintzarik bertan behera geratu eguraldiak eutsi deutsolako eta parte-hartzeari esker. Lehiaketa gastronomikoari jagokonez, Bilboko Konparsen lana eta esfortzua goraipatu behar ditugu.
Ikuskizunetako teknikarien grebea be izan da edizino honetako aldarrikapen garrantzitsu bat, eurak baitira aurtengo Aste Nagusiaren eta ganerako edizino guztien ezinbesteko zutabe. Hori dala eta, Bandera Urdinaren bidez, gure jaietan egiten daben lana autortzen dogu, eskatzen dituen baldintzen hobekuntzak babestu ditugun bitartean. Kontuak kontu, Bandera Marroiaren bitartez, salatzen dogu ez gatozela bat ETSren jokabideagaz, izan be, Aste Nagusia erabili dau bere interesen mesedetan, neurri horreek langileen alde hartu dituala sinistarazi guran, eta langileen greba-eskubidearen gainetik. Baina guk badakigu Aste Nagusia herriarena dala eta ezin dala erabili langileen oinarrizko eskubide baten kontra egiteko.
Beste alde batetik, sano positiboa begitandu jaku GUKA taldeak Aste Nagusian euskara nagusi kanpainea abiatzeko egindako lana, jaigunetan euskerea bultzatzeagaitik eta euskaldunontzako gune askeak geugaz batera eregiteagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
