Eibarren fabrikautako piezak Bartzelonako Disseny Hub Museoan egongo dira irailaren 16ra arte

Bizkaie! 2026-09-01 09:03   Kulturea

ADI-FAD alkarteak atondutako Delta Sarien inguruko erakusketan.



Pasa den garagarrilean Armagintzearen Museoak ADI-FAD alkartearen Delta Trayectoria Saria jaso eban 60ko hamarkadan sortutako diseinu industriala balioan jarri eta beste produktu batzuk saritzeko asmozn. Urte batzuk aurrerago abiarazo eben Trayectoria Saria eta, hori da, hain zuzen be, Armagintzearen Museoak eskuratutakoa. Epaimahaiak zehaztu dauenez, Eibarrek dauen industria-ondare aberatsa eta museoak ondare material baliotsu hori jagoten, aztertzen eta zabaltzen egindako lan nabarmena be goraipatzekoa da.

Trayectoria Saria jaso daben eta beste kategoria batzuetara euren hautagaitzea aurkeztu dabenen produktu, proiektu eta pieza danakaz erakusketa bat inaugurau eben garagarrilaren 22an eta irailaren 16ra arte egongo da ikusgai. Gauzak holan dirala, Armagintzearen Museoak sei pieza laga ditu erakusketan jarteko, Eibarren egin ziran eta egiten jarraitzen diran produktu horreek balioan jarri eta enpresei autortzea egiteko asmotan. Hona hemen pieza horreen inguruko informazinoa:

  • SYG markako kalibrea: Altzairu herdoilgatzezko kalibre hau, Vernier eskalakoa, 12 cm edo 5 hazbeterainoko doitasunagaz neurtzeko tresnea da, eta errege-oina be esaten jako. Normalean, barruko eta kanpoko diametroak neurtzeko erabilten da, erregela arrunt batek emoten dauena baino zehaztasun handiagoa baitau. Kalibre hau Txonta 39an egoan Industrias SYG S.L, Hand Tools Manufacturers, enpreseak, 1957an sortuak, egin eban. Bazkide sortzaileak Felix Gorriti Uncetabarrenechea eta Mauro Sabán izan ziran. 70eko hamarkadan, enpreseak kalibreen fabrikazinoaren % 95 esportetan eban. Haren merkatu nagusiak europarrak ziran (Frantzia, Alemania, Holanda) eta Estadu Batuak. Felix Gorriti 1984an hil ondoren, haren familiak Eibarko enpresari batzuei laga eutsen enpresea. 1987an zarratu eben behin betiko.
  • El Casco zorrozkailua eta M-20 grapagailua: Mahai-gaineko zorrozkailua, biraderaz eragindakoa, altzairuz eta zamak aleazinoz fabrikauta eta eskuz leunduta. Gerra Zibilaren ondoren, El Cascok mahai gaineko zorrozkailu sendo hau landu eban, bulego eta bulegoetako estatusaren sinbolo bihurtu zana.

Grapagailua Serie Desk Tops seriekoa da. 1976an, 1986 eta 1991 urteen artean Euskadiko Diseinatzaileen Alkarteko presidente izandako Guillermo Capdevila Abatte diseinatzaile industrial txiletarrak (1947-1999) sortu eban. Delrin materialez egina dago, erresistentzia eta gogortasun handiko termoplastiko tekniko erdi-kristalezkoa. Arina eta ia hautsezina da, oso moldakorra, eta horrek lehen mailako material bihurtzen dau, altzairuaren antzeko elastikotasunagaz.

Olave, Solozabal y Cía enpresa 1920ko irailaren 27an abiarazo eben Orbea y Cía enpresako langile ohi bik, Juan Olavek eta Juan María Solozabalek. Hasieran Smith & Wesson muetako errebolberren fabrikazinoan oinarritu zan. 1930ean, Olave, Solozabal y Cía enpreseak armagintza-jarduerea baztertu eta bulegoko materiala fabriketeari ekin eutson: grapagailuak, zorrozkailuak, zenbakitzaileak eta idazmahaiko objektuak, nazinoartean ospe handikoak.

  • Irazola bihurkina: Bihurkina eskuzko tresna erraz bat da, torlojuak estutu eta askatzeko maniobra erraz bat egiteko balio dauena. Hainbat formatako altzairuzko kirtena eta hagaxka ditu, erabili beharreko torloju-muetearen arabera. Irazola enpresan ohikoa zan hagatxoak molibdeno-banadio-aleakzinoko altzairuzko barretatik abiatzea; ondoren, barra horreek tratamendu termiko egokia jasoten Eben eta, azkenik, azaleko tratamendu termikoa emoten jaken. Hagaxka horreek be punta baltzagaz kromau ziran. Irazola enpresa Victoriano Irazolak sortu eban 1924an eta bera izan zan zuzendaria. Hasieran Legarren kokatu zan eta aurrerago beste kokaleku bat izan eban Ubitxa kalean, 1988an Soraluzera joan aurretik. Industriarako produktu osogarriak eta beirazko kafe-makina ezaguna egiten hasi zan. 1950eko hamarkadan, bere markea dauen artikulu bat sortzeko lehen pausuak emon zituan: bihurkina. Alfa eta Sigma enpresek, besteak beste, Irazolako egurrezko kirtena eben bihurkin txiki bi beren taldeetan sartzea erabagi eben. Aurrerago, Lambretta motor-fabrikatzaileak eta Seatek be tresna hori eskatu eben. Efektu hori berehala zabaldu zan burdingintzearen sektorera. 2011tik, Irazola, Gipuzkoako Irimo eta Palmera eta Gasteizko Acesa enpresakaz batera, Suediako Bahco marka historikoaren kide bihurtu zan.
  • JAZ Zubiaurre eskuila: Eskuila metalikoei alanbrezko eskuilea, zurdazko eskuila metaliko edo oxidorako eskuilea be esaten jake. Zurdaz edo alanbre metalikoz osotutako erremintak dira, oinarri solido baten gainean finkatuak, eta oinarri hori metalezkoa edo egurrezkoa izaten da. Metalezko alanbre horreek lodiera eta luzera desbardinak izan leikez eta higadureari eta tenperatura altuei aurre egiteko diseinauta dagoz. Enpresa Eibarren sortu zan 1924an, hortz metalikoko eskuilak, nylon urratzaileko eskuilak eta gainazalak tratetako tresnak egiteko eta saltzeko. Domingo Zubiaurre izan zan enpresearen sortzailea. Hainbat kokapen izan ditu enpresak, baina gaur egun Azitaingo industrialdean dago. 70eko hamarkadan, enpresea kanpoko herrialdeetara zabaltzen hasi zan, eta Alemanian eta Ameriketako Estadu Batuetan saltzen hasi ziran. 1999an Estatu Batuetan finkatu eta gaur egun han sortzen dau fakturazino osoaren erdia baino gehiago. Oraintsu, enpreseak transizino-prozesuari ekin deutso, eskuila metalikoen fabrikatzaile izatetik gainazalen tratamendu-soluzinoetan aditu izatera igaroteko, Jaz Surface Experts marka barriagaz.
  • BOJ sakakortxoa: David Olañetak diseinau eban 1932an eta BOJ enpresearen ikonoetako bat da. Miloeka pieza saldu dira 90 urte baino gehiagotan, 31 herrialdetan. Buho ezizenagaz ezaguna, Espainiako diseinu industrialaren historiako 250 objektu garrantzitsuenetako bat bezela katalogau dabe eta 1998an Madrilgo Reina Sofía Museoan ikusgai egon zan. 1905. urtean, Manuel Barrenechea, Bernardo Olañeta eta Vicente Juaristi eibartarrek BOJ enpresea sortu eben. 1932-33 urteetan, kooperatibetako ekonomatuetan erabilten zirn txanponak fabriketan jardun eban enpreseak. Estanpazinoan zein burdindegiko publizidadean erabilten zan xafla-ebakitzaile bat be patentau Eben. Orduan hasi ziran palanka bikotxeko sakakortxoa egiten, BOJen historiako piezarik esanguratsuenetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu