Dagoeneko % 72ko okupazinoa lortu dau Getxoko Kirol Portuak
2026-07-28 13:23 Pil-pileanTransizinoko etapan gagoz eta helburua da eguneroko jarduerak bermatzea.
Urtearen hasieran, Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzeak, El Abra-Getxo Kirol Portuko soziedade publikoaren bidez, Getxoko Kirol Portuko amarralekuen eta lokalen zuzeneko kudeaketea eurenganatu eben. Etapa barri honetako lehenengo hilabeteak igaro ondoren, datuek jarduerearen bilakaera positiboa erakusten dabe. Garagarrilaren 22ko datuen arabera, portuak 598 ontzi ditu, kontratautako amarralekuen eta igarobideko ontziak gogoan hartuta, hau da, guztira dituan 825 plazen % 72,5eko okupazinoa lortu dau; 2025eko abenduaren 31n erregistrautakoa baino 122 ontzi gehiago. Egun haretan, portua barriro soziedade publikoaren esku geratu zanean, 476 ontzi egozan. Ordutik, ontzi kopurua % 25,6 hazi da, eta okupazino maileak ia 15 puntu egin dau gora, % 57,7tik % 72,5era.
Hazkunde horregaz batera, atonketa administratiboan be aurrerapausu handiak emon dira. Amarralekuen legezko kontratuen kopurua handitu egin da eta etapa barriaren hasieran antzemondako egoera irregularrak % 65 inguru murriztu dira. Horri esker, segurtasun juridiko handiagoa bermatzen da, erabiltzaile guztientzako baldintza bardinak ziurtatzen dira, eta portuaren funtzionamendua zehatz atondua dago.
Era berean, merkataritza-lokalen egoereak be bilakaera nabarmena izan dau. Gaur egun hamaika ostalaritza- establezimendu dagoz zabalik; 2025ean, barriz, sei baino ez egozan martxan eta horrek bost negozio gehiago eta % 83ko hazkundea dakar.
Arlo teknikoan bere jarduerea handitu egin da: hamabost lokal edegita egozan eta orain hogei dira, % 33 gehiago. Gainera, gaur egun jardunean dagozan negozio guztiek euren kontratu-egoerea behar bezela formalizauta dabe eta, holan, 2025eko egoerea zuzendu da.
Okupazinoaren hazkundeak, ostalaritzako eta arlo teknikoko jarduerearen susperraldiak eta erregularizazino-prozesuak agirian ixten ditu El Abra-Getxo Kirol Portuko soziedade publikoak bultzatutako eta Getxoko Udalak onartutako neurrien lehenengo emoitzak.
Lehen hilabete honeetako datuek erakusten dabe portuaren okupazinoak, jarduerak eta erregularizazino-prozesuak bilakaera positiboa izan dabela, nahiz eta oraindino lana geratzen dan egiteko. Transizinoko etapan gagoz eta helburua da eguneroko jarduerea bermatzea, konpondu barik dagozanak atontzea eta 2027ko abenduaren 31n Kirol Portuaren eremua Bilboko Portu Agintaritzeari ahalik eta baldintzarik onenetan bueltetako prestaketea egitea, adierazo dau Amaia Agirrek, El Abra-Getxo Kirol Portuko soziedade publikoaren presidente eta Getxoko alkateak.
Kontuak kontu, jarduerearen susperraldia Kirol Portuaren etorkizuna definiduteko lanakaz batera dator. Bilboko Portu Agintaritzeak joan dan bagilaren 30ean esleitu eban Portu–Uri Jasangarria Getxo/Bilbo: Integrautako Ikuspegia 2030+ Master Plana idazteko laguntza teknikoa. Dokumentu horrek espazio honen eraldaketa eta bizibarritzea gidatzeko erispideak ezarriko ditu.
El Abra-Getxo Kirol Portuko soziedade publikoak beregan hartutako zuzeneko kudeaketeak behin- behineko izaerea dau. Bilboko Portu Agintaritzeagaz adostutakoaren arabera, Kirol Portuaren eremu osoa 2027ko abenduaren 31n bueltauko jako erakunde horri. Momentu horretatik aurrera, ez Getxoko Udalak ezta soziedade publikoak be ez dabe portuaren kudeaketeagaz jarraituko.
Master Planaren azterketa-eremuak Kirol Portua, Arriluzeko ingurunea eta gurutzaontzien terminala hartzen ditu. Helburua da portuaren eta uriaren arteko integrazinoa sendotzea, itsas eta kirol jarduerea, jarduera ekonomikoa, herritarren erabilerea eta turismoaren garapena bateragarri eginez, betibere jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren ikuspegitik.
Master Planaren prestaketeak lehen fasean diagnostikoa eta hainbat aukera aztertzea aurreikusten dau. Ondoren, informazino, entzute eta parte-hartze prozesu bat egingo da; eta, azkenik, behin betiko proposamena idatziko da. Master Planaren zuzendaritzea eta onarpena Bilboko Portu Agintaritzeari jagokoz, Getxoko Udalagaz eta gainerako administrazino eskudunakaz alkarlanean.
Portua bueltau arte, El Abra-Getxo Kirol Portuko soziedade publikoak instalazinoaren eguneroko funtzionamendua bermatzen jarraituko dau, oraindino konpondu barik dagozan egoerak erregularizetan eta Bilboko Portu Agintaritzeagaz alkarlanean hurrengo etapea atontzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
