Pantzart txotxongilo eta objektuen antzerki konpainia Kamerun eta Txinara joango da

Bizkaie! 2026-07-22 07:45   Kulturea

Kolorez Kolore antzezlana eskainiko dabe.

Bilboko Pantzart txotxongilo eta objektuen konpainiak nazinoarteko birea egingo dau datozen hilabeteetan Kolorez Kolore (Couleurs Couleur) lanagaz. Garagarrilaren amaieran hasiko da Marionnette en Marche Txotxongiloen Nazinoarteko Jaialdia Jaunden, Kamerunen, eta urriaren amaieran amaituko da Macaoko (Txina) Macau Contemporary Puppet Festival jaialdian.

Jaialdi biak txotxongilo-antzerkiari eta Arte Eszeniko Garaikideei eskainitako nazinoarteko plataformak dira eta hainbat herrialdetako artistak eta kultura-profesionalak batzen ditue, arte-trukea, sormena eta kulturen arteko alkarrizketea sustatzeko.

Pantzart konpainiak, umeentzako Kolorez Kolore obreagaz parte hartzeaz gan, hainbat dramaturgia, eregite prozesu eta txotxongilo manipulazino tailer emongo ditu Kamerunen, eta hango artistakaz lan eszeniko bat sortzen lagunduko dau. Txinan, bere ikuskizuna aurkezteaz gan, Makao eta beste herrialde batzuetako artistakaz kalejira baten parte izango da.

Kolorez Kolore objektuen antzezlana eta musikala Juan Kruz Igerabide egile gipuzkoarraren ume-poesia sarituan eta Kvêta Pakovská artista txekiarraren proposamen plastikoan oinarrituta dago. Azken hau, izan be, koloreak eta testurak buztartuz uniberso original bat sortzeko kapaz dan ilustrazino barritzailea da.

Kolorez Kolore obran, poema, txotxongilo, lehoi abesti eta hipopotamo handi bategaz piezearen amaieran bisitau daitekeen etxetxo bat eregiten da. Elena Bezanilla antzezlanaren zuzendariak azaldu dauenez, hainbat arrazoirengatik sortu zan lan hau egiteko idea: uste dogu kolorea bizitzako gogo bizia lakoa dala, eta buru gardenak eta gogoetatsuenak dirala kolorea gehien maite dabenak. Gainera, elementu musikal eta plastiko asko dituala defendidu dau, eta Pantzarten gainerako obrek bezela, hizkuntza artistiko guztiek antzeko inportantzia dabela: musikeak, txotxongiloek, koloreek, poesiak eta aktoreen irudimenezko jardunak.

Bezanillak azaltzen dauen moduan, hainbat lengoaia dagoz obran. Alde batetik, lengoaia eszenografikoa, agertokia beteten daben panel handiakaz, hainbat girotan mobiduten eta eraldatzen diranak. Lengoaia bisualak be garrantzitsuak dira, izan be, kolore zuritik abiatuta, gainerako koloreak azaleratzen doaz, tonalidade eta testuren sinfonia bihurtu arte, eta horreetako batzuk bizitza propioa daben panpina eta maskara bihurtuko dira.

Juan Kruz Igerabideren poesiak bere alaitasuna eta musikaltasunagaitik liluratzen gaitu. Bezanillaren arabera, autoreak idazten dauena, poesiaz gan, akzinoa, olgetea eta umorea da. Ez gara nekatzen Igerabide miresteaz. Musikea oso garrantzitsua da Pantzarten proposamenetan, eta sortzailea David Larrinaga da, iturri zaharretatik edatea gustuko dauen kantautorea, Mediterraneoko musikatik, Swingetik, Turkiatik edo Indiatik. Gainera, bere esanetan, Pantzart konpainiari zehatz gustetan jako material xumeakaz (papela eta kartoia, adibidez) egindako antzerki bisuala eta duintasun eta proiekzino bikaina emoten saiatzen dirala.

Papiroflexiako objetuen antzera, piezak materialen sinpletasuna erakusteaz gan, eskuzko trebetasuna eta irudi baten edertasun konzentraua be erakusten ditu. Květa Pacovská parafraseauta, ausartak izan nahi dogu, eta pieza esperientzia handia izan daitela edade txikikoentzat. Horregaotik guztiagaitik, Pantzarten proposamenak bakarrak dirala dino: inork ez ditu gaiak tratetan, ezta materialak geuk egiten dogun moduan erabilten be.

Pantzart konpainia

Esperientzia luzekoa da umeentzako antzerkian. Haren lanak beti dira freskoak, dibertigarriak eta nabarmenak maila artistikoan. Konpainiaren lengoaia eszenikoak beti dira bisualak eta musikalak, ez dau beste ezeren antzik. Interpreteen nortasun eta trebetasun originalaren eta sortzaileen bikaintasunaren emoitzea da.

2012tik, Pantzartek 10 ikuskizun sortu ditu, 500 antzerki-emonaldi baino gehiago egin ditu, eta gaitasun handia erakutsi dau oinarrizko materialtasuna dauen hizkuntza propioa jorratzeko, besteak beste, kalidade artistikoa daben ipuin-liburuena.

Ainhoa Pineda aktoresak San Petersburgon ikasi eban eta 2007, 2008 eta 2010 Max sariak jaso zituan Agerre antzerki konpainiagaz. Antzezle sortzailea da, aldakortasun handikoa eta umeakaz komuniketako gaitasun handikoa.

Santiago Ortegari jagokonez, aktore polifazetikoa, titiritero maisua eta artista plastiko handia izateaz gan, antzerkigile euskaldun onenaren Max 2008 saria irabazi eban Haur Kabareta/Cabaret Infantil lanagaitik. Aktore lanetan, La Pez taldearen El show de la patera rosa saioan, euskal ikuskizun onenaren saria jaso eban 2009ko Umore Azokan, baita 2010eko Cafe Bilbao antzerki testuen saria be, Sobre amor y más cuentos eta beste baztuk be sarituak izan dira.

Azkenik, Elena Bezanilla bera nabarmendu behar da, Pantzarteko zuzendari artistikoa. Ibilbide luzea egin dau zuzendari, produktore, pedagogo eta eszenografo lanetan nazinoko eta nazinoarteko konpainia eta proiektuetan: Bread and Puppet (AEB), Dream Community (Taiwan), Central Saint Martins (Londres, Sevilla), Sala Endanza (Sevilla), CAT (Sevilla), La Nave del Pasaje, (Sevilla), Trikipunk (Donostia), Sebastopoleko Titiriteroak (Donostia)...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu